Magallaes eta Elkanoren espedizioari buruzko liburu bat atera dute, mitoaz gaindi

EHUko lau historialarik eta Elkano fundazioak argitaratu dute Magallaes eta Elkanoren espedizioari buruzko liburua, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz. Dykinson argitaletxearekin kaleratu dute

Elkanoren espedizioari buruzko liburuaren aurkezpena. GOTZON ARANBURU/ FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
EHUko lau historialarik eta Elkano fundazioak Magallaes eta Elkanoren espedizioa kontatzen duen liburu elebiduna argitaratu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz eta Dykinson argitaletxearekin: Mitoaz eta epopeiaz harago, Euskal Herria eta Magallanes-Elkano espedizioa lehen globalizazioaren testuinguruan. Bosgarren mendeurrenaren harira argitaratu dute liburua.

Mitoek kontatzen ez duten ikuspegi batetik egin dute kontakizuna. «Historia ez baita iraganeko gertaeren kontakizun errepikakor hutsa, iraganaren ezagutza kritikoan sakontzen duen zientzia baizik». Hala azaldu du Oscas Alvarezek, EHUko Historia doktoreak. «Historia ezin da aldatu, baina kontakizuna bai».

Euskal Herriko eta nazioarteko hamabi adituren ikuspuntutik kontatuta dago liburua. Genero berdintasuna, ingurumena eta sinesmen erlijioso eta politikoetatik aldentzen den zentzu kritikoa lantzen ditu liburuak, hain zuzen ere. Elkano fundazioko kide Rafa Zulaikak adierazi du helburu pedagogikoa ere baduela, «ikasgeletan historia transmititu dadin».

Emakumeak historian

Alvaro Aragonek, EHUko Erdi Aroko Historiako, Historia Modernoko eta Amerikako Historiako irakasleak, adierazi du liburua idazteko garaian espedizioaren «balentria» alderdi sozial batetik kontatu nahi izan dutela,gehienbat. «Guk Elkanoren espainolismoari edo euskaltzaletasunari buruzko eztabaidatik harago joan nahi izan genuen, pertsonaia horiek erabakietan zerk mugitzen zituen aztertzea interesatzen baitzitzaigun».

Aragonek nabarmendu duemakumeen botereaz ere hitz egiten duela liburuak; nola arduratu ziren enpresez eta arrantza tokien banaketaz, esaterako: «Gizonez ari gara, baina baita emakumeez ere, gizonik gabe gizartearen egonkortasuna eta garapena bermatzeaz arduratu baitziren».

Elebiduna da liburua, nahiz eta gazteleraz idatzita dagoen gehiengoa. Argitaletxearen webgunearen eta ohiko saltokietan eros daiteke, eta Gipuzkoako liburutegien sarean ere egongo da eskuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.