Sanferminak Iruñean

Kolpe asko, baina adarkaturik ez

Azkar eta banatuta egin dute ibilbidea Cebada Gagoko zezenek. Ez dute inor adarkatu, eta korrikalariek lasterketa politak egiteko aukera izan dute. Jende gutxiago egon da

Kolpe asko, baina adarkaturik ez.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Iruñeko kaleetan izua sortu ohi dute Cebada Gagoko zezenek (Cadiz, Espainia), eta atzo ere entzierro beldurgarria egin zuten. Oso azkar egin zuten ibilbidea, banatuta, eta eroriko asko eragin zituzten; baina adarkaturik ez. Korrikalariek lasterketa politak egiteko aukera izan zuten. Lau lasterkari eraman zituzten Nafarroako Ospitale Gunera, traumatismo eta kontusioengatik.

Sanferminetako hirugarren entzierroa izan zen atzokoa, eta, aurreko egunetan ez bezala, zorua lehor zegoen. Hori dela eta, zezenek bi minutu eta 33 segundoan amaitu zuten ibilbidea. Jende gutxien egon zen entzierroa ere izan zen, eta lasterkariek zezenen aurrean korrika egin ahal izan zuten. Hala ere, animalien abiadura zela eta, horietako asko erori egin ziren.

Suziriak entzierroari hasiera eman bezain laster irten ziren zezenak ukuilutik, joaldunek gidatuta. Aurreko egunekin alderatuta, askoz jende gutxiago zegoen Santo Domingoko aldapan, eta korrikalariak ez ziren animaliengana gehiegi gerturatzen. Udaletxe plazara iristerakoan, samalda banatuta zegoen, abiaduraren eraginez: lau zezen aurrerago zihoazen, joaldunekin, eta beste bi atzerago.

Mercaderes kalean, bi zezenek irrist egin zuten, eta taldea guztiz banatuta geratu zen. Ondoren, Estafeta kalera heldu baino lehen, joaldun batek bi korrikalari jo zituen, eta horietako bat lurrean geratu zen, konorterik gabe. Estafeta kalean, animaliek eta korrikalariek irudi ederrak utzi zituzten. Zezen beltz bat bakarrik zihoan, lauhazka, eta hiru korrikalarik haren aurrean egin zuten kalearen tarte handi bat; horietako bat adar bakoitzaren aurrean, eta bestea bi adarren artean. Joaldunek beste hiru zezenekin batera igaro zuten kalea, baina ez zituzten asko estaltzen, eta lasterkariek adarretatik gertu jartzeko aukera izan zuten.

Telefonicako bihurgunera iritsi baino lehen, hainbat korrikalari lurrera erori ziren, eta pilaketa txiki bat sortu zen. Orduan, bi zezen erori, eta geldirik geratu ziren; entzierroko unerik arriskutsuena izan zen. Hala ere, korrikalari batzuek modu egokian jokatzen jakin zuten: zezenak plazarantz bideratu zituzten, eta animaliek arazorik gabe igaro zuten kailejoia. Azkenean, bi minutu eta 33 segundoren ostean, sei zezenak ukuiluetan zeuden.

Gurutze Gorriak 71 lagun artatu zituen, baina horietako lau baino ez zituzten eraman ospitalera. Gaur, berriz, Fuente Ymbro ganadutegiko zezenen txanda da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.