Euskaraz mintzo da Arestiren Bilbo

Gabriel Arestiren lanen aukeraketa bat eskaini, eta horiek beren testuinguruan kokatzen ditu Karmelo Landak bere azken liburuan: 'Bilbon dabil Gabriel Aresti'. Idazleak sortutako euskal sinbologia azaltzen du, eta ibilbide bat proposatzen du bilbotarraren lanetan aipatutako lekuetatik.

Ibilbidearen bukaera. Bilboko Arriaga antzokia. OSKAR MATXIN EDESA / @FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Orainaldia darabil, aspaldi hildako gizon batez ari bada ere: izan zen, baina oraindik bada, agian ezkutuan, beharbada behar besteko arretarik jaso gabe; inola ere ez desagertua. «Gabriel Aresti oso bizirik dago Bilbon», Karmelo Landa Mendibe historialariaren arabera, eta bizirik iraun du, orobat, idazlearen garaiko Bilboren zati batek ere. «Toki arrotza da oraindik euskaldun batentzat, euskaldun bezala bizitzeko ezinezko tokia. Euskaldunen autokontzientzia Bilbon: hori islatu zuen eta islatzen du Arestik».

Teorikoa zein praktikoa izan zen Arestiren ekarpena (Bilbo 1933-1975); helburu soziala izan zuen haren lanak. «Euskal nazioaren eraikuntzarako literatura egin zuen». Eta, horretarako, pertsona eta toki jakin eta errealak erabili zituen: idazlearen sorkuntza eta testuingurua banaezinak dira, horrenbestez, eta bata zein bestea bildu ditu Landak argitara eman duen azken lanean: Bilbon dabil Gabriel Aresti. «Lan oso garrantzitsuen aukeraketa bat da, ia antologia bat, baina gainera testuinguruan kokatzen dira; hori oso garrantzitsua da haren poesia interpretatzeko».

Erroa argitaletxeak publikatu du, Bilbo Arte arduratu da argitalpenaren diseinuaz, Bilboko Udalaren eta Gabriel Aresti kultura elkartearen babesa jaso du, eta idazlearen alargunaren eta alaben oniritzia. Hamasei kapitulutan banatuta dago liburua, eta Arestiren Bilbo ezagutzeko ibilbide bat proposatzen da, idazlearentzat esanguratsuak izan ziren edota bere lanetan hizpide izan zituen tokiak aipatuta. Aurrera begira, ibilaldiak antolatzeko asmoa du Landak, eta liburua atalez atal xehatzen ari da Xabier Monasterio editorearekin Bilbo Hiria irratian. «Bilbo ezagutzeko bide bat da, behintzat euskaldunon ikuspegitik».

AITAREN ETXE FISIKOA

Barroeta Aldamar kaleko 2. zenbakiaren aldamenean, plaka diskretu eta zaharkitu batek adierazten du zerk bihurtzen duen toki hori interesgune: «Hemen jaio zen Gabriel Aresti Segurola idazlea». Hor hasten da, hain justu, Landak proposatutako ibilbidea, esanahiz blaitutako eremu batean: itsasadarraren parean dago, eta gune hori portua zen Arestiren garaian. Haren etxearen aurrean dago aduana izandako eraikin dotorea.

Aresti jaio eta hiru urtera estatu kolpea eman zuen Francok. «Egoera oso-oso latza bihurtu zen; sekulako eskasia izan zuten aitak, amak eta hiru anaiek. Gosea pasatu zutela kontatzen du». Euskararen egoera ez zen gozoagoa. «Paisaia erdalduna zen, euskara desagertuta zegoen, jipoituta eta baztertuta». Arestiren etxean ez zen hitz egiten, ezta eskola nazionaletan ere, noski; alabaina, hala mintzatzen zen inguruko atezain bat, eta horrek hizkuntzaren egoeraz jabetu zedin eragin zuen. «12 urterekin konturatu zen ezkutuan eta galdua zuela bere nortasun bat: euskararena». Eta erabaki zuen euskara ikasi behar zuela, bere kabuz.

Hautu horrek harritu egiten du Landa. «Transmisiorik ez zegoen justu transmisioa gertatzen den bi eremu garrantzitsutan: familian eta eskolan». Areago, kontrako giroa zen nagusi bietan. «Zerk bultzatzen du adin horretako ume bat baztertuta eta ia desagertuta dagoen nortasun eta hizkuntza bat eskuratzera?». Galdera erantzunik gabe utzi du historialariak, eta orainaldira ekarri du bere horretan: «Zer egiten du euskaldun batek Bilbon gaur egun?».

SINBOLOEN SUNTSIKETA

Etxetik gertu zuen Arestik ikastetxea: Albia lorategian kokatutako Berastegi eskola; gaur egun, Justizia Jauregia. Plaza inguratzen dituzten hainbat elementu nabarmendu ditu Landak. Batetik, Sabin Etxea. EAJ alderdiaren sortzaileetako bat izandako Sabino Aranaren familiaren etxea zegoen leku berean. Sinbolo bilakatua zen, eta haren indarra ezabatzen ahalegindu ziren frankistak Bilbo bereganatu zutenean. Falangearen egoitza bihurtu zuten aurrena, eta suntsitzea erabaki zuten ondoren. «Haien asmoa zen etxea bota, zati guztiak itsasora eraman eta ur azpian desagerraraztea, ez zedin gelditu ezta arrastorik ere abertzaletasun berriaren sinboloa izandako hartaz». Arestik ikusi egin zuen eraikina nola erauzten zuten, eta oda bat eskaini zion Aranari, Walt Whitman poeta estatubatuarraren molde poetikoa erabilita. Idazlea hil zenean topatu zuten, haren etxean.

Inguru hartan dago Sota familiarena izandako eraikinetako bat ere. Frankistek ostu zieten: abertzaletasunaren beste sinbolo bat ezerezteko hamaikagarren ekintza, Landaren azalpenei erreparatuta. Espainiako bandera erraldoi bat kokatu zuten fatxadan, eta hor dago oraindik.

BILBO ETENGABE BERRITUA

Ibilbidea Mazarredo zumarkaletik igarotzen da hurrena. Eta dagokion azalpena: «Arestik Bilboko geografia urbanoa eta soziala marraztu zituen, aztertuz kaleen izenak nola jarri eta aldatzen diren». Bilbaoko kaleak (1967) olerkia gogoratzen du Landak: bertan, maite dituen gauzen kaleak errepasatzen ditu idazleak, hala nola Autonomia, Libertatea, Foruak; baita higuintzen dituenenak ere: Urkijo ministroa, Mazarredo almirantea eta Arrikibar ekonomialaria, besteak beste.

Hiriaren izendegian «ordezkatze prozesu historikoa» islatzen da, Landak azaldu duenez. Baina Bilbo bada izenak baino gehiago aldatu dituen hiri bat. Arestiren heriotzatik harago darama horrek: hiri industriala izateari utzi, eta estetikoa da orain Bilbo, historialariaren esanetan. Hiri artistikoaren eta kanpora begirakoaren narratiba gailendu da, dioenez.

Bide horretatik, Euskadi plaza da ibilbidearen hurrengo geralekua, Bilbo berriaren erdigunea: Arte Ederren Museoaren aurrean eta Guggenheim museotik gertu dago, eta, Aresti hil eta urte gutxira, idazleari omenaldi iraunkor bat egitea pentsatu zuten han, artean plaza eta Guggenheim eraiki gabeak zirela. Gorbeiatik eramandako haritz kimu bat landatu, eta monolito bat kokatu zuten parean, Arestiren Bizi-buruko testamentua poemarekin.

