Albistea entzun

Modaren sokatik zintzilik

Azken urteetan gorakada nabarmena izan du rokodromoko eskaladak. Garai batean mendira eskalatzera joaten zirenak noiznahi presta zitezen sortu ziren, baina, gaur egun, geroz eta bereiziago daude bata bestetik. Kirol osoa da, mugimendu asko lantzeko aukera ematen baitu.
Haur bat eskalatzen, atzean laguntza daukala, Donostiako The Factory Boulderren.
Haur bat eskalatzen, atzean laguntza daukala, Donostiako The Factory Boulderren. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2023ko otsailak 7

Eskaladak hazkunde handia izan du azken urtean, eta geroz eta jende gehiagok egin ditu aurreneko urratsak kirol horretan. Kirola egiteko ez ezik, aisialdirako modu bat ere bihurtu da, lagunekin ondo pasatzeko edo sozializatzeko modu bat. Tokioko Olinpiar Jokoetan lehen aldiz praktikatu zen kirol hori, eta horrek ikusgaitasuna ema dio, eta askotariko publikoei probatzeko aukera eman. Lehen, publiko espezializatuagoentzat zirudien, baina, orain, edonork praktikatu dezakeela dirudi. COVID-19ak ere izan du zerikusia. Taldeko kirola egitea denbora luzean egon da galarazita, eta askok rokodromoetan aurkitu dute kirola egiten jarraitzeko modua.

Hortaz, azken urteetako egoeren ondorioz, kirol hau zer den jakin eta bertatik bertara ezagutu nahi izan dute askok eta askok. Lehiaketetatik urrun, aisialdirako beste modu baten gisan ikusi dute probatzera joan direnek, eta, arrokan gora lehen urratsak egitea zaila eta arriskutsua izan daitekeenez, rokodromoek sekulako goraldia izan dute. Hori nabarmen ikusi dute Donostiako The Factory Boulderren eta Iruñeko Rokopolisen. Bertako irakasleak dira, hurrenez hurren, Irati Zabala eta Xabi Senosiain, eta geroz eta ikasle gehiago dituzte. «Gutxi batzuk asko entrenatzen dira, prestaketa handia egiten dute, eta errendimenduari begira egiten dute lan. Baina geroz eta jende gehiago ikusten da rokodromora probatzera joaten dena; zinemara joan beharrean eskalatzera joaten dena», adierazi du Zabalak. Hala ere, jende gehiago joate horrek geroz eta toki gutxiago edukitzea ekarri du, eta ia ezinezkoa zaie zale denen eskaerak betetzea.

Rokodromoak, hasieran, bide luzeko eskaladan edo kirol eskaladan entrenatzeko erabiltzen ziren instalazio pribatuak ziren. Ez ziren sortu eskalatzeko modalitate berri bat praktikatzeko leku gisa, baizik eta praktikarako eta teknika hobetzeko osagarri gisa. Hala ere, beste bilakaera bat izan du azkeneko urteetan. Gela batean ia materialik gabe eskaladan entrenatzeko modua ikusi du askok, era dinamiko eta dibertigarri batean, eta maila askotako jendearen ondoan. Gainera, gorputz guztia lantzen den kirol bat da, eta kirolaria kontzentratuta egotera behartzen du.

Eskaladak aspalditik ditu jarraitzaile asko Euskal Herrian; horregatik, kirol eskaladako eskola txiki ugari daude hemen, baita mendian eskalada klasikoa praktikatzeko guneak ere. Azken urteetan,ordea, gorakada nabarmena izan da hor ere, eta hori nabarmen ikusi dute irakasleek.

Biek ala biek denbora luzea daramate eskaladaren munduan murgilduta, eta irakasle izatea gustuko lana dute. Senosiainek lagunekin izan zuen lehen kontaktua eskaladarekin, eta «modu basatian» ikasi zuela oroitu du: «Eskaladan altuera arriskutsuetan aritzen gara askotan, eta hor ezin da zoroen antzera aritu. Jendeari modu seguru batean aritzen erakusteko sartu nintzen irakasle». Zabalak azpimarratu du lehen eskalatzen zutenak «friki kuadrilla bat» zirela, eta orain «modan» dagoela.

