Literatura

Eki beltzaren eklipsea

Pasioei emandako bizitza partekatu zuten Harry Crosbyk eta Mary Pehlpsek; tintaz, alkoholez eta odolez zipriztindutakoa. Dominique de Saint-Pernek ditu nobelatuak haien bizipenak.

Harry Crosby eta Mary Phelps Jacob (Caresse Crosby) bikotekideak. BERRIA.
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Harry Crosby (1898-1929) poeta eta argitaratzaile estatubatuarra 1929ko abenduaren 10ean zendu zen New Yorkeko Hotel des Artistes-eko logela batean. Josephine Rotch amoranteari tiro egin zion, eta, handik bi ordura, bere buruaz beste egin zuen, pistola ezkerreko lokian paratu ondotik. Suizidio adostuak —Poliziak elkarri lotuta aurkitu zuen bikotea— lerroburu sentsazionalistak eragin zituen, eta Harry kriminaltzat jo zuen Josephineren familiak. Heriotzaren bezperan, Josephinek olerki bat bidali zion Harryri, zeinaren azken lerroan gertaera odoltsua aurreratu zuen: «Heriotza gure ezkontza da». Egun berean, Harryk hauxe jaso zuen bere egunkarian: «Norbera ez dago maiteminduta bere maitearekin hil nahi ezean. Zoriontasun bakarra dago, maitatua izatea eta maitatzea».

Crosbyren benetako maitasuna eta obsesioa, baina, Mary Phelps Jacob (1891- 1970) izan zen; hots, Caresse Crosby —lehenengo bularretakoaren asmatzailea—, bere emazte, parranda kide eta literatur bazkidea, zeinarekin Black Sun Press argitaletxea abiatu zuen 1927an, Parisen, Frantziako hiriburuko gerrarteko giro bohemioan murgilduta zeudela, xanpain, kabiar, opio, jazz doinu eta zaldi lasterketa artean. Scott Fitzgerald idazlearen eleberri bateko pertsonaiak balira bezala, beren familia dirudunen aberastasunak xahutu zituzten festetan eta liburuak editatzen. Edizio mugatuko luxuzko liburuak ziren, eta, egun, bildumazaleek bereziki estimatzen dituztenak. Black Sun-en zigiluarekin hamaika idazleren lanak kaleratu ziren, ingelesez, eta, sarritan, maila handiko ilustrazioekin jantziak; tartean, Ernest Hemingway —Harry Iruñean izan zen idazle estatubatuarrarekin, eta Miarritzeko itsaskiak ere ezagutu zituen belaontzian—, D.H. Lawrence, James Joyce, Oscar Wilde edo Marcel Proustenak.

Elkar ezagutu zutenetik, Harryren eta Caresse Crosbyren bizitza banaezina bilakatu zen, amodio aferak gorabehera. Tintaz, alkoholez eta odolez zipriztindutako bidea eraiki zuten besoz beso, betiere beren pasioak lehenetsiz: poesia, eskultura, liburuak, edizioa, esoterismoa, bidaia exotikoak... Finean, bizitza arte bihurtu zuten, gurasoen txanponen babesarekin izanagatik ere. Bikote abenturazalearen nondik norakoak modu nobelatuan eta dinamikoan jaso zituen Dominique de Saint-Pern kazetari, saiakeragile eta eleberrigileak 2005ean plazaratutako Les Amants du soleil noir (Eguzki beltzaren maitaleak) lanean, zeina gaztelaniara ekarri duen Forcola argitaratzaileak, 2021ean, Black Sun. Cuando editar era una fiesta (Black Sun. Argitaratzea festa bat zenean) izenburupean.

Parisko bi guden arteko kultur irakinaldia eta bi amoranteen harreman iraultzaile eta zorabiagarria ezagutzeko irakurraldi grinatsua, zehatza eta dokumentatua da.

