Alberto Gines. Eskalatzailea

«Olinpiar Jokoetako finalean zorte handia izan nuen»

Tokion, eskalada estreinakoz izan zen olinpiar kirol. Ginesek lortu zuen urrezko domina gizonezkoetan. Nahiz eta parte hartzaile guztien artean gazteena zen, ez zen kikildu Adam Ondra eta Tomoa Narasakiren pareko goi mailako eskalatzaileen aurrean.

OSCAR MAYA / EFE.
Unai Ugartemendia.
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ez da erraza Alberto Gines eskalatzailearekin (Caceres, Espainia, 2002) elkartzea. Tokioko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuenetik, elkarrizketak pilatuz joan zaizkio. Tokioko balentriaren ostean, atsedenaldi luze bat hartu zuen. Buruak eta gorputzak hala eskatu zioten. Baina berriro ere entrenatzen hasita dago datorren denboraldirako. Gauza askorekin amets egiten du oraindik ere.

2021eko abuztuaren 5ean historia egin zenuen Olinpiar Jokoetan. Gizonezkoetan lehen domina irabazi zuen eskalatzailea izan zinen. Olinpiar Jokoen zurrunbilotik sei hilabete igaro diren honetan, zer moduz zaude?

Ondo, ondo. Ezin naiz kexatu. Azken hilabeteetan, elkarrizketaz elkarrizketa ibili naiz hedabideetan. Orain, komunikazio agentzia batekin nabil, eta ehun elkarrizketatik gora egin dizkidate jada. Ea pixkanaka-pixkanaka dena baretzen den.

Domina lortu eta gero, atseden luze bat hartzea erabaki zenuen, eta Espainiako Txapelketetan ez zinen egon. Aurrez pentsatuta al zeneukan?

Bai. Atsedena behar nuen. Iaz, asteburuero joan nintzen Caceresetik Iruñera entrenatzera. Horrez gain, Jokoen aurretik hiru hilabete eman genituen Austrian entrenatzen. Oso gutxitan ikusi dut nire jendea azken urtean. Horregatik, familiarekin egon nahi nuen, aitona-amonekin, lehengusuekin eta lagunekin ospatzen. Federazioari eta entrenatzaileari adierazi nien erabakia, eta ondo iruditu zitzaien. Atseden hartzeko baimena eman zidaten.

Zertarako aprobetxatu dituzu hilabete hauek?

Gehienbat, elkarrizketak egiteko [barrezka]. Hedabide askok deitu naute, eta harrera asko egin dizkidate. Oso ondo hartu naute joan naizen leku guztietan, eta hori eskertzekoa da. Asko aldatu zait bizitza, batez ere mediatikoki. Inoiz ez nuen usteko azkenaldian egiten ari naizen gauzak egingo nituenik. Babesleen aldetik ere izugarria izan da. Asko aldatu zait bizitza arlo guzti-guztietan!

Jada hilabete batzuk pasatu dira Olinpiar Jokoetan domina lortu zenuenetik. Lortutakoaz kontziente al zara?

Bai, bai. Tarte bat pasatu da, eta perspektiba ere desberdina da. Ez da egunero lortzen urrezko domina olinpiko bat, baina, denbora pasatu ahala, barneratu dut. Edozein kirolarik bezala, horrelako gauzekin amesten duzu, baina zorte handia izan nuen. Gainera, Olinpiar Joko batzuetan izan zen, lau urtean behin jokatzen den txapelketa batean. Bizitzan ez dago aukera handirik hori lortzeko. Ez nuen uste posible zenik, eta are gutxiago Tokion, oraindik hain gazte izanda. Ezin nuen imajinatu ere egin nolako oihartzuna izango zuen.

Tokiora joan aurretik, argi utzi zenuen Joko batzuetan egoteko esperientzia bizitzera zindoazela. Ez zinen agertzen inongo kinielatan urrea lortzeko.

Ezta gutxiagorik ere! Gure helburu nagusia finalera sartzea zen. Baina hori ere ezinezko ikusten genuen, goi mailako eskalatzaileen aurka lehiatu behar baikenuen. Ez genuen pentsatu ere egiten domina lortzeko aukera genuenik.

Nola bizi izan zenituen Olinpiar Jokoak barrutik?

