Azkena, baina berrien zain

Euskal selekzioen aldeko mendi martxa antolatu dute, hogeigarrenez: uztailaren 30etik abuztuaren 6ra bitarte egingo dute, Ajangiztik Getariara. Azken aldia izango da, aldarria «apalduz» joan baita.

Azkena, baina berrien zain.
amaia igartua aristondo
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Hemeretzi urtean, Euskal Herriko bazter asko igaro ditu Euskal Selekzioen aldeko mendi martxak: lurralde denak gehiago ezagutu, euskalki andana aditu, eta askotariko jendearekin egin dute topo, Txumai Iturria antolatzailearen arabera. Xede berarekin abiatuko dira aurten, hogeigarrenez: Ajangiztik (Bizkaia) irtengo dira uztailaren 30ean, abuztuaren 6an bukatuko da martxa Getarian (Gipuzkoa), eta Araban ere egingo dituzte etapa batzuk; izena emateko epea zabalik dago jada, uztailaren 29ra arte. Azken ibilbidea izango dute, mendi martxa bertan behera uztea erabaki baitute.

2001ean egin zuten lehena, eta helburuak bera izaten jarraitzen du, Iturriaren esanetan. «Euskal selekzioek nazioartean ofizialtasunez jokatzeko eskubidea aldarrikatzea, edozein kirolarik bere herria ordezkatu ahal izan dezan». Mendi martxak «unibertsitate bat» izan zaizkiola adierazi du, eta, ezustean, harritu ere egin da hainbatetan. «Adibidez, ezagutzen ez genituen hainbat herri txikitan ikustean poztasuna, auzolana eta dena emateko prestasuna: guretzat, betegarriak izan dira halako esperientziak».

Hasierako martxak ESAITen abaroan egin zituzten, baina erakundea desagertu egin zen 2015ean, eta horrek kolokan jarri zuen ekinbidea. «Jarraitzea erabaki genuen, pentsatuta etorkizun laburrean gizarte mugimendu sendo batek ordezkatuko zuela». Parte hartzaileek erantzun dute —laurogei izan dituzte aldiro, ezarritako mugatik gertu— baina, oro har, selekzioen aldeko aldarria «apalduz joan da» urteotan, Iturriaren irudiko. ESAIT ordezkatu zezaketen talde batzuk sortu ziren, Gu Ere Bai kasurako, baina«ez dute indarrik hartu».

Etorkizuna jomugan

Egoera gorabehera, itxaropentsu dago Iturria. Erabakitzeko eskubidearekin alderatu du euskal selekzioen aldarria. «Esan dezakegu igual ezkutuago geratu dela. Baina hor jarraitzen du, aktibatu zain». Harentzat, Pirinioetako argiak izan dira hauspoa, eta Iturria ziur da selekzioek ere akuiluren bat lortuko dutela aurrerantzean. «Orain arte egindako inkesta guztiek diote ehuneko nagusi batek bat egiten dutela aldarriarekin. Sortzen bada mugimendu zirraragarri bat, bat egingo duena instituzioek eman ditzaketen baliabideekin eta kirolariekin, nik uste dut berpiztuko dela».

Aurrera begirakoak hizpide izango dituzte martxan bertan. Urtero, beste hainbat gai ere jorratu izan dituzte, hala nola presoen egoera eta memoria historikoa, eta aurten euskal selekzioen mugimenduaren inguruan hausnartuko dute. Hori horrela, ESAIT, Euskal Herria Kirola eta Gu ere Bai ekimenetako ordezkariek hartuko dute parte mendi martxan. «Iraganaz elikatu nahi dugu, baina ikusi nahi dugu ea aurrera begirako zer-nolako aukerak dauden benetako herri mugimendu bat sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.