Haur ametsak iraun beza

Tamainaren erlatibitatea: txikitan handi ikusten dena, helduak ez du baitezpada berdin ikusten. Alta, zuhaitzetako etxolaz amesteak mantentzen du bere tokia: sekulako arrakasta du haien alokatzeak: Lasan, Hiriberrin eta Zeanurin, berdin. Eneko Berasaluzek, berriz, ametsa iraunarazteko, eskuz eraikitzen ditu.
Zeanuriko <em>Hontza</em> izeneko etxola. Gorbea eta Urkiolako parke naturalen artean dauden zortzi etxoletariko bat.
Zeanuriko Hontza izeneko etxola. Gorbea eta Urkiolako parke naturalen artean dauden zortzi etxoletariko bat. ZUHAITZ ETXEAK Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2020ko martxoak 12

Zuhaitzetako etxolak haurren ametsen ohantze dira: bakanak lirateke bat ikusi eta sartu gabe egonen liratekeenak. Izan handi ala ttipi, nork ez du enbeiarik sekula ukan Asuranzenturix koblakariaren binetako etxolan barneratzeko? Ameskeria, ordea, ez du helduaroak baitezpada eteten, zoko batean laketzen baita, bere burua tarteka ikustera utziz.

Flora Harizpuruk zuhaitzen gaineko bi etxola alokatzen ditu Lasan (Nafarroa Beherean); hori bai, erosotasuna da barne haietako lehena: «Badute haurtzaroaren konnotazio baikorra. Egia da; haurtzaroa oroitarazten diote jendeari».

Sebastien Molenat Paris Nanterre unibertsitateko antropologoa oroitu da Gaston Bachelard idazleaz, zuhaitzaren erabilpen garaikideaz eginiko ikerketan: «Idatzi zuen zuhaitza benetako egoitza dela, ametsaren gaztelu gisako bat». Bachelard presente da Oskar Alegriaren dokumental berrian ere: Zumiriki, zeinean protagonismo osoa baitute zuhaitzek. Haien aizolbean etxola bat eraiki zuen Alegriak, eta bertan lau hilabetez egon: «Habi batean lo egitea bezala izan da enetzat. Altueran eta babestua. Gainera, haizeak goxo jotzen zuenean kulunkan amestea opari zen. Eta hortik amaren magalean izatea ez da urrun». Preseski, astelehenean, Taiga saria eman diote Siberian (Errusia).

Siberian ez, baina elurrak osoki barne hartua duen Hiriberrin (Nafarroa) bi etxola alokatzen dituzte Alicia Mendibek eta Luismi Montoiak ere: «Amestutakoarekin konektatzen du jendeak; libertatea ematen dizu, eta hor egotea eskatzen. Mundutik deskonektatzen zaitu erabat. Behin igan, eta jendeari kosta egiten zaio jaistea».

Eneko Berasaluze ameslariak badu lilurak egia bilakatzeko dohaina. Azkaineko (Lapurdi) Kabanak enpresaren bidez du hori obratzen, lamina eskuez beztitzen baititu zuhaitzak artez eta arta handiz: «Ez duzu luzaz etxolaren barnean egon beharrik, baina, barneratzen bazara, mundutik aldentzen zara; zure burbuilan sartzen zara. Magikoa da. Ezin da azaldu».

Txikitako amets horrek berak altxatu zuen Gironatik (Katalunia) abiatu zen Zuhaitz Etxeak proiektua, Zeanurin (Bizkaia), Delia Pladevall arduradunak azaldu duen gisan: «Ume baten amets moduan sortu zen. Badea inor haurtzaroan sekula amets egin ez duenik zuhaitz batean etxola bat izatearekin?».