Soldadua

Harry Crosby Boston hiriko familia boteretsuenetariko batean jaio zen, Morgan etxeko bankariekin ahaidetuta. Hartara, Harryren etorkizuna oligarkiako gazte ahaltsu bati zegokiona zen: Unibertsitatea, eta handik senideak eraikitako inperioa eta ondasunak gobernatzera. Haatik, Lehen Mundu Gerrak liluratuta, eta AEBek erakutsitako neutraltasun jarrera eztabaidan jarriz, Frantziara jo zuen; hain zuzen ere, American Field Service (AFS) anbulantzien zerbitzuan erroldatu zen. Familia aberatsen semeek ematen zuten izena AFSn, lokatzez zikindutako bota eta baionetetatik urrun. Halere, Harryri gudu-zelaian eta ospitaleetan ikusitakoak betirako orbainduko zitzaizkion, bere nortasuna irauli arte. Hala, Bostonera itzultzean, bertako giro puritanoa eta hezkuntza zorrotza zartatu zituen, jokabide xelebreen bidez: bere lehengusinaren dantza saioan, bere izeba zangotrabatu zuen, eta te-festa bat ere hondatu zuen, gonbidatuen aurrean litro bat sagardo edan ostean. Jokaera bitxi horiek tarteko, Bostongo egunkari guztietan azaldu zen, eta klub prestigiotsuenek ateak itxi zizkioten. Eskolakideek jada ez zuten ezagutzen. «Aldatuta zegoen, askoz kaotikoagoa zen, oldartsua, basatia, baso-sute baten gisara». Helduen arabera, «liskarzalea» zen. Gerrak eragindako desorekari, gainera, maitasunaren sukarra gehitu zitzaion, laster Caresse (fereka) Crosby deitura hartuko zuen Bostongo gazte ezkonduaren xarmaz horditu baitzen.

Emaztea

Goi klaseko Richard R. Peabody zuen senar; bi seme-alaba ere bazituzten. Orduan, Polly Peabody izenez ezaguna, kokoteraino zegoen gizonaz, Europako gerran parte hartu ostean, Richard alkoholiko bihurtu baitzen. Ondorioz, 28 urteko Pollyk abandonatu egin zuen, ezkondu eta bi urtera, Harry gartsuaren besoetan erortzeko, zeinak sei urte gutxiago zituen. Gertaerak sekulako zalaparta eragin zuen Ingalaterra Berriko goi klaseko kideen artean: emakumea, dibortziatua, bi haurren ama, eta bera baino gazteago zen gizon desorekatuari lotu zitzaiona. Beste eskandalu bat gehitzeko zerrendara. Gizarte fin eta itogarriari ihes egiteko, literaturan aurkitu zuten babeslekua. Baudelaireren bertsoak bidaltzen zizkioten elkarri, eta, hitz horien bidetik, literatur ibilbide bat egiteko guraria sortuko zen. «Apalki bizitzea onartzen baduzu, idaztera joko dut», esan zion Harryk Pollyri. 1922ko irailaren 22an ezkondu ziren. «Bataila amaitu da, lasterketa bukatu da», Harryren hitzetan. Era berean, Caresse Crosby loratu zen, eta Parisko festa aurki piztu zen.

Eguzkia

Parisen, J. P. Morgan osabaren konpainia batean hasi zen lanean Harry, eta, bidenabar, idazle estatubatuar erbesteratuek eratutako Belaunaldi Galduan pertsonaia ospetsu bihurtu ziren, hala beren literatur zaletasun frenetikoagatik nola bere eskuzabaltasunagatik. «Saldu 10.000 dolarreko akzioak. Bizitza ero eta nabarmena izatea erabaki dugu», idatzi zion Harryk kablez aitari. Nabarmentze nahi hori arropatan ere nabaria zen; Harryk, normalean, krabelin beltz bat eramaten zuen papar-hegalean, baina inoiz ez kapela bat, behatzak eta azazkalak margotzen zituen, eta oin-zolak tatuatuak zituen: oin batean gurutze kristau bat zuen; bestean, berriz, bere marka erregistratua eta obsesioa, eguzki beltza. Henryk eguzkia gurtzen zuen, eta Egiptorako bidaia ere egin zuten, Ra jainkoari beren esker ona azaltzeko.

Black Sun Press izena hartu zuen beren poema liburuak plazaratzeko abiatu zuten argitaletxeak, baina laster hasiko ziren hainbat idazleren liburuak argitara ematen. Oso tirada esklusiboak egiten zituzten; paper onenean inprimatutako artisau lanak ziren. Caressek liburua artelantzat jotzen zuen, poeta ez ezik, eskultorea ere bazen eta. Hori dela eta, bere kezka eta ezagutzak liburuan, objektu fisikoan, islatu nahi zituen. «Marjinak oso garrantzitsuak dira. Tipografiari dagokionez, batez ere espazio, arnasketa eta zehaztasun matematiko kontua da. Eskulturan bezala, objektu bat inguratzen duen espazioak oreka ematen dio», idatzi zuen.

Liburuok arrakasta itzela lortu zuten, bai AEBetan bai Europan, eta, egun, enkantuak bere horretan dirau: adituek Frantziako Liburutegi Nazionalean edo New Yorkeko Liburutegi Publikoan kontsultatzen dituztenean, aparteko miresmena erakusten dute. Sorginkeria bibliofiloa. Dominique de Saint-Pern idazlearen arabera, «soiltasuna eta dotorezia, hau da, sofistikazioa, inoiz zahartzen ez diren erakusle».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.