Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Uhartea

2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Iraultzailea izan zen. Arabieraz eta arabieratik. Qatarrek 1996an sortu zuen Al-Jazeera. Petroliotik erraz eta erruz ateratako dirutzari esker laugarren boterearen bidez herrialde txiki hark munduan zuen eragina biderkatzea zen asmoa.

Ideia aparta izan zen. Mundu arabiarrak inoiz ikusiriko telebista modernoena zen, tokian tokiko gobernuen tentakuluetatik libre. Ordura arte pentsaezina zen erregimen totalitarioak kritikatzea. Kateak, azkar batean, dozenaka milioi ikusle bereganatu zituen, eta hori itzela da aintzat hartuta katean ez dagoela ez kirol emanaldirik, eta ezta entretenimenduzko programaziorik ere. Albisteak eta eztabaidak bakarrik. Etxearen leloak ere halaxe dio: Iritzia eta beste iritzia. Egun, 130 herrialdetan baino gehiagotan ikusten da, eta 80 korrespontsal postu eta 3.500 langile ditu. Munduan ere erreferentziazko telebista bihurtu zen, eta ingelesezko katea ere sortu zuten «ahotsik gabekoen ahotsa» izateko.

Aniztasunaren eta independentziaren ospea eskuratu zuen. Al-Qaeda eta talibanen komunikatuei ere lekua eman zien, hala nola kolore ezberdinetako aditu eta politikariei. Al-Jazeerak lotura bat sortu du arabiarren artean, estatuen gainetik. Pentsamendurako eta hausnarketarako foroa da, irekitasunaren sinboloa, baina kontraesanak bizi gaitu. Adierazpen askatasunik gabeko herrialde batean dago mundu arabiarrean oihartzun handiena duen komunikabidea. Al-Jazeera-k uhartea esanahi du arabieraz, eta horixe da Qatar.

Askatasunik gabeko teokrazia horretan elkartzeko askatasunik ere ez dago, eta ezin da manifestaziorik egin. Bost urterainoko kartzela-zigorra ezar dakioke informazio faltsua argitaratzen duenari. Kultura politikorik gabeko herrialde batean ahots disidente apurrak jazartzeko modua da. Bitartean, uhartea funtsezko tresna bihurtu da nazioartean narratiba propio bat hedatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.