Preseski, Molenaten Zuhaitza, aisialdirako aterpe kultural eta naturalaren harrera lekua, eskalatzaile garaikideentzat ikerketak (2011) hori eman du erakusterat: «Jack Londonek Before Adam [1907] liburuan deskribatu zuen zuhaitzetako gizakiaren oroitzapen lausoaz harago: badirudi zuhaitzetako eskalatzaile garaikideak Peter Panen sindromeak joa direla, zeren eta Marguerite Durasek, konparazione, haurtzaro galdua oroitarazten baitie Des journées entières dans les arbres obran. Denek badute segurtamen osoa zerbait autentikoa atzemanen dutela etxolaren praktikaren bidez, zeinak birlotzen baititu gaztaroko plazerekin».

'Physis vs nomos?'

Zuhaitzetako etxolen magia azaldu daiteke, beharbada, naturatik hain hurbil izatearekin. Hots, goxo eta eroso, baina naturaren altzoan.

Molenatek argitu du natura eta kulturaren arteko bidegurutzea: «Zuhaitzaren funtzioa naturala izatetik zintzilik dagoen etxola izatera transformatu dela iritzi onartua da, zeren eta haurtzaroari lotua denez legitimitate kulturalaz gozatzen baitu».

Hala, zuhaitzetan etxolak alokatzeak duen arrakasta entelega daiteke; jendartearen lan erritmoaren zirimolatik ihesi, haurtzaroko nasaitasunaren bilatze horretan: «Hona datorrena naturatik hurbil egotera heldu den jendea da, egunerokotik ateratzeko. Hemen ez baita ez telebistarik, ez wifirik. Urtxintxak ikusten dituzu adarretan, eta orain, gainera, ihizi garaian, zuhaitz zolatik ehiza zakurrak pasatzen ikusten dira. Irrigarria da», azaldu du Harizpuruk.

Ihizi solas, Berasaluzeren inspirazio askeak usategietakoaren gisako etxola bat eraikitzera eraman du: «Uso batzuk ikusi nituen, eta hau atera zait. Ez dut ezer kalkulatzen; emeki-emeki egiten da, ateratzen den bezala: ez du papereko planorik manatzen. Baina, horretarako, libre izan behar dut». Burdinazko zurubiak baizik ez zaizkio eskas bortz metro gora dagoen zurezko eraikuntza bat egiteko. Haritzari ez dio adarrik ebaki, ez dio ere enborra egitura batez inguratu, «Ez nuen zuhaitza ito nahi. Akupunturan bezala, ziri batzuk sartu dizkiot, eta, txori batek bezala, oreka landu dut, eta pisu soberakinik ez ematea zaindu. Horretarako, oholak arras finki pikatu ditut. Aurtengo berritasuna dut oholen banakako lanketa: maite ez dudan ohola sutara jaurtikitzen dut».

Luxutik urrunxeago, argi du etxolak zeren beharra duen: airea sartu behar zaio, euri pixka bat, eta eguzkia. «Goxotasuna behar du, baina aldi berean kanpoan izan behar du, naturan; txoriak entzun behar dira. Oroz gainetik, zentzua du ukan behar». Zuhaitzean egiten duen lehena da, baina Berasaluzek eskarmentu handia du lau zangoren gaineko etxolen eraikuntzan. Bertan sartu den jendeak «babesleku» gisa bizitzen zuen hastapenean, baina, orain, «burbuila» dute aipatzen: «Nire bizi-ibilbidearekin bat egiten du; izan ere, lantzen dudan zurak transmititzen baitie nik eman diedana. Sekulako esperientzia ederra izan da niretzat; bortz urtez ikasitakoaren azterketa bat izan da hau. Eta honetan segitzeko ideia dut».

Hiriberriko proiektuak ere natura eta kultura uztartzen ditu erabat. Argindarrik ez duten bi etxolak oihanez inguratuak dira; txikienak, gainera, urik ere ez du. Haiengandik ez urrun, jabeek abereak dituzte, eta nahi duenak badu parada kabalekin egoteko ere: «Batzuek zerbait desberdina bilatzen dute, eta kito. Baina gehienek etxaldeko bizimoduan murgildu nahi dute: bertakoa janez, dena ekologikoan, tailerretan parte hartuz, liburutegia kontsultatuz, baratzea landuz... Arras ongi doakigu, zinez», azaldu du Mendibek.

