Lucarinitarrak: marmola zainetan

Toscanatik (Italia) Euskal Herrira etorritako eskultore familia oparoa da lucarinitarrena. Artistak, anarkistak eta libertarioak. Kartzela ezagutu zuten gehienek, eta sustrai sendodun ibilbidea osatu. Haienak dira, askok jakin ez arren, inguruko eraikin, parke, eliza eta hilerrietako obra asko.

Amador Lucarini Makazagarena da Beasaingo Loinazko San Martinen eskultura. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ezin zen bestela izan. Pietrasanta izena baitzuen jaioterriak. Luca probintziakoak ziren izatez, eta izenez. Toscana iparraldeko kostaldekoak. Carrarako harrobietatik bertakoak. Apuaniar Alpeen azken muga lerrokoak. Mendiak marmolezkoak dituen lurralde urrun hartakoak. Nolatan ez zuten bada harkaitza izango zainetan? Hiru anaia: Alfredo, Serafin eta Angel Lucarini Puliti. Eskultoreak hirurak. XIX. mende hasierako beste hainbat italiar bezala, euren herrialdea atzera utzi eta aurrera begirako hobeen bila abiatu ziren. Haiek, Euskal Herrira.

Alfredo eta Serafin izan ziren Bilbora iristen lehenak. Alfredok ibilbide oparoagoa egin zuen nabarmen —Casilda Iturrizarren eskultura harena da, esaterako (1900)—. Serafini buruz, izaeraz «bohemioagoa» eta jardunez «axolagabeagoa» zela diote bere garaiko kronikek. Bartolo ezizena zuela ere bai, eta ezagunak ei zirela haren abesti italiarrak hiriburuko taberna bazterretan. Dena dela, bi horien babesean iritsi zen Bilbora haien anaia: Angel Lucarini. Bilboko udaletxe berria ari ziren eskulturaz ontzen garai hartan. Higinio Basterrak zituen kontratatuak bi anaiak. Angel ere han hasi zen iritsitakoan, baina Gasteizera joan zen handik gutxira, katedral berriko eskultore eta zizelkari lanak egitera. Cesar Estornes historialariak ezin hobeto dauka dena dokumentatuta Club Deportivori buruzko bere blogean.

Angel Lucarini Pulitik Gasteizko katedral berrian egindako lanetako bat. BERRIA

Eta Gasteiz du abiapuntu, hain zuzen, Angel Lucarinik lucarinitarren zuhaitz genealogiko oparoan sortutako adarrak. Harrobiak eta harriak deituta han ere. Lantarongo (Araba) Fontetxa kontzejuko hargin familia bateko alaba batekin ezkondu zen: Casilda Makazagarekin; Makazaga baserrikoarekin. Sei seme-alaba izan zituzten: Teresa, Joaquin, Amador, Liberto, Alberto eta Florencio. Zaharrena eta gazteena ez beste guztiak eskultore lanetan aritu ziren: Teresa zaharrena maistra izan zen —Gordexolan (Bizkaia) urte askoan, besteak beste—, eta Florencio gazteenak meningitisa izan zuen txikitan, eta bazuen atzerapen bat oso nabarmena horren ondorioz: besteak beste, ezin zuen hitzik egin —oso gazterik hil zen—. Lucarini anai-arreba haien artean maitatuena izan zen Florencio, eta ezaguna eta berezia da horregatik Joaquin anaiak hura modelo gisa hartuta egindako L'Enfant anormal izenezko bustoa.

Izan ere, Joquin Lucarini Makazaga (Lantaron, Araba, 1905-Burgos, Espainia, 1969) izan zen Lucarini anaia euskal herritarren artean eskultore ezagunena. Concepcion Gobantes izan zuen emazte, eta musa. Hiru seme izan zituzten: Miguel Angel, Leonardo eta Rafael. Errenazimentuko artisten izenak hirurak, eta eskultorea gaur egun haietan bigarrena ere: Leonardo Lucarini.

Joaquin, anaia ezagunena

Bilboko Atxuriko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen Joaquin Lucarinik, eta baita haren anaiek ere. Angel aita italiarraren arterako eta zizelerako sena bere eginda, ibilbide oparoa egin zuen Joaquinek. Larrea eta Basterra izan zituen irakasle, sari ugari lortu zituen 1920ko hamarkadan, margoan zein eskulturan, eta hainbat erakusketatan parte hartu zuen. Araban, Bizkaian eta Madrilen, oso kritika onak jaso zituen aurkeztutako lehen obrekin.

1929an, Arabako Aldundiaren beka bati esker, Frantziara joan zen. Ezagutu zuen Paris, baina ezagutu zituen Amsterdam, Florentzia eta Erroma ere. «Garai hartako akademia garrantzitsuenak bisitatu zituen, eta korronte berriekin jarri zen harremanetan. Futurismoaren gisako mugimenduak ezagutu zituen, eta bere estilora egokitu», azaldu zuen Leonardo Lucarinik, aitaren omenez Gasteizko Arte Ederren Museoan jarritako erakusketaren harira (2005).

1930eko hamarkada izan zen Joaquin Lucarinirentzat «artistikoki» oparoena. Garai hartakoak dira, besteak beste, Bilboko Club Deportivorako egindako eskulturak eta erliebeak, El boxeador eta El lanzador de peso eskulturak —kirol eskulturarekiko zuen interesaren adibide—, eta 1932ko Madrilgo Arte Ederretako Erakusketarako zizelkatutako La Victoria de la Música.

Joaquin Lucarini Makazagak 1930eko hamarkadan egindako El lanzador de peso eskultura. BERRIA

1936ko gerra, eta ondorena

Marmolari forma emateko trebeziaz gain, ekarri zituzten hasierako lucarinitar haiek gauza gehiago maletan. Akratak ziren. Eta haiekin zekartzaten esperantoa, naturismoa eta anarkismoa, besteak beste. Libertario familia bat ziren, eta Angel Lucarini Pulitik bikain asmatu zuen transmisioan. 1936ko gerra mugarria izan zen, horregatik, Lucarini anaia euskal herritarren artean: ezagutu zituztelako espetxea eta erbestea.

Joaquin Lucariniren hainbat lan, esaterako, suntsitu egin behar izan zituzten Francoren tropak Bilbon sartu zirenean (1937). Errepublikaren aldekoa izateagatik espetxealdi laburra ezagutu zuen, baina eskultore gisa jarraitu ahal izan zuen. Ez dute hasierako haien balio artistikorik, baina handik aurrerakoak dira, izatez, ezagunenak: Deustuko tigrea, Bilbon (1943); Fleming doktorearen bustoa, Bilbon (1962); Begoñako Ama, Gaztelugatxeko Donieneko golkoan urperatu zutena (1963); Sardinera monumentua, Santurtzin (1964), besteak beste.

Begoñako Ama, Gaztelugatxeko Donieneko golkoan urperatu zutena. Hura ere Joaquin Lucarini Makazagarena da. BERRIA

Joaquinen itzalpean aritu ziren haren anaiak. Gerrako jazarpena ere ongien hark saihestu zuen, baina gogorrago erasan zien beste hirurei. Liberto erbesteratu egin zen Frantziara, eta Amadorrek eta Albertok urteak egin zituzten kartzelan. Liberto Lucarini esperantoaren hedapenean eta militantzia politikoan aritu zen, batik bat. CNTren miliziako sarjentua izan zen, eta Otxandioko frontean borrokatu zen. Gerra amaitutakoan erbesteratu zen Parisera, eta tailer bat ere ireki zuen han. Bitxikeria: egurra zizelkatzen zuen hark.

Amador, anaia boxeolaria

Amador Lucarinik (Bilbo, 1907-1971) ibilbide oparoagoa egin zuen eskulturan. Ongi gogoan du bere biloba Luis Mari Lucarinik: «Askatasunaren maitale bat zen aitona, oso gizon prestatua. Eta anarkista». 1936ko gerra «mugarria» izan zela dio, eta aitona kartzelan egon zela urte luzez: «Rubialekin eta Ajuriagarrerarekin batera egon zen. Eta Artetxeren oso laguna zen». CNT sindikatuko kidea izan baitzen lehenengo, eta euskal armadako kapitaina ere bai, Santoñako errendizioa arte. 1937ko irailean, heriotza zigorrera kondenatu zuten, 30 urtera gero, eta sei urtera azkena. Ezagutu zituen El Dueso, Larrinaga eta Burgosko espetxeak. Gerra ostekoak ditu gogoan Luis Mari Lucarini bilobak: «Eskulturak egitetik marmolgintzara egin zuten jauzi. Izan ere, garai batean hilerrietan-eta asko jartzen zirela aingerutxoak, ama birjinak... eta familia dirudunek asko enkargatzen zituzten horrelako eskulturak. Tailerra jarri zuten abian: Marmoleria Lucarini».

Eta bazuen Amador Lucarinik beste jardun bat, anaiek izan ez zutena: «Bilbon jende askok ezagutzen zuen aitona, baina ez eskultorea zelako, boxeolaria ere bazelako baizik. Garai hartan fama handia zuen boxeoak, eta borrokak antolatzen ziren antzokietan. Ez zen profesionala, baina Bizkaiko txapeldun gelditu zen».

Sabino Arana Fundazioak Amador Lucarini Makagazari buruzko erakusketa antolatu zuen 1999an.



Amador Lucarini buruzko argibideak, 1999ko erakusketan. BERRIA

Alberto Lucarini da (Gasteiz, 1913-2003) anaia eskultoreen artean azkena, nahiz eta besteenaren aldean kamutsagoa izan bere jarduna. CNTren Isaac Puente batailoiko kidea izan zen. Amador anaiarekin batera egon zen El Dueson, eta Puerto de San Mariako eta Madrilgo ziegak ere ezagutu zituen. Angel Lucarini haren semeak ere gogoan ditu gerra garaiak: «Gerra iritsi zenean, anaia guztiek ezagutu zuten kartzela. Guztiek izan zutelako CNTrekin harremana». Eta gerra osteko marmoldegiaz gain, beste saiakera bat ere badu gogoan: «Luca izeneko garbigailu bat asmatu zuten. Marmolezko kaxa bat zen, motortxo bat zuena. Porrot egin zuen ideiak».

Luca eta Toscana gogoan beti. Luis Mari Lucarinik 25 urterekin egin zuen bidaia Pietrasantara, sustraien bila: «Lucarini bakarra gelditzen zen bizirik. Oso emakumezko heldua zen. Karrika nagusia dut gogoan. Sombrereria Martino Lucarini jartzen zuen dendaren sarreran. Denda zahar-zahar bat zen, eta barruan bi emakumezko adinekoak. Haietako bat zen lucarinitarra. 90 urte baino gehiago zituen, eta adinaren ajeak. Baina nola edo hala ulertu genuen elkar, eta adierazi nion haren oinordekoetako bat nintzela».

Lucarinitarren jaioterria: Pietrasanta (Luca probintzia, Toscana, Italia). Argazkian, Piazza del Teatro. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.