Bi irakasleak bat datoz umeentzat onuragarria dela eskalada. Oso kirol «osoa» dela diote, eta gorputz guztia erabili behar dela: «Erronka bakoitzak mugimendu oso desberdinak egitea eskatzen du, gihar desberdinak erabiltzea, eta keinu desberdinak koordinatzea; txikitatik psikomotrizitate hori lantzea oso ona da», dio Zabalak. Senosiainek ere garrantzia ematen die haurrek landu ditzaketen malgutasunari, orekari, indarrari eta arintasunari, baina taldean egotean jarri du arreta: «Eskaladan hastean, taldeetan daude ikasleak, eta kirola eginez sozializatzea beti da onuragarria».

Adin guztietako jendearentzat dauzkate irekita ateak bi rokodromoek. «4 urterekin hasten dira batzuk, eta, urteak aurrera joan ahala, asko igartzen da mugitzeko daukaten erraztasuna», onartu du Zabalak. Denentzat dago tokia bi tokietan; hastapenak hasiberrientzat, maila ertaineko jendearentzat, haurrentzat, eta lehiaketetan parte hartu nahi dutenentzat. Zabalaren iritziz, asko nabaritzen da jende desberdina dagoela.

Bi rokodromoetan, bi eskalada motak tartekatzen dituzte. Alde batetik, kirol eskalada, sokaren laguntzaz egiten dena, eta binaka praktikatzen dena; eskalatzen ari dena eta segurtatzailea, hots, lurrean geratzen dena soka ematen, soka berreskuratzen eta erorikoa gelditzen. Donostiako The Factory Boulder, adibidez, izenak esan bezala, gehiago dago boulderrera bideratuta, «baina bi aukerak ditugu», zehaztu du Zabalak.

Hasieran ekintza «zaila» izan daitekeela onartu du Senosiainek, eta une oro bakoitzaren mailaren jakitun egon behar dela. Rokopoliseko irakasleak argi dauka nola egin behar den lan horrelakoetan. Lehendabizi, kirol eskaladan «segurtasuna eta sokak nola erabili behar diren» irakasten dute. «Segurtasuna oso garrantzitsua da, eta hori hasieratik erakutsi behar zaie ikasleei, behin segurtasuna ziurtatuta dagoenean libreago aritu daitezen». Boulderrean, berriz, teknika gehiago sartzen du, baina oinarrizkoa. «Hasieran, ikasleek ondo pasatzea nahi dut; eskalada gustatzea», adierazi du.

Antzeko helburuak ditu Donostiako The Factory Boulderreko irakasleak, eta teknikan jarri du arreta: «Hasieran, indarragatik bakarrik aurreratzea lortu daiteke, baina, aurrera joan ahala, indar hori teknikaren bitartez bideratzea da garrantzitsua».

Hala ere, ez da erraza izaten pista estalikoa eta aire zabalekoa alderatzea. Askok desberdindu egiten ditu arrokan egiten diren eskaladak eta rokodromoan egiten direnak. Lehen rokodromora joaten zirenak «arrokarako entrenatzera» joaten zirela dio Zabalak, «beti ezin baita kanpoan eskalatu». Baina «geroz eta independenteagoak» bilakatzen ari dira denboraren poderioz. Edonola ere, guztiz bateragarriak direla dio trebatzaileak. Senosiainek ere desberdindu egiten ditu: «Estalian askoz errazagoa da dena. Azpitik ikusita, bide osoa ikusi dezakezu, non zapaldu behar duzun, non ez, edo eskuak zer posturatan jarri». Naturan egiten den eskaladan, ordea, dena «abentura» da, haren iritziz: «Betiko jendeari gehiago gustatzen zaio». Rokopoliseko prestatzailearen hitzetan, «kontu handiz» ibili beharra dago estalitik naturara igarotzerakoan, barruan maila bat izan baitaiteke, eta kanpoan beste bat.

