Ohi baino arinago piztu da sua

Australiako suteek 28 pertsona hil eta hamar milioi hektarea erre dituzte. Egoerak kezka eta haserrea piztu ditu herritarren artean, eta horren lekuko dira, besteak beste, Ane Martin, Ione Arbilla, Amaia Zubiaurre eta Bihotza Uberuaga euskal herritarrak ere, Melbournen eta Sidneyn bizi direnak.

Ohi baino arinago piztu da sua.
Mikel O. Iribar.
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Australian, uda garaian, ohikoak dira baso suteak, baina aurtengoan sugarrak udaberritik ari dira etenik gabe basoetan zabaltzen, eta aurrean topatzen duten guztia kiskaltzen. Egoera berezia bezain kezkagarria da benetan. Oraindik ehun sute baino gehiago itzali ezinik daude. Agintariek kalkulatu dutenez, irailetik seiehun sutetik gora izan dira, eta 10,4 milioi hektarea baino gehiago erre dira Islandiaren azaleraren pare, Euskal Herria halako bost. Australiako hego ekialdean dauden Victoria eta Hegoaldeko Gales Berria dira suteen eraginez kalte gehien izan duten estatuak. Gobernuak jakinarazi duenez, suteen ondorioz 28 lagun hil dira, tartean lau suhiltzaile.

Eguraldiak ere ez du batere lagundu suteak apur bat baretzeko. Ez du apenas euririk egiten, eta lehortea luzatzen ari da. 2019ko abendua, esaterako, inoizko hilabeterik beroena izan zen Australian: hilaren 17an, batez beste 42 gradu egin zituen Australia osoan. Suteen arrisku zuzenekoez gain, kutsadura arazo larri bilakatzen ari da, eta, horren ondorioz, aire kalitatean eragin zuzena izan du. Air Visual nazioarteko erakundeak emandako datuen arabera, Victoria estatuan dagoen Melbourne hiria, gaur-gaurkoz, munduan aire kalitate okerrena duten hirietan bosgarrena da.

Horren lekuko dira, besteak beste, Ane Martin antzuolarra eta Ione Arbilla iruindarra.Hiruzpalau hilabete daramatzate Melbournen bizitzen, eta esan dute suteak eta kea eguneroko gaiak direla hedabideetan zein kalean. «Ez nuen espero egoera latz hau biziko nuenik». Martinen aitorpena da. Suteak antzuolarra bizi den lekutik kilometro gutxira daude, eta hiria sugarrek sortutako ke-laino geruza batez egon da estalia pare bat hilabetean. «Gure etxe aurreko eraikina ezin genuen ikusi ere egin». Arbilla biologoa da, eta esan du bizitzen ari denak barruak astintzen dizkiola. «Naturaren eta biodibertsitatearen aldetik, sekulako sarraskia gertatzen ari da». Halere, suteak egon diren beste lekuekin alderatuz gero, Melbournen egoera «leuna» dutela nabarmendu du. «Sidneyko egoera, esaterako, okerragoa da». Hain zuzen ere, Hegoaldeko Gales Berria estatuko hirian bizi dira Amaia Zubiaurre zarauztarra eta Bihotza Uberuaga gernikarra.

Zubiaurrek bi urte inguru daramatza trafiko langile gisa lan egiten, eta, lan ordu gehienak kanpoan igarotzen dituenez, kearen ondorioak pairatzen ari da. «Kea arnastu dudanez, denboraldi batez buruko minez egon naiz, eta zorabioak ere izan ditut. Australiako hedabideetan entzun dudanez, eguna etxetik kanpo igarotzean jasaten dugun kaltea, 32 zigarro erretzearen adinakoa da». Uberuagaren esanetan, Sidneyko lekurik entzutetsuena, Opera House, adibidez, ke artean dago ezkutatua. «Itsasora hurbilduz zoazen heinean, askoz ere ke laino handiagoa dago. Tximinia baten aurrean egotearen parekoa da».

Etxean telebistarik ez dutenez, gehienek sare sozialen bidez hartzen dituzte suteen inguruko berriak. Martinek azaldu duenez, oro har suteek eragin dituzten kalteen eta gomendioen inguruko berriak jasotzen dituzte: kalean ahalik eta gutxien ibiltzeko eta kearen eraginetik babesteko maskarak ipintzeko. Horrez gain, agintariek suteak non dauden ikusteko sakelako telefonorako aplikazio bat eta larrialdietarako telefono zenbakiak eman dizkiete herritarrei.

Australiako Gobernuak behar baino beranduago erantzun duela eta, Australian bizi diren euskal herritarrek susmoa dute herrialdeko hedabideak zerbait ezkutatzen ari ote diren. Esate baterako, Uberuagak supermerkatu batean lan egiten duenez, egunkari «tradizionalak» ditu eskuragarri, eta, haren ustetan, denek gauza bera esaten dute, «modu baldintzatuan». Horregatik, Sidneyn bizi den gernikarrak kanpoko egunkarietara jotzen du. «Australian dauden baso suteak Amazonian gertatzen ari direnenekin alderatzen dituzte. Antzematen da hemengo hedabideak gobernuaren sokakoak direla».

Morrison, jopuntuan

Kezka, haserrea, tristura... Sentimendu guztiak pilatu dira herritarren artean. Egunotan, Extinction Rebelion eta Students forClimate mugimenduek manifestazioak antolatu dituzte Australiako hiri nagusietan, gobernuari suteen aurkako neurriak exijitzeko, eta, bide batez, Scott Morrison lehen ministroaren dimisioa eskatzeko eta «infernura» joan dadila esateko. Ingurumenaren aldeko kontzientzia duten herritarrek klima aldaketaren ukatzailetzat hartzen dute Morrison, ez duelako onartzen hondamendia klima aldaketaren eraginez sortua dela. Uberuagaren esanetan, gobernuak Australia herrialde aurreratu baten moduan saltzen duen arren, herrialdearen errealitatea bestelakoa da. «Gobernua ez da gai suaren egoera kontrolatzeko. Argi dago Morrison jende helduak eta zuriak aukeratutako lehen ministroa dela».

Bestalde, suteen kalteak izan dituzten herriak bisitatzera joan da lehen ministroa, baina, Zubiaurrek dioenez, ez du harrera onik jaso. Hainbat herritarrek eta suhiltzailek eskua ere ez diote eman, eta isekak entzun behar izan ditu behin baino gehiagotan.

Nolanahi ere, denek diote Australiako komunitateak, behinik behin, «azkar eta fin» erantzun diola suteek sortu duten hondamendiari. Sare sozialen bitartez, egitasmo ugari antolatu dira: kontzertuak, hitzaldiak... Eta ekintza horietan bildutako dirua etxea galdu dutenentzat bideratuko dute. Gainera, hainbat webgune ere sortu dituzte ekarpen ekonomikoa egiteko, baita Europan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.