Naturalki eta naturatik

Zeanurira doazenek ere zerbait berria ediren nahi dute Gorbeia eta Urkiolako parke naturalen artean: «Lasaitasunaren eta esperientzia desberdin baten bila dator jendea, deskonektatzera, bai eta natura sentitzera ere», xehatu du Pladevallek. 2014an abiatu zen proiektuak, gaur egun, zortzi etxola dauzka zuhaitzetan. Lasan bezala, hemen ura eta argindarra badute. Baina biek ala biek manera ekologikoan dihardute: «Zurez eginak dira osoki; haiek garbitzeko produktu guziak ekologikoak dira; jatekoa, gainera, tokian tokikoa da. Zaborra ere ahal den guzia birziklatzen dugu», azpimarratu du Harizpuruk. Naturatik hurran, baina erosotasun handia eskaintzen diete: Lasako etxoletan, konparazione, sauna eta spa txertatuak baitaude.

Berasaluzek haurrak «beren munduan libre» egoteko xedez ditu etxola horiek eraikitzen, horregatik ez dio «jabetzaren» beharrari erantzun nahi: «Nik etxolak eginen ditut baldin eta zinez haietan jolasteko bada, kanpoan. Hala, denbora hartzen dut haietako bakoitza egiteko: prozesu luzea da, zeina haien erabiltzaileak ezagutzetik hasten baita. Denbora hartzen dut, etxolak zentzua har dezan. Garrantzitsua da jakitea etxola zertarako egiten den». Bere lan izpiritu bizi, borobil eta organikoak adarrez adar arrakasta gero eta handiagoa biltzera ekarri du: Angeluko Maharin parkea, Baionako arteen gunean, Hazparneko parke publikoa (Lapurdi)... «Hego Euskal Herriaren beharretan naiz; proposamenik balitz, salto batean joanen nintzateke. Guggenheim museoaren kanpoko parkea zahartzen ari da; egia da hor gustura lan eginen nukeela, gure aitaren lurretan».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jedea Bilboko metrotik irteten, maskara jantzita ©Luis Tejido/EFE

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian

Berria

Azken orduetan 224 kasu atzeman dituzte. Positiboetatik 123 Bizkaian detektatu dira.

Gasteizko zahar etxe bateko egoiliar bat bisita jasotzen. ©David Aguilar/EFE

Arabako eta Gipuzkoako zahar etxeetako hamar langilek positibo eman dute

Berria

Gainerako langileei eta egoiliarrei probak egin dizkiete, eta ez da kasu gehiago atzeman oraingoz.

Maskara jantzitako emakume bat Donostiako autobus geltokian, eskailera mekanikoak jaisten. ©Gorka Rubio / FOKU

Pandemiak desberdintasunak sakondu dituela dio Emakunderen txosten batek

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gizon eta emakumeen osasuna, ordaindu gabeko zaintza lanak, enplegua, indarkeria matxista, bazterkeria eta parte hartzea azken hilabeteotan nola aldatu diren aztertu du Emakundek. Egoera hobetzeko gomendioak egin dizkie erakundeei.

Angeluko hondartza. ©Guillaume Fauveau

Maskara derrigortu dute Lapurdiko zenbait herritan

Ekaitz Etxamendi

Miarritzen, Donibane Lohizunen eta Baionan (Lapurdi) beharrezkoa izanen da maskara erabiltzea. 135 euroko isuna izanen du maskararik gabe doanak. Euskal Hirigune Elkargoak jakinarazi du Angeluko eta Miarritzeko hondartzetako gaueko garraioak geldituko dituztela, COVID-19aren hedapena murrizteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna