Amaieran egin dio ihes

Gernika nor baino nor gehiago aritu da Perfumeriasekin ordu erdi baino gehiago, baina behera egin du amaieran, eta Kopatik at geratu da: 72-56

Roso Buch Gernikako jokalaria, baloiarekin, atzo. MIGUEL ANGEL POLO / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiak atzo ez zuen ezustean harrapatu Perfumerias Avenida. 72-56 galdu zuen Valentzian (Herrialde Katalanak), Espainiako Kopako finalerdietan, eta, horren ondorioz, lehiaketatik kanpo geratu zen.

Hamasei punturengatik nagusitu zitzaion Salamancako talde ahaltsua (Espainia). Alde handia da, baina oso engainagarria. Ez du inondik inora islatzen partidan gertatu zena. Perfumerias Avenida gailendu zen, baina ez emaitzak dioen nagusitasun handiarekin. Askoz parekatuagoa izan zen neurketa.

Horren erakusle da norgehiagoka amaitzeko zazpi minutu eskas falta zirela bost punturen aldea bakarrik zuela Perfumerias Avenidak: 54-49. Eta aurretik jokatutako ordu erdi pasatxoan ere nahiko estu joan zen lehia. Espainiarrak izan ziren ia beti aurretik, baina inoiz ez zuten hautsi partida; orduantxe lortu berri zuten alderik handiena, bederatzi punturena: 52-43. Defentsan zorrotz arituta lortu zuten gernikarrek koska batzuk gorago dagoen aurkariak ihes egin ez zezan. Nekaezin aritu ziren Mario Lopezek entrenatutakoak.

Baina ahalegin handia eskatzen du baliabidez horren aberatsa den Perfumerias Avenidari aurre egiteak, eta Gernikak garesti ordaindu zuen esfortzua azkeneko txanpan. Aurkariak ez zuen aukera pasatzen utzi, eta ordu arte egin izan ezin zuena egin zuen: neurketa hautsi. Hiruko marratik egin zuen hori, lau sartu baitzituen ia jarraian.

Galdu arren, burua tente izateko lana egin dute bizkaitarrek Espainiako Kopan. Ostegunean, Cadi La Seuri irabazi zioten, eta, atzo, nor baino nor gehiago aritu ziren Perfumerias Avenidarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.