Desberdinak izanagatik ere, bietan dago norbere burua gainditzearen aldagaia. Senosiainek «adrenalina puntu bat» daukala dio, eta, Zabalaren arabera, norbere buruaren aurkako lehia da eskaladak dauzkan oinarri ederrenetakoa: «Geroz eta bide gehiago kateatzea eta erronka berriei heltzea». Zabalak dionez, astero bide berriren bat sortzen dute Factoryn: bideak ez dira finkoak, eta horrek egiten du oso ekintza «dibertigarria» izatea. «Gure kasuan, ekipatzaileak daude, eta haien lan bakarra blokeak aldatzea da. Pieza guztiak hartu eta imajinazioarekin bide berriak egitea».

Balioak erakusten

Senosiainek eta Zabalak gustura egiten dute irakasle lana, eta, Rokopolisen eta The Factory Boulderren eskalatzen erakusteaz gain, kirolaren beraren balioak erakusten ahalegintzen dira. Senosiainek dioenez, Rokodromoetan musikarekin entrenatzera ohituta daude asko, inoiz arrokan ibili gabeko jendea, eta gero mendira doazenetan bozgorailuekin joaten dira. «Erakutsi behar zaie naturan ingurunea eta ingurukoak errespetatu behar direla, eta horrelako jarrera izatea errespetu falta bat dela», aholkatu du Senosiainek.

Zabalak ere ikusi izan ditu horrelako egoerak, eta horregatik ahalegintzen dira ikasleak kontzientziatzen: «Bozgorailuak, eskalatzen aritutako tokietan zaborra lurrean botata... Gauzak ongi egin daitezke, eta, horretarako, eskaladaren balioak erakutsi behar dira».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sebastian Coe World Athleticseko presidentea, iaz. ©Erik S. Lesser / EFE

Munduko Atletismo Federazioak debekatu egin die emakume transei nazioarteko lehiaketetan parte hartzea

Julen Otaegi Leonet

Emakumezkoen lehiaketak «babesteko» erabakia dela dio Sebastian Coe federazioko presidenteak; emakume transek zein sexu garapen desberdina duten kirolariak ezingo dute lehiatu nazioartean baldintza batzuk bete ezean.

 ©YOAN VALAT / EFE

Jonas Vingegaard izango da izar nagusia Itzulian

Beñat Mujika Telleria

Tourreko azken garailea Euskal Herriko errepideetan izango da. Daniel Felipe Martinez iazkoa berritzen ahaleginduko da. Mikel Landa, Peio Bilbao eta Ion Izagirre ere ariko dira.

Darius Thompson eta Yakuba Ouattara baloia heldu nahian. ©DAVID AGUILAR / EFE

Gaur hasiko da Baskoniaren azken esprinta Euroligako kanporaketetan sartzeko

Beñat Mujika Telleria

Gaur hasiko da Baskoniaren azken esprinta Euroligako kanporaketetan sartzeko bidean. Nahiz eta sasoi hasieran helburutzat ez hartu, arabarrek eskura dute kanporaketetan aritzea, baina zenbait arlotan hobetu beharko dute horretarako.

Aurrean, Ane Elexpuru; atzean, ezker-eskuin, Jone Amezaga eta Sara Ortega. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Belaunaldi berri baten hiru ertz

Ainara Arratibel Gascon

Athleticeko harrobiko harribitxietako hiru dira Sara Ortega, Ane Elexpuru eta Jone Amezaga. Bigarren taldeko fitxa duten arren, dagoeneko utzi dute arrastoa lehen taldean. Zelaian erakutsi ohi duten naturaltasuna dute handik kanpo.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...