Oso esperientzia polita eta aberasgarria izan zen. Ahalik eta gehien gozatzen saiatu nintzen. Olinpiar hirian ere asko gozatu nuen. Esango nuke esperientzia gisara gehien eman didan txapelketa izan dela.

Tokion, eskalada lehenbiziko aldiz izan zen olinpiar kirol. Parte hartzaile guztien artean zu zinen gazteena. Zer helbururekin joan zinen Tokiora?

Ondo lehiatu nahi nuen, eta argi neukan nire esku zegoen guztia egiten saiatuko nintzela. Eta, lehen aipatu dudan bezala, finalera sartzea zen helburu bakarra. Bakarrik zortzi eskalatzailerentzako lekua zegoen finalean, eta seigarren sailkatu nintzen finalerdian. Hiru diziplinetan nahiko erregular ibili nintzen. Neure burua finalean ikusi nuenean, izugarria izan zen! Helburu guztiak beteta neuzkan, eta, behin han izanda, gozatzea besterik ez zitzaidan gelditzen. Halaxe izan zen.

Hiru diziplinen baturak eman zizun urrea finalean. Bitxia izan zen, okerren moldatzen zaren modalitatean, abiaduran, lehen postua lortu zenuen.

Ez dakit abiaduran irabazteak eman zidan urrea, baina oso leku onean utzi ninduen finalean. Bagenekien ez ginela azkarrenak abiaduran, baina jarraipena izaten saiatu ginen. Estrategiak zerikusi handia izan zuen. Entrenamendu garaian ezin genion denbora asko eskaini; beraz, ahalik eta huts gutxien egitea erabaki genuen. Eta hala izan zen. Aurkariek huts egin zuten, eta nik ez. Horregatik irabazi nien.

Finaleko lehen proba irabazita, oraindik ere blokeko eta zailtasuneko diziplinak gelditzen zitzaizkizun. Domina lortzeko aukerak bazenituela ikusi zenuen?

Ez, pentsatu ere ez nuen egin! Gauzak ondo zihoazela ikusten nuen, eta nire alde jartzen ari zirela. Halere, aurretik beste bi diziplinak jokatu behar nituen, eta banekien gaizki eginez gero ez nuela izango domina lortzeko aukerarik. Burua hotz izaten saiatu, eta lehian buru-belarri pentsatzen hasi nintzen. Banekien aukerak izango nituela, baina aurkariak ere lehiatzen dira, eta askotan ez dago dena norberaren eskuetan. Puntuazio motagatik, oso zaila zen jakitea zer postutan gindoazen. Oso aldakor joan zen finala, eta amaiera arte ez nuen jakin urrea lortu nuenik.

Finalean, Adam Ondra txekiarra, Tomoa Narasaki japoniarra edo Jacob Schubbert austriarra izan zenituen aurkari, besteak beste. Ez al zinen txiki sentitu haien ondoan?

Urteak daramatzat jada eskaladan. Askotan lehiatu naiz haien aurka. Baina, hala ere, ez naiz ohitzen horretara. Oraindik ere harrituta begiratzen diet, are gehiago nire aurkariak izanda. Ondra, esaterako, inoizko eskalatzailerik handienetakoa da, eta bat-batean ondora etorri, eta ea berarekin entrenatu nahi dudan galdetzea izugarria da. Askotan, ez dut sinetsi ere egiten. Asko errespetatzen ditut denak.

Zer sentitu zenuen irabazi zenuenean?

Askatasun izugarria sentitu nuen! Esango nuke azken hilabeteetako estresa eta tentsioa askatu nituela. Ordu batzuk igaro behar izan zuten urrea irabazi nuela sinisten hasteko. Inork ez zuen uste, baina, azkenean, irabazteko gai izan nintzen. Ametsik handiena bete nuen.

Urrezko domina lortu eta berehala, azpiegitura hobeak eskatu zenituen ondo entrenatu ahal izateko. Egon al da mugimendurik horri dagokionez?

Zalantzarik gabe, nire garaipena inflexio puntu bat izan daiteke eskaladarentzat. Badakit hainbat plan daudela. Nahiz eta azpiegiturak zoragarriak izan, gu lehiatu egiten gara, eta jende gehiagorekin entrenatzea ez da aproposena. Imajinatu entrenamenduan erabat kontzentratuta egotea, baina itxaron behar izatea, egin nahi duzun bidean beste eskalatzaile bat dagoelako. Espero dut domina honek eskalatzaile guztiei laguntzea.

