Laguntzailea bai, ahalguztiduna ez

Gero eta robot gehiago ikusten dira sukaldeetan. Jakiak hasieratik bukaerara prestatzeko eta tarteko urratsak egiteko balio dute. Aurreratuenek wifia daukate: errezeten datuen baseetara konektatzen dira, eta une oro zer egin esaten diote erabiltzaileari, hasiberriari eta zailduari.

Berria.
jakes goikoetxea
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Lagundu, laguntzen dute. Sukaldean egin beharreko urrats guztiak egin, ez. Erabilgarriak izan daitezke sukaldean aritzea gustatzen ez zaienentzat, denborarik ez dutenentzat eta baita gustatzen zaienentzat ere. Batzuentzat, plater goxoak egiteko gai izan daitezkeelako, prestaketari arreta eta denbora gehiegi eskaini gabe, urrats batzuk eginda; besteentzat, robotaren laguntzarekin lehen egiten ez zituzten hainbat jaki presta ditzaketelako edota prestaketa korapilatsuenak robotaren esku utz ditzaketelako.

Robotak, berez, ez du janaria prestatzen irakasten. Ikasteko akuilu izan daiteke. Eta, kasuren batean, gerta daiteke denbora aurrezteko erosi eta azkenean sukaldean ordu gehiago pasatzea.

Sukaldeko robotek janariak prestatzeko urrats asko egiten dituzte. Ez denak. Kroketa masa bat di-da egin dezakete, bestelako zartaginik eta kazolarik zikindu gabe. Kroketak egiteko, baina, masa zatiak irinetara bota behar dira, forma eman behar zaie, gero arrautzeztatu, ogi birrinduarekin estali eta, bukatzeko, olio berotan frijitu. Beste jaki askoren prestaketa labean bukatu behar izaten da. Dena robotean bukatu nahi izanez gero —arrainen bat, esaterako—, robot guztiek dute lurrunetan egosteko ontzia.

Elikagaiak xehatu, irabiatu, oratu, hartzitu, pisatu, nahasi, eragin, erregosi, egosi... egiten dituzte. Ontzian, lurrunetan, su motelean, tenperatura altuan... prestatzen dituzte. Hutsean ontziratuta ere bai. Horretarako, jakina, janariak hutsean ontziratzeko beste gailu bat behar da. Robot batek frijitu ere egiten du. Guztiek dituzte oinarrizko funtzioak, baina robot bakoitzak ditu bere berezitasunak.

Makinarik berrienek asteko menua zehazteko eta menu horren araberako erosketa zerrenda egiteko aukera ere eskaintzen dute. Wifi konexioa ere badute.

Merezi al du sukaldeko robot bat erostea? Erantzuna hainbat faktoreren mende dago. Hasteko, robotari emango zaion erabilera: etxeko otorduak prestatzeko oinarria izango den edo ez. Horrez gain, prezioa, jakina. Merkeenek 150-200 euro inguru balio dute; garestienek, berriz, mila eurotik gora.

Jesus Sansegundok uste du, oro har, merezi duela. Berak eta bere bikotekideak Thermomix robot bat erosi zuten duela lau urte. Erosi eta Youtubeko kanal bat sortu zuten (Cookinando), makina berriarekin egiten zituzten errezetak erakusteko. Gaur egun, sukaldeko robotak probatu eta alderatu ere egiten dituzte. 60.000 jarraitzailetik gora ditu kanalak.

«Hasieran, robotak gehiago ziren sukaldeko laguntzaileak», gogoratu du. «Orain, ordea, erabilera asko zabaldu da». Gurasoen etxetik joaten diren gazte eta ez hain gazteentzat aproposak direla uste du, «etxean ikusi eta jan dituzten errezetak prestatzeko». Baita erosotasuna nahi dutenentzat ere.

Denbora aurrezteko

«Batzuek laguntzaile soil gisa nahi dute robota, sukaldean modu tradizionalean aritzeko», jarraitu du Sansegundok. «Nik dena egiten dut robotean; denbora asko aurrezten da. Errezeta batzuetan, osagai guztiak jarri, eta ordu erdian jakia prest daukazu».

Erabilera zabaltzearen poderioz, eskaintza ere asko handitu da, eta batez besteko kalitatea hobetu. Sansegundoren eskarmentuaren arabera, 200 eurotik gorako robot guztiek eskaintzen dute kalitate ona, eta oinarrizko funtzioak ondo egiten dituzte: «Asko indartzen ari da robot merkeen alorra. Jakina, zenbat eta makina garestiagoa, material hobeak, laguntza handiagoa, errezeta gidatuak...».

Silvercresten Monsieur Cuisine Connect da salbuespena. Errezeta gidatuak dauzka, 400 eurotik behera. Lidl supermerkatu kateak saltzen du, urtean egun gutxi batzuetan. Normalean, jendeak hainbat orduko ilara egiten du supermerkatuen atarian, robota erosi ahal izateko.

Igone Garai Beitiarentzat ere merezi du robot bat erosteak; Thermomix robota, kasu honetan, zeren robot alemaniarraren saltzailea baita duela hamalau urtetik. Urteko garai lanpetuenetakoa du, gero eta ohikoagoa baita Gabonetan sukaldeko robot bat oparitzea. Guztientzat balio du, haren iritziz: «Sukaldaritzaz ez dakitenek 5.000 errezetako plataforma bat daukate eskura [Cookidoo], eta dakitenek berrikuntzak egin ditzakete, errezeta propioak landu».

