Juan Luis Zabala
HIRUDIA

'Cul-de-sac' batetik

2017ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
«Hemen eserita gauden denok antikapitalistak gara noski», irakurri du euskal idazle (ustez) progresista eta engaiatuak Joxe Azurmendik Hizkuntza, Nazioa, Estatua liburu argitaratu berrian, «eta horregatik bankuan kreditua eskatu eta etxebizitza erosten dugu, edo gurasoen ekonomiatik bizi gara, lantoki kapitalista batean jasotzen dugu soldata (edo funtzionarioak gara, eta horrela beti geu iraultzailerik amoregaitzenak), zergak txintxo-txintxo ordaintzen ditugu, autoa daukagu eta gasolina ez da etxeko iturrikoa, haurrekin zinemara edo piszinara goaz eta ordaindu egiten dugu sarrera, oporretara joateke ez gara geratzen (hegazkinean segur aski), edozein katarrok animatzen gaitu industria farmazeutikoari laguntzera, Bangladeshen jositako arropa daramagu soinean, Hirugarren Munduko produktu amerikarrak maite ditugu, ezin gara bizi aparailutxo tekniko modernoenez inguratuak ez bada (zenbat sakelako telefono eta trepetatxo dago sala honetan?)... Hau da, egunaren hogeita lau orduak kapitalismo internazionala bermatzen ematen dugu geure jardunean — eta egiten dugunaren ifrentzua esaten ematen dugu egun osoa».

Lehendik ere entzunak eta irakurriak zituen antzekoak, eta ez gutxitan. Baina bere kontraesanen berri ematen duen gogoeta horrek indar handiagoa du, euskal idazle (ustez) progresista eta engaiatuaren begietan, Azurmendiri irakurrita; «kanonikoago» bihurtu balitz bezala da, hala esaterik baldin badago.

Azurmendiren testuak Barbalot izenez sinatzen duen idazle anonimoaren Lardaska liburu autoeditatua ekarri dio gogora euskal idazle (ustez) progresista eta engaiaturi. Ezinegona sentiarazi zion pasarte bat irakurri zuen orain hurrengoan liburu horretan: «Euskaldunon euskarri kulturala zurubi ustel bat da eta ibaiak eramango du laster batean. Publikatzeko idazten da, prentsaurrekotarako publikatzen, begiraden jabe izateko eskaintzen prentsaurrekoak eta, lorturiko arreta, azkenik maitatua izateko edo txorta jotzeko baliatzen. Beste xederik ezean, gutxienekoa da zer idatzia. Euskaltzaindiak euskarazko zeinahi lantxo ekarpen kulturaltzat balioztatzen zueneko inertzia gainditzeke dela baietsi izan da, ez guztiz oker, baina ezta zuzen ere... errealistagoa litzateke idazleen gremio nartzizista txotxoketariak gurpil zoro hiperproduktiboa biziberritu duela esatea. Hankabiko sexuatu orok sartu nahi du 'euskal kultura' esaten zaion patera miserable honetan, euskal letren letrinan gure talentuak jezten segitzeko». Liburuan orrialde batzuk aurrerago, Barbalot zuzen-zuzenean berari buruz ari zelako irudipena izan zuen euskal idazle (ustez) progresista eta engaiatuak: «Ezer ezin duenak, esan eta agertu besterik ez du egiten (horregatik da edonor artista, egun)».

Etxe inguruan egin duen osteratxoan, Azurmendiri eta Barbaloti irakurritakoen moduko (auto)kritikek euskal idazle (ustez) progresista eta engaiatu gisa cul-de-sac edo poltsa-ipurdi batean dagoela sentiarazten diotela pentsatu du euskal idazle (ustez) progresista eta engaiatuak, irteerarik gabeko bidexka edo kalezulo batean harrapatuta. Eta ondo dagoela eta ona dela norberaren aitzakiak eta gezurrak ezagutu eta aitortzea, baina ez dakiela zein den hurrengo pausoa, eta nola eman daitekeen, baldin eta eman badaiteke. Bizi egin behar da, aizu!, mugatuak dira indarrak eta bitartekoak, ugariak ezinak, askotarikoak beharrak eta premiak...

Bere burua zuritzeko, euskal idazle (ustez) progresista eta engaiatuak erabaki du cul-de-sac hori beste edozein leku bezain egokia edo desegokia izan daitekeela idazteko —«bakoitzak berari dirudizkionen apologia» eta «bakoitzaren ikuspuntutxoen propaganda» egiteko, Bitoriano Gandiagaren hitzetan esanda—; idazleak, nahi ez badu ere, dagoen garaitik, lekutik eta talaiatik idazten duela, jakin gabe horrek zer ondorio izango dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.