Gauzak hobetu ezean entrenatzera beste herrialde batera joan beharko zenuela ere esan zenuen hedabideetan. Hainbesterako al da?

2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan pentsatuz egin nituen adierazpen horiek. Hala sentitzen nuen, eta egia esan nuen, alegia, ondo prestatzeko beharrezko ditugun instalazioak ez baditugu, agian, beste herrialderen batera joan beharko nuela. Azken urteetan izan dugun baliabide falta konpondu ezean, beste aukerarik ez nuen ikusten. Badirudi orain gauzak aldatzeko bidean direla, eta zerbait egingo dutela hitzeman dutela. Orain lasaiago nago.

Printzipioz, Bartzelonan entrenatzen jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, bai. Oraingoz, hemen entrenatzen jarraituko dut.

Tokioko Olinpiar Jokoek oso gazte harrapatu zintuzten. Denek zioten hurrengo Jokoetarako prestatuko zinela bereziki. Tokioko urreak asko aldatzen al ditu etorkizunerako zure asmoak?

Ez, prestakuntza berari eutsiko diot. Egia da hurrengo Jokoetan presio handiagoa izango dudala, gehienbat jendeak niregan konfiantza askoz handiagoa izango duelako. Jende gehiagok erreparatuko dio nire lanari, eta presio hori ondo kudeatzen saiatu behar dut hurrengo urteetan. Halere, nik berdin jarraituko dut lanean, betiko helburuekin eta gogoarekin, gustatzen zaidana egiten. Hori da garrantzitsuena.

Askotan, helburuak lortzen direnean, berriro ere entrenatzera joateko motibazioa galdu egiten da. Motibatuta zaude oraindik ere?

Jokoen ondoren, txakalaldi txiki bat izan nuen motibazioarekin, baina pentsatzen dut nekearengatik izango zela. Amaitu dut atseden hartzeko tartea, eta berriro ere martxan jartzeko gogoa daukat. Berriro ere motibatuta nago ondo entrenatzen hasteko, eta gogotsu nago datorren denboraldirako.

Gezurra dirudien arren, iaz Espainiako selekzioko kideek zailtasunak izan zenituzten Munduko Kopako proba batzuetara joateko ere. Nola dago egoera aurtengorako?

Halaxe izan zen, bai. Iaz, Espainiako Mendi eta Eskaladako Federazioak murrizketak ezarri zituen. Hori dela eta, zailtasunak izan genituen Munduko Kopako azkeneko probetara joateko. Baina, printzipioz, badirudi gauzak hobeto daudela aurtengorako. Horren esperoan gaude denak.

Pertsonalki eta babesleen aldetik, zertan eragin dizu Tokioko urrezko dominak?

Oso lasai egoteko moduan nago alde horretatik. Dominak asko erraztu dizkit gauzak etorkizunerako, eta, hurrengo urteetan behintzat, orain arte izandako babeslea hor egongo da.

Ikasketekin ere jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, noski. Batxilergoko bigarren maila egitea falta zait. Iaz amaitu nahi nuen, baina, Jokoen prestakuntza zela medio, aldapa gora egin zitzaidan. Geldialdi bat egitea erabaki nuen. Aurten amaitzea espero dut.

Zer erronka eta helburudauzkazu epe laburrera?

Denboraldi honetan, Munduko Kopako probetan jarriko dut arretarik handiena. Orain arte, urtero, horiek izan dira helburu nagusia, eta ez dut hori aldatzeko inolako asmorik. Baina Parisko Olinpiar Jokoen arabera antolatuko dut dena. Han egoteko sailkapen probetara bideratuko dugu etorkizuna. Ez dakit jada han egoteko postua ziurtatuta daukadan. Ziurtatuta baldin badaukat, ez naiz kexatuko. Baina nahiago nuke beste eskalatzaile guztiek bezala sailkatu behar izatea. Hiru urte gelditzen diraaurretik, eta gauzak asko alda daitezke. Ikusiko dugu zer geratzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.