Albistea entzun

GASTEIZKO JAIAK

Plaza berriz betetzeko ordua

Zeledonen jaitsierarekin hasiko dira Gasteizko jaiak gaur, bi urteko etenaren ondoren. Debekatuta egongo da beirak eta latak sartzea Andre Mari Zuriaren plazara. Suhiltzaileak izango dira plazan, kamioi gainetik ura botatzeko, aurreikusten den bero sapari aurre egiten laguntzeko asmoz.
Andre Maria Zuria plaza, jendez gainezka, txupinazoan.
Andre Maria Zuria plaza, jendez gainezka, txupinazoan. E. PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maixa Utrera Puelles -

2022ko abuztuak 4 - Gasteiz

Berriz eraikiko du etxea, balkoiarekin, seguru. Pandemiaren ostean, argi geratu baitzaio bizirik irauteko ezinbestekoa dela. Bi urtez etxean geratu behar izan du Zeledonek, eta bi urtez egon da hesituta Andre Maria Zuriaren plaza abuztuaren 4an, txupinazo alternatiboak saihesteko. Azken asteotan, ordea, Gasteizko kaleetan jai usaina nabaritzen hasi da. Santiago eguna eta jaien atarian antolatutako ekitaldiak eta kontzertuak berotzeko erabili dituzte arabarrek. Batzuek, berotzeko baino gehiago. Baina amaitu dira beroketak: plaza berriz betetzeko ordua heldu da.

Itxaronaldia luzea izan da, eta are gehiago luzatuko da, gaur arratsaldeko seiak arte. Orduan jaitsiko da Zeledon San Migel elizako dorretik Andre Maria Zuriaren plazako balkoira, salto, oihu eta edari artean. Beirarik eta latarik ez da egongo, laugarren urtez, aurreko jaietako eraginkortasuna ikusita. Izan ere, 2017an hartutako neurriari esker, aurreko jaietan osasun langileak lasaiago ibili dira, eta herritarrak seguruago.

Beirak eta latak gorabehera, giroa ez da faltako plazan. Musika, dantza —mugitzeko lekua dagoen heinean, behintzat—, barreak, soilik udan ikusten diren lagunak, eta, noski, ura. Harrigarria badirudi ere, ezinbesteko bilakatu da ura, txupinazoko egun eguzkitsuei aurre egiteko. Ur garrafoiez, pistolez eta ontziez gain, suhiltzaileak joango dira plazara, beroari aurre egiten laguntzeko.

Aurten, suziria lanbide ezberdinak dituzten bost emakumek botako dute: Elena Loyo eta Ruth Brito kirolariek, Maria Jose Saez de Kortazar ostalariak, Jaione Prado merkatariak eta Arantza Navarro ikerlariak. Soilik bost ogibide ordezkatzen dituzten andreak izan arren, adierazi dute beren helburua dela Gasteizko emakume guztiak ordezkatzea. «Gizarte berri bat eraikitzen ari gara, eta, ondorioz, jai berri batzuk», nabarmendu zuen Loyok suziriari su emateko arduradunen aurkezpenean.

2022ko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoia, berriz, herenegun irakurri zuen Joseba Fiestras FesTVal jaialdiaren zuzendariak. Plaza Berrian jaiak hasteko deia egin zuen Fiestrasek, eta, jarraian, The Stompers & Nuala Irish Dancers. Tribute to The Dubliners ikuskizunaz gozatzeko aukera egon zen.

Gasteizko jaiak, tradizioz, herritarrek zapia lepoan janzten dutenean hasi ohi dira. Zeledonek sokan behera lehen mugimendua egiten duenean jartzen dute batzuek. Suziri hotsa entzutean besteek. Nola edo hala, orduan hasten dira benetako jaiak.

Hala ere, Zeledon jaitsi aurretik jaiaz gozatzeko beste modu asko egon dira. Izan ere, uztailaren 22tik, udalaren Jai Atarikoak programa martxan egon da, itxaronaldia samurtzeko asmoz. Santiago eguna, azokak, kontzertuak, antzerkiak eta bestelako ekitaldiak arduratu dira azken asteotan Gasteizen jai giroa pizteaz.

Aihotz plaza eta unibertsitate eremuko txosnak ere jaietarako beroketa gune izan dira. Beste behin, Geu elkarteak Aihotz plaza euskararen gotorleku gisa erabiliko du. Umeentzako zein helduentzako ekitaldiak antolatu dituzte, eta, aurten ere, jaietako gune estrategiko izango dira. Unibertsitate inguruko txosnak astelehenean prestatzen hasi ziren, eta, aste honetan, jaien beroketa gune nagusia izan dira.

Neskak eta blusak, prest

Gasteizko festen ikur handienetako bat neskak eta blusak dira. Berriki ospatu zuten haien eguna, giro onean. Azken urteotan izandako liskarrek Federazioko kuadrillak eta Batzordekoak elkarrengandik banatzera behartu dituzte, ordea; baina, azken batean, Gasteizko jaiak bizitzeko modu oso antzekoak dituzte.«Blusak eta neskak jaietako ezinbesteko elementua dira. Haiek arduratzen baitira jai giroa sortzeaz eta hiriari bizitza emateaz», azaldu du Irati Guerrero Blusa eta Nesken Federazioko presidente berriak.

Ainara Acosta Gasteiztarrak kuadrillako neskak ere argi du blusak eta neskak jaien funtsezko osagaia direla: «Uste dut guztiok gaudela prest jaietarako, baina blusak eta neskak inor baino gehiago». Urte batez ikusi ez dituen lagunekin elkartzeko irrikan dago, bost egunetan «bere familia» bilakatzen diren horiekin gozatzeko prest. Arratsaldeko seiak noiz iritsiko zain egoteak asko urduritzen du, badakielako Zeledon jaisten denetik bere kezka nagusia bilakatuko dela non gosalduko duen jakitea. «Hori delako Gasteizko jaien magia: gozatzea. Hainbeste gozatzea, non aurtengo jaiek hurrengo jaietarako gogoekin utz zaitzaten».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patxi Angulo. ©Gorka Rubio, Foku

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Iruñeko San Fermin Txikiko umeak, gozokien esperoan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bestak kalea berenganatuz

Itsaso Jauregi

Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.
Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagarrak badu garrantzia

Amaia Jimenez Larrea

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.
Salda da <em>ramen</em> zoparen lehengai garrantzitsuena, eta askotarikoa izan daiteke. ©CC0

Zapore eta tradizio zopa

Unai Etxenausia

Japoniako plater tradizionaletako bat da 'ramen' zopa, eta mundura zabaldu da. Txinako sukaldaritzatik heredatu, eta moldatu egin zuten, duela ehun urte inguru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Maixa Utrera Puelles

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...