begona del teso
IRITZIA

Zigarroa eskuan, Godard hizketan

2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Egunetik egunera gero eta harrigarriagoak dira etxe barruko gure aretoetarako zinema pusken bilaketak eskaintzen dizkigun ustekabeak.Hara non egiten duzun topo derrepentean Buffaloko Unibertsitatean kokatua den The Film Stage web orrian,apirilaren 28an New Yorkeko Lincoln Centerreko zinema programatzailea den Johgn Raupek eta konpainiak Jean-Luc Godardekin izandako hitz-aspertu oparo batekin. Topo eta topa, zeren solasaldiak lagunen arteko juntadizo bat ematen baitu. Lausanneko Ecole Cantonale d'Art-eko hainbat ordezkarik (zinemak zauritutakoak, zinemak sorgindutakoak denak) bisita egiten diote bizirik dirauen nouvelle vague-ko azken maisuari. Kontu kontari hasten da À bout de souffle, Le mépris eta Le livre d´image film ezinbestekoen autorea. Zertaz? Denaz.

Ordu eta erdiko Instagrameko zuzeneko saio honetan koronabirusa bihurtzen da hizpide (nola ez?). Badaki Jean-Lucek inork ez digula ezer bene-benetakorik esaten horren inguruan. Badaki gezurrak esateko arma primerakoak direla hitzak. Beharbada horrexegatik bere 42. filmak Àdieu au langage(Lengoaiari adio) zuen izenburu. Ausaz horrexegatik, plano finko eta luzanga batean grabaturikobideoaldi horretan, Anna Karina maitatu eta Agnes Varda mespretxatu zuen zinemagile/jale honek botatzen duen lehenbiziko desarrazoi ezin hobe arrazoitua honako hau da: alfabetoak letra gehiegi ditu. Batzuk kenduz gero, errazago litzateke dena. Bai egia, bai gezurra.

90 urte izan eta 68ko maiatzean Canneseko Zinemaldia geldiarazi nahi izan zuen suitzarrak —Saurarekin batera zintzilikatu zen belusezko oihaletatik, Truffaut konplize zela— Velazquez eta Goya aipatzen ditu berriketan, autore izatea (ala ez izatea) zertan datzan azaltzen du, jenio biziz bere burua argudiatuz. Aitortuko du geroago Lubitschez aparte oso zinemagile gutxik merezi dutela zuzendari titulua. Akordatzen da, errekonozimendu gozoaz, Àdieu au langage horretan aktore azaltzen zen Roxy txakurrarekin —izan ere, animalientzat sortua den urrezko Palm Dog saria eskaini zioten La Croisetten 2014an—, eta gutako askok ezagutzen ez genuen Paula Delsol emakume zinemagilearen alabantza egiten du kasik amoros.

Umoretsu, zirikatzaile, zorrotz, ahoan eta oroipenetan bilorik gabe azaltzen da. Buru sasoi ederrean eta gorputz itxurari dagokiola... itxuroso. Erretzaile onen moduan, eskuan eta ezpainetan duen zigarro sekulakoa itzaltzen zaion bakoitzean pizten du berriro. Erretzen dakienak badakielako Habanako tabako onak sekula ez duela bere ahogozoa galtzen. Instagrameko grabaketa horren testigu isila eta ezkutua dugu bere filmen argazki zuzendaria den Fabrice Arago. Biek ematen digute pantailaren beste aldean gaudenoi hurrengo egitasmoaren berri: momentuz Berpizkunde hitza darabilte izenburu; egokia oso, Godardek pelikula bat sortzen duenero bere burua berrasmatzen duelako, zinema bera berrasmatzen duen bezala. Zinema, singularrean. Zinemak, pluralean...

Jean-Luci adio esan eta beste plataforma batera egiten dut jauzia. Jauzi mortala eta mundiala. Paco Limonen eta Julio Cesar SanchezenSesión Salvaje-k Espainian joan den mendean eta joan den milurtekoan egiten zen zinema omentzen du gidoi, kamera eta muntaketa biziotsuen bitartez. Bizioa dute egileek eta dokumentaleko parte hartzaile guztiek orain arte destainaz ikusi izan den baina nahiko libre, libertario eta libertino agertzen zen zinema horrekiko, auzoetako aretoak lepo betetzen zituen aldrebeskeria horrekiko, Eugenio Martinek, Jess Francok, Paul Naschyk, Ozoresek eta, esaterako, euskal herritarrak ziren Javier Agirrek edota Eloy de la Iglesiak burutua zen zorioneko neurrigabekeria horrekiko.

Atrebentzia handiz jartzen dira beren alde Nacho Vigalondo, Alex de la Iglesia edota Diego San Jose Ocho apellidos vascos-en gidoigilea. Polita da zinema horren defentsa. Harritzekoa, berriz, Pilar Mirok zehaztu zuen zinemagintza legearen kontrako denen jarrera, gutako askok pentsatzen genuelako andre ozpindu hark bide berriak ireki zizkiola etorkizunik gabeko zinema espainiar hari.

Sesion Salvaje dokumental bizia da, erritmo handikoa, zinema ausardiaz gainezka egiten duena. Boteprontoan, Que vienen los socialistas filma aipatuondoren, Ivan Zuluetaren Un,dos, tres al escondite inglés eta Arrebato bera agertzen dira festa honetako parte hartzaileen hausnarketa serio demoniokoetan. Nacho Vigalondok Arrebato eta Taxi Driver jartzen ditu parez pare eta iraultzakide...

Berrogei gau eta egun baino gehiago dirauen berrogeialdi hau pikutara bidaltzen ari da orain arte zeluloidearen inguruan genituen sinesmen sendoak. Eta plazer mugarik gabea da birusak eskainitako tentazio berri hau. Dardaraz uzten gaitu zinema bilaketa eta bilketa honek. Hau guztia irakurri orduko, apunta ezazue datorren saiorako izenburu nahitaezkoa: Satantango, Bela Tarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.