Urte gutxiren buruan desagertu zen, bat-batean, gauez. «Jakin genuen Iñaki Azkunak [orduko Bilboko alkatea] agindu zuela, isilpean. Batzuen buruetan eta diseinuetan, Bilbo berriak ez zuen lekurik Arestirentzat, eta gutxiago erdian».

EUSKAL HERRIA, ARTETIK

Bilboko udaletxe aurreko Erkoreka plaza da beste interesgune bat; zehazki, bertan kokatutako Jorge Oteizaren eskultura. Arestiren familiaren etxea handik gertu dago, itsasadarra zeharkatuta; hala, bi sortzaileen arteko eztabaida nabarmendu du Landak. «Artearen ikuspegi kontrakoak zituzten. Arestik elitista zela esan zion Oteizari, eta bere poesia eta artea, berriz, herriarentzat zirela».

Oteizaren eta Arestiren arteko talka Arantzazuren (Gipuzkoa) eta Bilboren arteko kontrastean ere islatu zen. «Arantzazu euskal paradisuaren erreferentzia zen, ia mitikoa: euskara han gordetzen da, neurri handi batean; euskal arte moderno bat egiteko saioa aurrera doa, debekuak debeku... Bilbo guztiz kontrakoa da: zulo beltza, jendez betea, zikina...».

Handik gertu dago Plaza Barria, eta han, Euskaltzaindiaren egoitza. Euskaran oinarritu zuen Arestik euskal nazioaren eraikuntza. «Literatur eta kultur sistema oso bat euskaraz eraikitzen saiatzen da, Bilbo hartatik». Mugarri gisa, Maldan behera (1960) poema liburua. «Ez zegoen euskara literariorik, eta Aresti lehenengoetarikoa izan zen euskara arautu bat sortzen. Batua ofizialki 1968an onartu bazen ere, bederatzi urte lehenago Maldan behera idatzi zuen gero euskara batua izango zen horretan».

AITAREN ETXE ALEGORIKOA

Bideak Arriaga plazara darama. Han bukatzen da ibilbidea, «Bilboren bihotzean»; hortaz, ondorioak aurkezteko tartea da: «Arestiren etxea, aitaren etxea, ez da fisikoa, alegorikoa baizik», dio Landak. «Bilbo da aitaren etxea harentzat, Euskal Herriaren erreferentzia, bere kontraesan guztiekin». Orobat da amaren sutondoa: Arestik ez zuen irudi hori erabili, baina arestizaleek —Landa tartean— alegoria eguneratu dute.

Idazleak bere obretan barreiatutako elementuek eta ibilbidean topatutakoek bezala, etxea esanahiz lepo dago. «Literaturan, poesian, guneak adierazgarri bihurtzen dira. Erreferentzia horiek balio sinboliko imantatu bat hartzen dute». Bereganatu egiten dituzte xehetasun gehiago, alegia. «Etxea aipatzean, euskaldun batek badaki ez dela etxe fisikoa bakarrik aipatzen, edo harria aipatzerakoan. Gernikako arbola ez da soilik arbola bat: zerbait gehiago da».

Arestik erabilitako elementuek balio erantsia dute. «Honen guztiaren bitartez, lortzen du berritzea Euskal Herriaren inguruko sinbologia, ja gastatuta zegoena. Jaungoikoa eta Lege Zaharra, Gernikako arbola, kaikua, jeltzalea, txapela... aurreko mendeetako sinbologia hori nekez egokitu daiteke Bilboren moduko metropoli batera». Landaren arabera, Aresti konturatu zen Euskal Herriak sinbolo berriak behar zituela, eta bere sorkuntzen bidez eskaini zizkion.

Nire poesia mailu bat da. «Zer nahi du jo eta berpiztu mailuarekin? Lokartuta dagoen herri bat. Horrekin guztiarekin, Arestik helburu bat ematen dio bere literaturari; garrantzi ideologiko, politiko eta kulturala du». Orain ere, berdin. «Sinbologia hori berrartu behar genuke bilbotarrok, batez ere euskaldunok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.