Irakurzaleen amarauna

Abaraska elkarteak 'Paperjale.eus' sare soziala sortu du, irakurle euskaldunak elkartzeko. Liburuen zerrendak egin daitezke, lanok iruzkindu, puntuak eman eta beste erabiltzaileekin eztabaidatu.

amaia igartua aristondo
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Nobedadeak izan ziren aspaldi, baina orain ezagutzen ari dira liburuok; edo nobedadeak dira orain, baina gomendio bidez izan dute haien berri. Ibilbide laburra du Paperjale.eus webguneak, Abaraska elkarteak sortu duen topagune digitala euskal literatura sustatzeko eta irakurzaleak elkartzeko; baina etenik gabe ari zaie luzatzen irakurri beharrekoen zerrenda Dabid Martinez eta Marko Txopitea elkartekideei. Eta, orobat, etengabe ari da puzten erabiltzaileen kopurua: sare sozialak 200 laguneko langa gainditu du dagoeneko.



Martinezen arabera, Interneten badaude baliabideak euskal literaturaz aritzeko, blogak eta bestelako plataformak ugariak dira, eta hedabideetan ere mintzagai izaten da tarteka. «Baina ikusi genuen ez zegoela sare sozialaren formatua zeukan zerbait, naturalagoa izan daitekeena, eta bertatik bertarako elkarrizketa susta dezakeena». Hain justu, alde sozialago hori eskaintzen du Paperjale.eus-ek. «Gainontzekoek irakurtzen dutenetik ikas dezakegu. Niretzat, askoz garrantzitsuagoa da lagun baten gomendioa, ezagutzen ez dudan pertsona baten iruzkin bat baino, eta, zer esanik ez, publizitate kanpaina bat baino».

Funtsean, ahoz ahoko sistemaren baliokide digitala da webgunea, Martinezen berbei erreparatuta. Txopiteak ere hala uste du. «Ikusten baduzu jende asko ari dela bost izar jartzen liburu bati, gogo gehiago ematen dizu irakurtzeko». Edo, kontrara, balorazio kaskarrago batek uxa dezake irakurlea liburu jakin batzuetatik. Erabiltzailea fida daiteke bere gustu edo irizpide antzekoak dituen irakurle batez, edo baita idazle batez ere, gunearen beste helburuetako bat baita idazleak eta irakurleak elkartzea. Izan ere, erabiltzaileen artean badaude idazle zenbait, sortzaileek esan dutenez.

Sare sozialak aukera ematen du irakurri diren eta leitu nahi diren lanen zerrendak osatzeko, liburuen iruzkinak egiteko, pasarte hautatuak helarazteko, lanoi puntuazioa jartzeko —izar batetik bostera— eta gainerako erabiltzaileekin iritziak partekatzeko, besteak beste. Mota guztietako lanez mintzo daiteke —eleberriez, saiakerez, komikiez, poesiaz...—, hala euskaraz nola beste hizkuntza batzuetan argitaratutakoez. «Baina, euskarazko instantzia bat izanik, eskatzen dugu iruzkinak, aipuak eta halakoak euskaraz egin daitezen», nabarmendu du Txopiteak.

«Eremu segurua»

Topagune «seguru» bat da Paperjale.eus, sortzaileek aldarrikatu dutenez. Txopitea: «Sare sozial komertzialetan, sustatzen dena da jendea mokoka ibil dadin, gehiago konektatu daitezen, publizitate gehiago ikus dezaten eta dependentzia handiagoa eduki dezaten». Eredu horretatik aldentzen da Abaraskaren sare soziala, eta bat egiten du Fedibertso deritzon moldearekin. Elkar konektatuta dauden webguneen eta zerbitzuen sare deszentralizatua da Fedibertsoa, elkarteko kideek azaldu dutenez.

Mastodon, esate baterako, sare horren parte da, baita BookWyrm software libreko plataforma ere, Paperjale.eus garatzeko erabili dutena; hain justu, Amazonen Goodreads webgunearen alternatiba bezala jaio zen hura. Martinezek urte askotan erabili zuen Goodreads eta, dioenez, hango iruzkin batzuk «jasanezinak» dira. Fedibertsoak eskaintzen duen eredua, ordea, guztiz kontrakoa da, haren esanetan. «Beste erritmo batera kontsumitzeko prentsatuta dago».

Eta etika du oinarrian, Txopiteak azpimarratu duenez. «Fedibertsoan asko zaintzen dira dibertsitatea, kode etikoa eta jarrera eraikitzaileak edukitzea. Moderatzeko eta jendea babesteko prest gaude». Bai irakurleak, baita idazleak ere, Martinezek ñabartu duenez. «Segun eta zer kritika egiten den, zer hitz erabiltzen diren, eta zein den zure asmoa, giroak gaiztotzera jo dezake».

Era berean, Fedibertsoa sare deszentralizatua izanik, gisa bereko beste plataformetako kontuekin ere parte har daiteke Paperjalen, esaterako. Hau da, ez da zertan kontu bat sortu propio. Mastodonetik, adibidez, Paperjaleko erabiltzaile bat jarrai daiteke, liburu baten iruzkina egin... «Sare komertzialetan, hori desegin egin da», adierazi du Martinezek. «Fedibertsoan, helburua interkonexioa lortzea da. Oso logikoa eta oso praktikoa da, eta bide ematen du zuk nahi duzun kode etikoa edota hizkuntza ezartzeko azpi sare horietan». Galbahe bat ezar daiteke erabiltzaile euskaldunen edukiak erakusteko, kasu baterako. «Arnasguneak sortzen ditugu, euskaldunon balioak errespetatzen dituztenak».

Datuen babesean ere eragiten du software libreko plataforma bat izateak. «Helburu komertzialik ez daukagunez, ez dugu erabiltzaileen daturik salduko», azaldu du Martinezek. Areago, datuak ez dira Euskal Herritik ere irtengo, Txopiteak zehaztu duenez. «Zerbitzaria ere Euskal Herrian dago. Ostalaria Zumaian [Gipuzkoa] daukagu. Guk daukagu datuen kontrola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.