Sansegundo eta Garai bat datoz beste kontu batean: denbora aurrezten da. «Bexamela kazolan egiteak sekulako lana eskatzen du», aipatu du, adibide gisa, Garaik. «Thermomixean, zortzi minutuan egin daiteke. Edo, zenbait kasutan, aldi berean egin ditzakezu lehen platera, bigarrena eta azkenburukoa».

Roboten balioa, indargunea, ez da zenbat gauza gai egiteko diren bakarrik: errezetak prestatu ahal izateko eskaintzen duten laguntza eta errezeta sorta baizik. Ekoizle gehienek baitute robot bakoitzarekin egindako errezeta sorta zabala. Nola plataforma batean, hala aplikazioren batean, baita liburuetan ere.

Robot aurreratuenetan, errezetak urratsez urrats egin daitezke, okertzeko beldurrik gabe. Wifia dute, eta konexio horren bidez aukeratu daitezke errezetak, eta, egin nahi izanez gero, pantailako urratsei jarraitu. Hori baita eskaintzen dutena: edozeinek, sukaldari hasiberriak zein zailduak, emaitza bera lortuko duela urratsak ondo eginez gero. Robot bera, elikagai berak, urrats berak: emaitza bera edo bertsua. Emaitza bermatzen dute, nolabait.

Errezeta gidatuak eskaintzen dituzte, esaterako, Vorwerken Thermomix TM6k, Taurusen Mycook Touchek eta Silvercresten Monsieur Cuisine Connectek.

Sortzaileenek edota janaria modu jakin batean nahi dutenek aukera dute beren gustura moldatzeko.

Milaka errezeta

Thermomixen Cookidoo plataformak 5.000 errezeta baino gehiago ditu, eta etengabe gehitzen ari dira. Guztiak Thermomixek berak jarriak, bere sukaldari eta dastatzaile taldeek prestatu eta probatu eta gero. Thermomixen jabeek urtean 36 euro ordaindu behar dute plataforma erabili ahal izateko.

Gainerako ekoizle gehienek ere badituzte errezeten plataformak. Erabiltzaileen errezetak ere eskaintzen dituzte. Plataforma ofizialetatik kanpo, milaka dira robot batekin edo bestearekin egindako errezetak erakusten dituzten blogak eta bideoak. Robot bakoitzak du, gainera, errezeta libururen bat.

Sukaldeko roboten bat erostea pentsatuz gero, robotaren hainbat ezaugarri aztertu behar dira. Prezioaz eta errezeten plataformaz gain, garrantzitsua da ontziaren neurria. Zenbat lagunentzako otorduak prestatu behar diren, alegia. Robot batzuen ontziak bi litro eskasekoak dira; beste batzuenak, berriz, hiru edo lau litrotik gorakoak. Ontzi batzuk txikiegiak izan daitezke zenbait etxetarako. Errezeta bera behin baino gehiagotan prestatu beharko litzateke edota egunero janariren bat prestatu, eta horrela denbora gutxiago aurrezten da.

Aintzat hartu beharreko beste ezaugarri batzuk dira tresna osagarriak, programak, funtzioak, balantza duen edo ez, neurria, pisua, segurtasuna, bermea... Kenwoodek beste inork ez daukan zerbait eskaintzen du: makina sakelakotik programatu ahal izatea. Beste ekoizle batzuek baztertu egin dute aukera hori, badaezpada, segurtasunagatik.

«Saldu osteko zerbitzua», nabarmendu du Garaik. «Bezeroa zaintzea». Garairen esanetan, Thermomix erosi nahi duenari aurrena erakustaldia egiten diote etxean —nahi ez baldin badu, ez—, jasotzen duenean makina abian jartzen laguntzen diote, handik hilabetera beste bisita batean zalantzak argitzen laguntzen diote...

Thermomixen ekoizlea, Vorwerk, baina, ohiko salmenta moduak probatzen hasi da, eta dendak zabaldu ditu zenbait hiritan. Bilbon ireki du Euskal Herriko bakarra.

Jatetxeetan ere bai

Saltsak, pureak eta halakoak dira sukaldeko robotek ondoen egiten dituzte jakiak. Oso ondo xehatzen dute janaria, eta goi mailako jatetxe askotan erabiltzen dute horretarako eta gozoak egiteko. Hala berretsi du Erich Eichstetter Basque Culinary Centerren LABe laborategiko ikertzaileak. Laborategian erabiltzen dute: «Hamabost urte daramatzat sukaldaritzan, eta sukalde ia guztietan ikusi ditut. Ez zegoenetan, ezin zutelako erosi zen».

Sansegundok «motibazioa» aipatu du, robota erabiltzeko, etekina ateratzeko eta inbertsioa amortizatzeko. Motibazioa behar dela sukaldeko robotak erabiltzeko, sukaldeko laguntzailea izan daitekeena apaingarri huts ez bihurtzeko. «Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta gehiago ikasten duzu».

Laguntzailea bai, ahalguztiduna ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.