Bertan behera San Fermin

Iruñeko Udalak ez ditu antolatuko 2020ko sanferminak, eta zaila ikusten du besten atzerapena. XIX. mendetik 23 urtetan eten dituzte sanferminak, baina inoiz ez pandemia batengatik.

Iruñeko Udaletxe plaza jendez lepo, iaz, txupinazoa bota berritan. I. URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Eguerdiko hamabiak jotzear dira: ez sabeleko tximeletarik, ez gorputz osoa zeharkatzen duen inurri saldorik; ez jantzi zurian zabaltzen den parekoaren kalimotxo orbanik, ez gorputzak elkarri igurtzita trukatutako izerdirik. Zapi gorriak ez du zerua estaltzen, mikrofonoek aupatutako ahots dardarti baten gora San Fermin-ik ez dago. Ez suziririk, ez gosaririk, ez erraldoien gonen dantzen ufadarik. Kalean adarrik ez, plazan hilketarik ez. Ez da gutxiago falta, gehiago baizik. Plaza huts eta isilean ere aditu da: «Bertan behera San Fermin!».

Ezohiko uztaila izanen da aurtengoa Iruñean, ez baita uholde zuri-gorririk izanen. Lerrokatutako domino piezak nola, banaka-banaka atzera bota ditu COVID-19ak jende anitz biltzen zituzten ekitaldi guziak, eta berdin egin du Iruñeko besta nagusiekin. Atzo eman zuen horren berri Ana Elizalde Iruñeko jarduneko alkateak —Enrique Maia alkatea berrogeialdian dago—: «Espero bagenuen ere, asko tristatzen gaitu hau iragarri behar izateak: San Fermin bestak bertan behera uzteko erabakia hartu dugu. Bi hilabete eta erdi falta badira ere, gure besta maiteak eta koronabirusa bateraezinak dira».

Ez da sanferminak bertan behera gelditzen diren lehenbiziko aldia. Seguruenik kronologikoki gertuen dagoen kasua izanda, asko 1978ko San Fermin Txiki bestez oroitu dira. Urte hartan bertan behera geratu ziren sanferminak, uztailaren 8ko gertakarien ondorioz: zezen plazan hasi eta kalean jarraitutako istiluetan Espainiako Polizia Armatuak German Rodriguez tiroz hil zuen. San Fermin Txikin berreskuratu zituzten besta egunak iruindarrek. Aurten ere hala egin litekeela iradoki dute askok, baina Elizalde zuhur agertu zen atzo: «Gaurko egunez zaila dirudi sanferminak aurten ospatzeko aukerarik izatea, baina egoeraren bilakaeraren zain egonen gara».

Bestarik gabe, sanferminetako aurrekontuaren «zati handi bat» koronabirusaren pandemiari erantzuteko erabiliko dutela ziurtatu zuen jarduneko alkateak. «Behar sozialak biderkatu dira, eta gure betebeharra elkartasunez eta konpromisoz erantzutea da», azaldu zuen. Horrekin batera, bestak bertan behera uzteak ekarriko dituen «galera ekonomiko eta sentimentalak nolabait konpentsatzeko» neurriak iragarri zituen jarduneko alkateak.

Erabaki «gogor» eta «triste» hori hartzeko udal talde guzien adostasuna goraipatu zuen Elizaldek, baita bestako eragileena ere. Hala ere, peñen federazioak komunikazio falta eta eskatutako bilerei muzin egin izana leporatu zion udalari. EH Bilduk «aldebakartasunez» eta bestaren eragileekiko «mespretxuz» aritzea leporatu zion Navarra Sumari. Erabakiaren berri eman aurretik, sanferminetako mahaira deitzea eta udalbatzari formalki informatzea «funtsezkoa» zela esan zuten. Geroa Baik eskatu zuen ez dadila sanferminen data atzeratzearekin espekulatu.

Beraz, uztailaren 6tik 14ra ez da sanferminik ospatuko. Hala ere, San Fermin egunez ekitaldi ofizialen bat egitea ez zuen baztertu Elizaldek, betiere egoerak modua emango balu. Ikusi beharko da ere iruindarrek nola erantzuten dioten egoera ezohiko horri. Askok sare sozialetan iragarri dute uztailaren 6ko gosariari ez diotela muzin eginen. Iruñeko Udalak bideo bat sareratu du, eta #Bizikoditugu traolarekin norberaren bizipenak partekatzeko eskatu.

Ezohiko egoera izanagatik ere, ez da Iruñean sanferminik ospatzen ez den lehenbiziko aldia izanen. XIX. mendetik gaur egunera arte 23 aldiz eten dira sanferminak. XX. mendean, adibidez, ez zen sanferminik izan 1937an eta 1938an, 1978ko uztailaren 9tik aurrera bertan behera gelditu ziren, eta 1997an 24 orduz eten zituzten.

Sanferminak irailean

Miguel Izu legelari, politikari eta idazleak aski ongi ezagutzen ditu sanferminak, Iruñeko besten zalea ez ezik, haiei buruz ikertu duelako. Espainiako Polizia Armatuak German Rodriguez hil zuenean 18 urte zituen. 1978ko uztailaren 8a zen. Gogoan du «makilakada handia» izan zela hura, eta «eragin emozional» handia izan zuela hirian. Hiru egun iraun zuten sanferminek, baina irailean berreskuratu zituzten besta gogoak: «Ordaina hartzen saiatzeko modu bat izan zen. Praktikan sanferminak izan genituen irailean; antz handia izan zuten, nahiz eta motzagoak izan. Sanferminik onenetako batzuk bezala gogoratzen ditugu horiek bizi izan genituenok: sekulako gogoa genuen, mundu guzia atera zen kalera zuriz jantzita».

