Nerea Amilibia. Korrikalaria

«Txapelak irabazteko grina daukat oraindik ere»

Korrikalari gutxi izango dira Euskal Herrian Nerea Amilibiak adina txapel irabazi dituztenak. Ia 30 urte baino gehiago daramatza lasterketetan lehiatzen, bai errepidean, baita mendian ere. Oraindik ere luzaroan jarraitu nahi du mendian korrika. Asteburuan hirugarren izan da Tolosaldeko Hiru Tontorrak proban.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Orio
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Tolosaldeko Hiru Tontorretakomaratoiaren (42 kilometro, +2.800 metro) aurreko egunetan da elkarrizketa Nerea Amilibia korrikalariarekin (Aia, Gipuzkoa, 1971). Halere, ez dago batere urduri. Urtea hasi zenetik, ia asteburuero korritu du lasterketaren bat. Gazte baten irrikarekin ari da oraindik ere.

Nola hasi duzu mendi lasterketen egutegia?

Ondo hasi dut, betiko martxan. Oso gustura ari naiz aurtengoan ere, eta ia asteburuero lasterketaren bat jokatzen nabil. Nire azken urteetako denboraldiak nahiko antzekoak izan dira, eta aurten ere ez dut aldaketa handirik egin. Urtarrilean jada hasi nintzen mendi lasterketekin, baina ez nuke jakingo esaten zenbat lasterketa daramatzadan aurtengoan. Inoiz ez naiz gauzak apuntatu zalea izan. Ia denak mendian jokatu ditut, baina Zarautzen [Gipuzkoa] ere korritu ditut errepideko lasterketa pare bat.

Urtea hasterako egutegia prestatzen duten horietakoa zara?

Ez, inoiz ez dut prestatu. Etortzen den bezala hartzen dut egutegia, ezer garbirik gabe. Lasterketa batzuk izaten ditut buruan, baina, ez pentsa, data gerturatu ahala ematen dut izena. Datorren urteari begira, agian, Zegama-Aizkorri egitea gustatuko litzaidake. 2010ean bigarren sailkatu nintzen Zegaman, Emanuela Brizio italiarraren atzetik. Polita izango litzateke hainbeste urteren ondoren berriro ere itzultzea.

Azken urteetan mendian ezagun egin zaren arren, zu errepidean hasi zinen korrika egiten.

Hala da, bai. 16 urterekin jada ama izan nintzen, eta haurdunaldian kilo asko hartu nituen. Zerbait egiten hasi behar nuela esaten nion neure buruari, eta korrika hasi nintzen. Gazteago nintzenean Orioko taldean ibili nintzen, baina ez genuen denborarik izaten egunero entrenatzeko. Baserrian nahiko lan izaten zen; eta aitari, gainera, ez zion batere graziarik egiten ni korrika ikustea. Beti marmarrean ibiltzen zen korrika ikusten ninduenean, eta ezkutuan ibili behar izaten nuen entrenatzen. Aitaren siestak aprobetxatzen nituen korrika ibiltzeko [barrezka].

Gauzak asko aldatu ziren gerora?

Pentsa! 2010ean-edo izango zen. Azpeitian [Gipuzkoa] jokatutako Izarraizko mendi lasterketa irabazi ondoren, helmugara iristen ari nintzela han ikusi nuen aita bere anaiarekin batera ni txalotzen. Hari begira jarri, eta negarrez ikusi nuen emozioak jota. Halaxe bota nion: «Ez negarrik egin orain! Garai haietan marmar gutxiago egin izan bazenit!».

Mendirako jauzia noiz egin zenuen?

Niri ez zitzaidan mendia batere gustatzen. Garai haietan Zarauzko mutil batzuekin entrenatzen nintzen, eta haiek askotan mendira joaten ziren korrika egitera. Halako batean, haiekin joan nintzen. Izugarri gozatu nuen, eta, gero, okerrena ni nintzen. Mendian ere asko sufritzen da, baina errepidean baino gutxiago. Eta, bestalde, mendian ikusten diren parajeak ez dira errepidean ikusten. Geroztik, mendian askoz lasterketa gehiago egin ditut errepidean baino. Urtetik urtera maila igotzen joan nintzen mendian, eta konturatzerako euskal selekziora joateko gonbita jaso nuen.

Oroitzapen politak dituzu euskal selekzioan aritutako urteez?

Bikainak. Pentsa, Malaysiara ere iritsi ginen 2010ean! Nire betiko helburua zen selekzioarekin kanpora lehiatzera joatea. Hara joan aurretik Munduko Kopako podiumean sailkatuta egon behar nuela esaten zidan Antxon Burzio zenak. Hara joaterako, Chabertonen [Frantzia] bigarren sailkatu nintzen, eta orduan sartu nintzen podiumean. Behin hura eskuratuta, esan zidaten federazioan ez zegoela dirurik denentzat, baina nik argi utzi nion Burziori: «Nahi duzuna egin, baina nik Malaysian lehiatu behar dut!». Hara joateko asko borrokatu behar izan nuen. Azkenean, Aritz Kortabarria arrasatearra, Iñigo Lasaga beratarra eta ni joan ginen. Eskerrak Kortabarria gurekin etorri zen, eta ingelesa bikain menderatzen zuen. Lasterketa zazpigarren postuan amaitu nuen.

Urte bikaina izan zen zuretzat 2010a, ezta?

Bai. Munduko Kopa lehiatzeko aukera izan nuen. Hala, Zegamako nahiz Frantziako bigarren postuekin, eta Malaysian lortutako zazpigarren postuarekin, laugarren postuan amaitu nuen emakumeen sailkapenean.

Euskal Herritik kanpo ere lasterketa batzuk jokatzen amaitu zenuen.

Bai, azkenerako lasterketa asko jokatu ditut kanpoan, Italian, Frantzian, Andorran, Portugalen... Mendi lasterketek bidaiatzeko aukera dezente eman didate, eta Espainian ere lasterketa asko jokatu ditut nire ibilbide guztian.

Urteak aurrera doaz, eta zure garaiko korrikalari askok jada lasterketak utzita dauzkate. Baina zuk hor segitzen duzu. Zein da horretarako sekretua?

Oraindik ere nahiko indartsu sentitzen naiz. Nik ez daukat ez entrenatzailerik, ez dietistarik... Behin probatu nuen entrenatzaile batekin, baina, lehen hiru entrenamenduetan, konturatu nintzen hura ez zela niretzako egina. Oso entrenamendu gogorrak ziren niretzat. Geroztik, neure kasa ibili izan naiz. Harekin jarraitu izan banu, erreta egongo nintzateke aspaldi!

Lesiorik ez izateak lagunduko zizun, ezta?

Behin bakarrik egon naiz geldirik. Tailerrean lanean nengoela 400 kilo erori zitzaizkidan belaun gainera, baina ez ninduen bete-betean harrapatu. Beste behin zaldi gainetik erori nintzen, eta trokatentiritisa izan nuen. Muskularki ez dut inoiz lesiorik izan.

Zure ibilbidean txapel mordoa irabazitakoa zara. Gogoan alduzu zehazki zenbat diren?

Nola ez, ba! Gaur-gaurkoz 137 txapela irabazi ditut lasterketetan. 2010 eta 2013 bitartean ia asteburuero irabazten nuen bat, eta askotan bi. Txapelez gain, opari mordo bat daukat etxean. Oraindik ere beste txapel bat lortzeko esperantza daukat. Lagun baten etxean hemeretzi urtez egon naiz lanean, eta urtarrilean hil zen, minbiziak jota. Haren omenez irabazi nahiko nuke hurrengo txapela.

Txapelekin obsesionatuta ibili zinen?

Obsesionatuta ez nuke esango, baina ilusio handia egiten didate. Geroz eta zailagoa egiten zait txapelak irabaztea, eta gehienetan podiumean sartzearekin konformatzen naiz. Nire helburua ehun txapela lortzea zen. Horrekin ibili nintzen obsesionatuta! Etxean txapelak kontatzen hasi zirenean, jada laurogei neramatzan irabazita, eta alabak bota zidan erronka; «Ama, eta zergatik ez zara ahalegintzen ehun irabazten?» Oso urruti ikusten nuen arren, azkenean lortu nuen.

Gogoratzen al zara noiz izan zen?

Bai, Itziarko [Gipuzkoa] mendi lasterketan izan zen. Bezperan, Beran [Nafarroa] jokatzen den gaueko lasterketan irabazi nuen 99.a, eta hurrengo egunean iritsi zen ehungarrena. Oso egun polita izan zen. Orduan lasaitu nintzen. Urte asko ziren Zarauztik Aiara jokatzen den lasterketan lehena irabazi nuenetik. Irabazitako guztietatik, agian, hura izan zen ilusio handiena egin zidana.

