Baionako bestak

Zuri-gorriak uztar daitezela ubelarekin

Baionako bestetan nehoiz baino babes handiagoa dagoela dirudi: eraso sexista eta sexualei aitzi egiteko bi protokolo ezarri dituzte. Herriko Etxeak, 'safe toki' peñetan; PAF elkarteak, berriz, 2019az geroztik ostatuetan ere hedatu du.

Safe toki pegatina ageri da peña honen bortan. PATXI B ELTZAIZ.
Ainize Madariaga
Baiona
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Baionako bestak «edertzeko» batu dira hainbat elkarte eta instituzio: sexu erasoei eta eraso sexistei muzin egiteko. Bai gertatutako ziztada salbaiei aitzi egiteko ere, arrangura handia sortu baitute. Bi protokolo martxan daude asteazkenean abiatu eta igandera arte iraunen duten besten denboran: bata instituzioek eta elkarte zenbaitek azken unean ezarritakoa; bertzea, berriz, PAF alternatiba feministaren aldeko elkarteak 2019. urteaz geroztik akuilatu duena ostatuekin eta elkarteekin batera.

PAF elkarteak duela hiru urtepeñei eta ostatuei banatu zizkien pegatina ubela atxiki dute geroztik, bestak finitu ondoren ere. Gainera, ez zeukatenak elkartearengana hurbildu zaizkio eske. Pegatina ubela bortan itsasi duen ostatu edo peña engaiatu da PAF elkarteak prestatu duen protokoloa barneratu eta errespetatzea. Aurten, gainera, protokoloa azaltzeko formakuntza berezia eskaini die elkarteak Baionako peña, ostatu eta elkarte frankori: balizko erasoaren kasuan nola jokatu jakiteko.

Hala, pegatina ubela dagoen guneetara doan orok badaki hor eraso sexistak ez direla onartuak, eta, zerbait gertatuz gero, biktima entzuna izanen dela. Halaxe laburtu du Nathalie Riobe PAF elkarteko kideak: «Pegatina baliagarria da biktima eta erasotzaile potentzialendako: jakinen baitute toki horretan formakuntza jaso dutela. Beraz, alde batetik, lanjerrean sentitzen dena laguntza eskatzera ausartzeko balio du, badakielako entzuna izanen dela. Ipurdia edo titiak hunkitzea, adibidez, aski normalizatua baita, berdin hitzezko erasoak. Pegatinak balio du lasaitzeko lanjerrean dena eta frenatzeko erasotzaile potentziala, eta, ostalarien engaiamendua ere erakusten du».

Halaxe bozkariatu da Riobe: «Aurten oso baikorra dena da espontaneoki guregana etorri direla protokoloaren bila peña zein ostatu berriak, edo ahantzi zitzaizkigunak. Horrela, emeki-emeki Baionako bestak ziurragoak izanen dira: jende oro arduradun senti dadin».

Berez, gogoeta eta arrangurak aspaldikoak badira ere, duela hiru urteko hausnarketek aitzina pausoa ekarri zuten: bestetan eraso bat gertatu eta geroko salaketetatik partitu zen: «Gero eta gehiago elkartzen ginen bestetako erasoaksalatzeko, baina ikusgarritasun gutirekin. Hala, ikusi genuen Hegoaldean ostatu batzuek bazutela pegatina ubel bat, gustatu zitzaigun. Salatzea ongi da, baina beranduegi. Beraz, sentsibilizazio eta heziketa bat egin beharra dago aitzinetik bestaren inguruan», oroitarazi du Riobek.

Era berean, xeheki xehatu du zertan datzan protokoloa. Hasteko, bereizi behar da balizko erasoaren «intentsitatea». Bitan sailkatu dituzte: intentsitate apalagokoa: begirada astuna, hitzezko eraso sexista... Kasurako, pegatina ubela duen ostatuan sala daiteke, zeinean ostalariak analizatuko baitu egoera, eta beharrez, berarekin mintzatu edota kanporatu jenatzailea. Intentsitate handiko erasoa, berriz, «askoz larriagoa» da: bortxaketa edo saiakera. Kasurako, protokoloak eskatzen du eragitea: biktima ziurtasunean ezarriz, eta, ahal dela, biktima den bezala mantenduz: «Edan gabe, arropaz aldatu gabe, garbitu gabe... Ahal bezainbat froga atxikitzeko», zehaztu du Riobek. Azkenik, biktimari galdetu behar zaio nahi duenez larrialdi zerbitzuak deitzea, kexa jartzea... Azkenik, erasotzailea identifikatzen entseatu behar da.

PAF elkarteak protokoloa liburuxka batean azaldu eta banatua die engaiatu diren ostatu eta peña guziei; bai euskaraz ere.

Biez bat

Baionako besta gero eta arrakastatsuagoetan, beraz, eraso sexisten kontrako protokoloak munta gero eta handiagoa du. Instituzioek ere badirudi gogor egin nahi diotela aferari. Badu hamabi urte Baionako Herriko Etxeak estatuko zerbitzuekin elkarlanean eta elkarteek eraso sexista edota sexualen prebentzio kanpaina antolatzen dutela. Horregatik, aurten ere Maina harrera gunea egonen da Baionako Unibertsitatetik hurbil, platanetako etorbidean, sokorrien ondoan. Atherbea elkartea, Planning familia 64 eta bortizkeriaren sareko elkarte feministek bat egiten dute egitasmoan. Horrez gain, PAF elkarteak duela hiru urte egin zuen bezala, herriko etxeak ere banatu berri du Safe toki den pegatina. Ez dira peñei baizik zuzenduak. Pegatina duten peñak, beraz, zailtasunetan den edonor aterpetzea engaiatu dira, bai beharrezkoak diren telefono zenbaki edo kontaktuak helaraztea ere.

Riobek ontsa bereizi ditu martxan diren bi protokoloak: «Peñek, beraz, badute gauza bikoitza: alde batetik safe toki, hor biktimek edo lanjerra egoeran direnek badakite babesa ukanen dutela. Gure pegatina ubela orokorragoa da, erraten du guneak ez duela onartzen eraso sexistarik eta sexu erasorik. Erran nahi du, beraz, aplikatuko den protokoloan ostalariek erasotzailea kanpora dezaketela, eta beharraren arabera biktima babestu. Biak elkarren osagarriak dira. Gurea ostatu eta peñei zuzendua; safe toki, berriz, peñei bakarrik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.