Ezabatzen ari den irudia

Negozioen, zerbitzuen edo iragarkien errotuluak, kartelak eta azulejuak herri eta auzoetako kale paisaiaren parte dira; baita haien nortasunaren eta historiaren adierazgarri ere. Ez dutenez inolako babesik, Ondare Grafikoaren Babeserako Iberiar Sarea sortu dute. Tartean dira hiru euskal herritar.

Iruñea. Michelinen azulejuzko iragarkia, Donibane auzoko lantegi baten atarian. OSCAR BRAKO.
Iker Tubia.
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

Transportes Lasarte. Hondo zurian eskuz margotutako letra urdin handiek iragartzen zuten Gipuzkoako garraio enpresa zaharrenaren egoitza non zegoen. Donostiar askok gogoan izanen dute errotulu hura, baina desagertu egin da. Orain, supermerkatu batek hartu du egoitza hori, Hego Euskal Herri osoan itxura berarekin ageri den saltoki batek. Modu horretan, berdinduz doaz mundu osoko hiriak, eta kezkaturik dira ondare grafikoaren babesleak. Garai bateko errotuluak babestu nahi dituzte.

Transportes Lasarteren errotulua arriskuan zela ikusirik, Ancora elkarteak eta Ondare Grafikoaren Babeserako Iberiar Sareak esku hartu zuten, irudi horrek «hiri paisaiari ematen dion balioa» defendatzeko. Udalak onartu zuen hala zela, eta errotulu hura San Telmo museora eramateko asmoa ere agertu zuen. Lasarte familiarekin eta negozio berriaren jabeekin solasean aritu zen Ancora, eta azaldu du errotulua bertan uzteko adostasuna erdietsi zutela. Hala ere, elkarteak salatu du iazko ekainaren 17an Donostiako Udalak kartela kendu zuela. Azalpenak eskatu arren, ez omen diete erantzun.

Donostiako Transportes Lasarte enpresaren errotulua kendu dute, eta desagertu da. OSCAR BRAKO / OGBIS

Ikusi gehiagoOndare grafikoa (argazki galeria)

Egun batetik bestera desagertzen dira urte luzez karrikei kolorea eman zieten errotulu, iragarki eta panelak. Horretaz jakitun, ondare grafikoaren zaleek argazkitan hartu ohi dituzte, desagertu baino lehen erregistraturik gelditu daitezen. Hori da Oscar Brako iruindarrak egiten duena. Ez daki nondik heldu zaion zaletasuna; seguruenik, komertzial lanak eraman zuen bisitatzen zituen denda horien errotuluei begiratzera. Ondare Grafikoaren Babeserako Iberiar Sareko kidea da.

«Ondare grafikoak ez du batere babesik; erakundeek ez dute interesik. Are, askotan traba gisa ikusten dute, edo itsuskeria gisa», salatu du Brakok. Inolako babesik gabe, egun batetik bestera desagertu daitezke, xehatu edo poliki-poliki margorik gabe gelditu. Adibidez, Iruñeko Arrosadia auzoan, Foto Mena dendaren egurrezko letrak erortzen ari dira, banaka-banaka. «Inork ez ditu kentzen, baina errotulu hauek askotan material xumeekin eginak dira». Tafallan (Nafarroa), uholdeetako urek Nitrato de Chile iragartzen zuen zeramika panela eraman zuten; horietako bakarra geratzen da Euskal Herrian, Brakoren ustez: Armiñonen (Araba).

Baliteke Bilboko San Mames garajearen errotulua desagertzea, eraikinean hotela eta etxebizitzak egiten baitituzte. DIEGO SANZ / OGBIS

Iruñean ere, duela urtebete, manifestazio baten ondoren, istiluak izan ziren Alde Zaharrean. San Frantzisko plazan itxitako zapata denda batek oraindik gordetzen zuen ehun urtez negozioaren berri ematen zuen errotulua. Kristalezkoa zen, barnetik eskuz margotua. Manifestariek errepidea moztu zuten edukiontzi batzuei su emanez. Brakok kontatu du gertatutakoa: «Poliziak edukiontziak mugitu zituenean, zartatu egin zen duela ehun urteko erlikia bat. Ondoko dendaren eguzki oihala ere erre zen».

Ondare hauskorra

Han eta hemen, asko dira galtzeko arriskuan diren errotuluak. Kezka hori agertu du Diego Sanz Karramarro diseinatzaileak. Argazki zalea ere bada, eta Bilboko ondare grafikoa sare sozialetan zabaltzen du. Sareko kide egin da duela gutxi. «Ondarearen arazo nagusia zera da, ez diogula baliorik aitortzen galtzen den arte», ohartarazi du. «Une zaila da, pandemia makilakada handia izan baita komertzio txikiarentzat».

Ohartarazi du Bilbon zenbait errotulu arriskuan direla. Bi adibide eman ditu: Buenos Aires karrikako New York kafetegiarena da bat. «Betiko errotulu klasikoa da hori, eta orain lanetan ari dira; beraz, bukatu dezake Wallapopen, edukiontzian edo norbaiten etxea apaintzen». Bigarrena Urkixo zumarkalean da: San Mames garajea. «Eraikin osoa zaharberrituko dute hotel bat eta etxebizitzak egiteko. Ez dakigu errotuluarekin zer gertatuko den».