Bitxiak izan ziren sanferminak: ez zen atzerriko jenderik, eta udako iheslariak etxean ziren. Hiru egunez iraun zuten bestek, eta entzierroak eta zezenketak antolatu zituzten. «Terapia kolektiboa izan zen, uztailean galdu genuena berreskuratzeko modua». Horren aurretik izan ziren entzierroak eta zezenketak San Fermin Txikin, baita ondoren ere. 1992an, 1993an eta 1994an Alfredo Jaime alkateak zezen ekitaldiak antolatu zituen Iruñeko besta txikietan. Horiek 09:00etan izan ziren, uztaileko eguzki ordu bera mantentzeko.

Denboran gertuen dagoen etena 1997koa da. Hori 24 ordukoa baizik ez zen izan, dena den. Uztailaren 12an Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia larri zauriturik utzi zuen ETAk Lasarten (Gipuzkoa), eta biharamunean hil zen ospitalean. Egun hartan ez zen zezenketarik izan Iruñean, eta ekitaldi ofizialik ez zen egin hurrengo egunera arte. Etenaren ondoren, uztailaren 13ko zezenketa izan zen lehen ekitaldi ofiziala, eta Izu aritu zen buru, Iruñeko zinegotzia baitzen. «Oro har sanfermin onak izan ziren, baina 24 ordu horiek... Miguel Angel Blancoren hilketa kolpe latza izan zen. Ez zen eztabaidarik izan bestak bertan behera uzteko, ez geunden bestarako gogoz». Egun haietan istiluak izan ziren Euskal Herriko zenbait tokitan, eta Iruñean ere bai. «Une larriak sanferminen amaieran», zioen Euskaldunon Egunkaria-k.

Bestarik ez zen izan 1937an eta 1938an. Sanferminak bukatu eta berehala abiatu zen altxamendu frankista 1936ko uztailaren 18an. Urte hartan besta egin zuten iruindarrek, askok azkenengo aldiz. Uztaileko egun haietan besta eta konspirazioa uztartu zituzten Mola jeneralak eta berarekin batera altxamendua prestatzen ari zirenek. Iruñeko karriketan eta ostatuetan izan zituzten bilerak, inguruan egun batzuen buruan hilko zituzten iruindarrak dantzan zirela. Gerraren atari izan ziren sanfermin haietako giroa eta konspirazioa, kontatu zuen Rafael Garcia Serrano idazle falangistak Plaza del Castillo eleberrian.

Sanferminak bukatu bezain pronto abiatu zuten Espainiako errepublikaren kontrako kolpea. Hurrengo bi urteetan ez zen bestarik izan gerra bukatu gabe baitzegoen. Hala ere, sanferminetako ekitaldi erlijiosoak mantendu zituzten. Gerra bukatuta, 1939ko uztailean berriz ere sanferminak ospatu zituzten Iruñean. Ordura arteko txupinazo informala instituzionalizatu zuten, eta bi urte geroago udaletxera eraman.

Epidemien aurkako bestak

XIX. mendean ere askotan eten ziren sanferminak: Independentzia Gerran, Hirurteko Liberaleko gerretan eta Karlistaldietan ez zen sanferminik ospatu. Hau da, mende hartan 19 urtetan ez zen sanferminik izan. Baina, betiere gerrengatik izan zen. Izuk datuetara jo du epidemia batek sanferminik zapuztu ote zuen ikusteko: «Harritu nintzen ikusita sanferminak epidemien kontra babestutako besta batzuk izan direla orain arte. Epidemia latzak bizi izan ditugu, baina lehenbiziko aldiz utziko ditu epidemia batek bertan behera sanferminak».

XIX. mendean hiru epidemia handi zerrendatu ditu Izuk, kolerarenak: 1834an, 1855ean eta 1885ean. 1834an bestarik ez zen egon, baina ez epidemiaren ondorioz, I. Guda Karlistarengatik baizik. 1855ean eta 1885ean bestarik ez ospatzeko eztabaida izan zuten Iruñean, baina, azkenean, ez zuten halako erabakirik hartu. Esan beharra dago 1834ko eta 1885eko pandemiek Erriberan egin zutela kalte handien. 1855ekoa izan zen latzena, Iruñean ere gogor jo zuen, baina bestak egin zituzten.

XX. mendean ere izan zen pandemia latz bat: 1918ko gripearena. Horrek ere ez zituen sanferminak geldiarazi. Udaberrian agertu zen gripea, eta Iruñean 15 lagun hil ziren. Udan desagertu zen, beraz, sanferminak normaltasunez ospatu zituzten, nahiz eta bestak bertan behera uzteko aukera eztabaidagai izan zen. Udazkenean berriz agertu zen gripea, eta orduan eragin zuen hildako gehien.

Oraingoan San Ferminen kapatxoak ere ez dio eutsi. 2021era itxaron beharko du Iruñeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.