Txapelen bat ez irabaztearen arantzarik baduzu oraindik?

Ez. Bueno, agian, Artxanda Trail [Bilbo] lasterketan ez irabazteak utzi dit arantza bat. Lehen postuan nindoan orain dela hiru urte, baina, antolakuntza txarra tarteko, galdu egin nintzen. Amorru handia eman zidan! Iaz berriro itzuli nintzen, eta orduan ere hanka sartu zuten. Ez naiz berriro itzuliko hara.

Hainbat urtez utzita izan ostean, euskal selekziora itzuli zinen iaz. Nola duzu gogoan?

Tolosako Hiru Tontorrak lasterketan bigarren sailkatu ondoren, hautatzaileen deia jaso nuen. Lasterketako irabazle izan zen Mayi Mujikak uko egin zion selekzioari, eta Munduko Kopako proba batera joateko aukera eskaini zidan. Baina hamabost egun besterik ez zeuden bi lasterketen artean. Vall de Boin [Lleida, Herrialde Katalanak] korritu zen, eta, azkenean, baiezkoa eman nion.

Nolakoa izan zen itzulera?

Ondo joan zen. Lehen hamarretan sailkatuz gero, Gorbeia Suzienen jokatuko zen finalean lehiatzeko aukera zegoen. Lehen kilometroetan izugarri sufritu nuen. 1.500 metrotik gora korritu zen lasterketa gehiena. Une batzuetan lasterketa uztekotan egon nintzen; baina, azkenerako, gorputzari buelta eman, eta zazpigarren sailkatu nintzen. Horri esker, finala jokatu nuen.

Zer esan nahi zuen zuretzat finala jokatzeak?

Berrogei korrikalari atera ginen finalean, eta ni nintzen denetan zaharrena. Nahiko txukun ibili nintzen, eta 22. sailkatu nintzen. Oso gustura gelditu nintzen emaitzarekin. Berriro deituz gero, gustura itzuliko nintzateke selekziora.

Korrika daramatzazun 30 urteetan asko aldatu da emakumeen egoera lasterketetan. Zuk eboluzio hori guztia ikusi duzu. Nola bizi duzu egungo egoera?

Izugarri aldatu dira gauzak. Ni mendian hasi nintzenean, bakarrik hiru korrikalari ibiltzen ginen lasterketa gehienetan: Alizia Romero, Alizia Olazabal eta ni neu. Romerok izugarrizko gaitasuna zuen korrika ibiltzeko. Oso emakume indartsua zen, eta indarra soberan zeukan. Olazabali lehen lasterketetan irabazi egiten nion, baina azkenerako hura ere aurretik ibiltzen zen. Orduan podiuma ziurra izaten zen! Gaur egun, berriz, askoz ere emakume gehiago dabil lasterketetan, eta maila izugarri igo dela iruditzen zait. Lasterketa hasi aurretik, badakit gutxi gorabehera zein postutan amaituko dudan. Ilusio handia egiten dit emakume gazteak lasterketetan ikusteak.

Lasterketa ugari korritu dituzu, baina inoiz ez zara ibili ultra distantziakotan. Zergatik?

Niri ez didate batere inbidiarik ematen horrelako lasterketek. Behin bakarrik hartu dut parte horrelako lasterketa batean. 2010ean izan zen, Hiru Handietan [100 kilometro]. Oihana Azkorbebeitiarekin joan nintzen kilometro askotan, eta haren nahia zen elkarrekin amaitzea. Halere, ikusi nuen bera ni baino indartsuago zihoala, eta jarraituz gero lehertu egingo nintzela. Azkenean, berak irabazi zuen lasterketa, eta ni bigarren sailkatu nintzen. Oroitzapen politak dauzkat lasterketa hartaz, baina ez naiz berriro itzuliko [barrezka]. Izugarri sufritu nuen.

Noiz arte ikusten duzu zeure burua korrika?

Gutxienez 85 bete arte! Broma da, baina luzaroan ibiltzea gustatuko litzaidake. Oraindik sasoiko nagoela iruditzen zait, eta ahal den neurrian jarraitzea gustatuko litzaidake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.