Fuertesen denda deitzen zioten askok 70 urtez irekita egon zen Bazar La Magdalenari, Plentzian (Bizkaia). DAVID CRESTELO / OGBIS

Erakundeek askotan ez diote baliorik ematen ondare grafikoari, baina izaten da, tarteka, bestela begiratzen dionik. Plentzian (Bizkaia) hala egin zuten aurreko legealdian. David Crestelo izan zen alkatea; orain, oposizioan, zinegotzi jarraitzen du. Ondare grafikoaren aldeko sareko kidea ere bada. «Alkatetzan egonda, itxitako komertzioen errotuluak biltzen hasi ginen. Jabeekin harremanetan jartzen ginen errotuluak salbatzeko». Sei gorde zituzten, konponduta eta berriztuta.

Errotuluen erreskatea

Erakusketa iraunkorra jarri nahi zuten: «Herriaren identitatea azpimarratu beharko genuke. Udalak gordetako errotuluak sinbolikoak dira, plentziarrok gogoratzen ditugun komertzioenak; hunkigarriak dira». Crestelok ez du ondare grafikoaren aldeko lana eten alkatetza utzita: «Beste sei errotulu gordeta dauzkagu, eta ikerketa historiko bat egiten ari gara antzinako komertzioen inguruan». Plentziako familiek ere gordetzen dituzte errotulu batzuk. Crestelok badaki aipatutako guziak kontuan izanda herrian 16 errotulu gordeta daudela.

Euskal Herrian sareturik direnak gutxi dira, eta baliabideak ere gutxi dituzte. Beraz, zaila izaten dute arriskuan diren errotuluak erreskatatzea. Brakok kontatu du batzuk eskuratu dituela, eta lagun baten herrian gorde; Zucitola gozotegiarena, esaterako.

Tuterako (Nafarroa) Santa Ana karrikako komertzio baten errotulua. OSCAR BRAKO / OGBIS

Hala ere, ez dituzte inon gorde nahi: «Batzuetan errotuluak erreskatatzen dira edukiontzietan edo ebatsita bukatu aurretik, baina errotuluen tokia jarri zuten tokia da. Hor iraun behar dute, nahiz eta denda itxita egon. Ez dugu bilduma bat egin nahi; bertan nahi ditugu», zehaztu du Brakok. Negoziorako ere baliagarriak izan daitezke. Kukusoen merkatuetan eta salerosketarako aplikazioetan aurki daitezke errotuluak. «Zeramika panelen truke dirua eskaintzen diete askori; batzuetan, diru asko. Apaingarri gisa erakargarriak dira».

Ondare grafikoa babesteko sarean daudenek uste dute poliki-poliki balioa ematen zaiela horrelako kontuei, nahiz eta oraindik baduten lanik dibulgazioari dagokionez. Sareak bi urte beteko ditu otsailean, baina aurretik ere bazegoen ondare grafikoarekiko interesa. Hirurek aipatu dute Koldo Atxaga EHUko irakasleak 2007an argitaratutako Bilbao tipografico - rotulos comerciales y otras graficas urbanas liburua. Bilboko errotuluak bildu eta aztertu zituen Atxagak. «Aitzindaritzat» du Brakok, esan duenez, hori baita gaiari buruz egin zen lehenbiziko argitalpena.

Hiriaren nortasuna

Nostalgikoak ote diren galdetuta, Brakok argi erantzun du: «Ez. Hiri paisaiaren zati bat da, balioa duena; beste ondare klase bat da. Ikonoak dira». Hala ere, lehengo auzo eta herriak aldatzen eta uniforme bihurtzen ari direlakoan, kezkaturik daude. Sanzek azaldu du: «Grafiko komertzial hori hiriaren identitatearen muina da. Lehen, edozein hiritako kale nagusiak ezberdinak ziren; orain, denak Inditex etorbidea dira. Kateek dena jaten dute, eta gehienetan ez da aurreko grafikoa mantentzen». Horregatik, hiru eginkizun nagusi zerrendatu ditu: batetik, jendeari ondare grafikoaren balioari buruz jakinarazi; bigarrenik, errotuluak argazkitan bildu, artxibatu eta dokumentatu; eta, azkenik, errotuluak mantendu.

Crestelok ere ondare grafikoaren aldeko defentsa egin du. Batetik, alor etnografikoa aipatu du: «Herriaren nortasuna, familien eta pertsonen historia hor dago». Bigarrenik, diseinua: «Arte grafikoei begira, hor daude tipografia eta diseinu motak. Kasu askotan, egileak artisau ezezagunak dira». Azkenik, komertzio txikia aipatu du: «Oihu bat da kapitalismoaren kontra. Gure auzoen eta herrien izaera berdintzen ari da arlo honetan ere».

Tuterako (Nafarroa) Baionako Ramuntcho kafetegiaren atari gorria eta errotulu deigarria, Piori karrikan. OSCAR BRAKO / OGBIS

Iruñeko Baiona etorbideko lantegi baten ondoan, Michelin enpresaren iragarki koloretsuak dir-dir egiten du azulejuz osatutako mosaiko baten gainean. Orduko iragarkiak ez ziren hain efimeroak, ez ziren hain azkarrak. Irauteko egiten zituzten. Beste ikuspegi baten lekuko dira hainbeste errotulu eta panel.

Noski, memoriari eta sentimenduei lotuta ere badago ondare grafikoaren afera. Toki batzuetan, halako errotulu eta kartelen aurrean biltzen dira zenbait lagun, eta ondotik pasatzen direnei galdetzen diete auzoari buruz edo han zegoen dendari buruz. «Errotuluak hariak dira», esan du Brakok. «Errotulu baten atzean denda bat dago, eta denda baten atzean, normalki, familia bat». Diseinu, grafia, material eta kolore besta bat karrika bakoitzean. Ezabatzen ari den irudia. Eta lagun gutxi batzuk horiek guziak iruditan biltzen, dokumentatzen, bihar agian ez direlako pareta horretan izanen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.