Noiz sortua: 2020-02-06 00:30:00

Hiru hanketan zutik

Mendazako hiru hankako artea dago Europako Urteko Zuhaitza izendapena lortzeko hautagaien artean. Adituen arabera, 1.200 urte ditu arte berezi horrek. Bi herritarrek metalezko eraztuna paratu zioten 2000an, eror ez zedin.
Mendazako Hiru Hankako Artea.
Mendazako Hiru Hankako Artea. NAFARROAKO GOBERNUA Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2020ko otsailak 6
Lizarrerriko Berrotza ibarrean da Mendaza, Nafarroako beste herri asko bezala, despopulazioak jotako herri txikia. Paraje ederrez inguraturik egoteaz gain, badu berezi egiten duen zerbait: hiru hankako artea. Mende bat baino gehiago darama han, herriko kontuak bertatik bertara bizi izaten. Orain, Europako 2020ko zuhaitza izendatzeko hautagaia da, beste hamabost zuhaitzekin batera. Otsailean erabakiko dute zein den aurtengo zuhaitza, webgune honetan botoa ematen dutenek: www.treeoftheyear.org.

Herritarrak harro daude Mendazako biztanlerik zaharrenaz. Elizatik gora abiatzen den xendari jarraikiz, 500 metrora, han ageri da, zutik, hiru hankako artea. La Laguna izeneko inguruan dago, Santa Coloma baselizara ailegatu aurretik. Mendazarrak askotan joaten dira hura bisitatzera, eta asko dira haren hanken azpitik pasatzen jostatu diren haurrak. Hori baitu berezi: hiru hanka erraldoiren gainean mantentzen dela zutik.

Herriko historiaren lekuko ere izan da arte hori. Baliteke Zumalakarregi eta haren gudarostea hiru hanka horien azpitik igaro izana. Benito Perez Galdos idazle espainiarrak idatzi zuenez, baso soilgune haietan kanpatu zuten karlistek Mendazako bataila baino lehen. 1834ko abenduaren 12an izan zen borroka, eta karlistek galdu egin zuten.

2007an, Espainiako Ingurumen ministerioak zuhaitz zaharren saria eman zion. Teknikari bat joan zen zuhaitza aztertzera, eta zuhaitzaren diametroaren arabera kalkulatu zuen artearen adina. Kalkulu horien arabera, 1.200 urte ditu zuhaitzak. Gigantes y ancianos de los bosques españoles liburuan argitaratu zituzten emaitzak. Nafarroako Gobernuko teknikariek ere eginak dituzte kalkuluak, eta, haien arabera, 800 urte izanen lituzke gutxienez. Susana Karkamo Zuhaitz Zaharren Lagunen Elkarteko lehendakariari «ikaragarria» iruditzen zaio zuhaitz horren adina.

1991n monumentu natural izendatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta, orduz geroztik, babesturik dago. Beraz, ehun metroko babes perimetroa du: hau da, inguru horretan ezin da lurra landu, adibidez. Nafarroan beste 46 zuhaitzek dute izendapen hori. Karkamok zuhaitzaren itxura bitxia azpimarratu du: «Leku hori pixka bat aldapatsua denez, seguruenik lurrez estalita egongo zen, eta, gero, urak lurra higatuko zuen. Zuhaitzaren barneko lurra eta harriak higatuta, poliki-poliki, horiek mugituko zituen, denboraren poderioz agerian utzi zituen arte».

Hiru hanka horien azpitik jende asko pasatu da jada. Esaten dutenez, abereak ere handik igarotzen ziren, eta hanka horiekin igurtzi egiten zituzten beren gorputzak. Karkamok esan duenez, joan den mendera arte, artzainek zulo hori aterpe gisa erabiltzen zuten, animaliak gordetzeko. «Beraz, zuloa geroz eta handiagoa egin zen. Animaliek lurra zapaltzean, lurra geroz eta trinkoago geratzen da. Horrela, sustraiek ura eta mineralak hartzeko aukera galtzen dute. Horrek errazten du zuhaitza gaixotzea».

Are, hiru hankako artea gaixo egon da, baina, hala ere, lortu du zutik mantentzea. 1993an zuhaitza erortzeko arriskuan zela eta, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak esku hartu zuen: altzairuzko bi torloju handi paratu zizkioten, azpiko aldean zuen pitzadura ixteko asmoz. Hori ez zen aski izan; beraz, zazpi urte geroago, Pedro Aletxa eta Elias Asensio mendazarrek zerbait egin behar zela ikusirik, gerrikoa paratu zioten: metalezko uztai bat. Orduz geroztik, uztaiak inguratzen du artea, eror ez dadin. Hala ere, zuhaitza egoera onean dela uste du Karkamok: «Osasuntsu dago, oso itxura ona du. Orain dela ehun urte baino hobeto, agian, orain babestua dagoelako, eta ez delako abereen aterpe gisa erabiltzen».

Zuhaitz zaharren garrantzia

Europako aurtengo zuhaitzaren hautagaitza begi onez ikusi du Karkamok, nahiz eta kezka apur bat ere piztu dion aferak. «Batetik, ideia ona da, arteari garrantzia emateko. Baina, bestetik, beldurra ere ematen dit ez ote den jende gehiegi joango eta, horrela, zuhaitzaren egoera okertuko». Bi alde horien artean, lehenbizikoa gailenduko delakoan da, hala ere. «Baikorra naiz, eta uste dut jendeak errespetatuko duela, baina kontuz ibili behar dugu hori gertatu ez dadin».

Zuhaitz zaharrei balioa aitortzen zaiela uste du Karkamok, baina kontzientziazio lan horretan jarraitu beharra dagoela, oraindik ere. «Zuhaitzek kontatzen digute zer bizi izan den toki horietan: urte askotako testigantza dira, gure iraganaren parte bat dira». Horregatik, haiek zaintzeko aldarria egin du. Kasu honetan, hiru hankako artea «altxor bat» dela uste du. «Arte hori oso garrantzitsua da duen adinarengatik». Beste kasu batzuetan, zahartze prozesua da garrantzitsua: «Garrantzitsua da, zuhaitz zaharrek aukerak eskaintzen baitituzte hainbat animalia eta landare bizi daitezen. Zenbat eta zaharrago izan, aukera gehiago eskaintzen dizkiete». Liken eta goroldio mota batzuk, adibidez, hain lotuta daude zuhaitzari, desagertzeko zorian daude.

Europako Urteko Zuhaitza

Bederatzi urte dira Europako Urteko Zuhaitza egitasmoa martxan jarri zutela. Txekiar Errepublikan egiten zuten horrelako egitasmo bat, eta, hura oinarri hartuta, Europa mailako lehiaketa bat jarri zuen martxan EPA Ingurumen Elkarteen Erakundeak. Antolatzaileen arabera, bi helburu nagusi dituzte: jendea ahalduntzea eta tokian tokiko komunitateek bertako ondare naturalaren babesarekin bat egitea. «Zuhaitz baten inguruan bilduta, etorkizunean errazago izanen da ingurumenaren aldeko konpromisoa har dezaten».

Egitasmoaren antolatzaileen arabera, zuhaitz zaharrek ondare kultural eta natural bezala duten garrantzia azpimarratu nahi dute. Bide horretan, herritarrekiko loturari ematen diote garrantzia: «Edertasuna, tamaina edo adina ez da garrantzitsuena, zuhaitzaren istorioa eta jendearekin duen lotura baizik». Hor kokatu dute Mendazako hiru hankako artea. Jendeak erabakiko du mendazarrak saria merezi duen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna