Filosofiak behar du haurra

Tradizio urria du haurrentzako filosofiak Euskal Herrian, baina aleka-aleka ugaritzen ari dira tailerrak, solasaldiak eta bestelakoak. Oihartzun Filosofikoak elkarteak liburu bat ere ondu du urte hondarrera begira.

Udane Ansak 11 Kutixi Filosofiko proiekturako egindako irudia, heriotza eta bizitza gaitzat hartuta. OIHARTZUN FILOSOFIKOAK.
gorka erostarbe leunda
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Hormek hitz egiten dute. Zera dio Oiartzungo (Gipuzkoa) horma batean margoturiko esaldiak: «Defendatu beti pentsatzeko duzun eskubidea, oker pentsatzea bera hobe baita ez pentsatzea baino». Hypatia filosofo emakumezko greziarrarena da. Ez ausaz Oiartzungo lorategi bati Hypatia izena jarri zioten, bertako Haurtzaro Ikastolako haurren ekimenez. Filosofiak bere barnean biltzen ditu kausalitatearen arrazoiak eta galderak ere. Ez da kasualitatea duela lauzpabost urtetik herri horretan, asteburu zenbaitetan, haurrentzako elkarrizketa filosofikoak egitea.

Hormek hitz egiten dute; eta haurrek galdetu egiten dute. Zer da hiltzea? Denborak berdin irauten al du guztiontzat beti? Jakingo ote dut noizbait orain ametsetan ari ote naizen? Galdera nahiz ohar existentzialak dira, bizitzaren uneren batean, molde batez edo bestez, edozein pertsonak plantea ditzakeenak. Baina badute berezitasun bat: 9 eta 12 urte bitarteko haurrek egindako galderak dira, Oihartzun Filosofikoak egitasmoaren barruan aurten egindako saioetan atera diren galderak.

Haurren berezko gaitasun eta jakin-nahi hori pizteko, lantzeko eta elkarrekin partekatzeko asmoz sortu zuten Oihartzun Filosofikoak lau lagunek: June Retegi Uriak, Xabi Salaberria Gonzalezek, Maddi Nazabal Etxebestek, eta Izaro Toledo Retegik. Laurak dira Oiartzungoak, irakasletza ikasitakoak lehen biak, filosofian graduatuak beste biak: «Tabakaleran egin zen ikastaro filosofiko batean topo egin genuen; laurok genuen haur filosofiaren inguruan interesa; herrian bazen haur talde bat, eskolatik abiatuta, filosofian interesa zuena; horrek ireki zigun bidea», azaldu du Toledok.

Hormek hitz egin; haurrek galdetu. Haurrekin osaturiko solasaldi filosofiko horiek badute erritu bat. «Zirkulu forman jartzen gara, komunitatea sortzeko denok denon aurpegia ikustea balioesten dugu; garrantzitsuena da haiek sentitzea komunitate horretan hitza har dezaketela, eta gainera onartuak izango direla esaten dutena esaten dutela ere». Hitza hartzeko aukera eman bai, baina behartu gabe. «Bakoitzak bere moduak eta erritmoak dauzka; haur batzuek ez dute asko parte hartzen hitzaren bidez, baina parte hartzen dute begiradarekin, marrazkiekin, presentziarekin... Ume batek lehen saioan egin ditzake galdera oso sakon eta originalak, eta beste batek zortzigarren saioan hartuko du hitza, baina hori asko da beretzat».

Hormek hitz egiten dute; eta haurrek galdetu. Baina galderak egiteko gaitasun hutsak, edota jaidurak, filosofiaren esparruan barneratzen al du haurra, filosofo bilakatzen al du zuzenean? «Galdera beharrezkoa da, baina ez da nahikoa». Hala uste dute aditu gehienek; hala uste du Imanol Alvarez Varela Jakinmin Elkarteko lehendakariak eta filosofia irakasleak ere (Bilboko Ignacio Ellacuria institutua): «Gaur egungo gizartean ematen du ahaztu egin dugula galderaren garrantzia; galdera beharrezkoa da, abiapuntua da, baina ez da nahiko filosofian barneratzeko. Galderatik abiatuta dialektika bat sortu behar da. Argudiaketan oinarrituriko erantzun baten eraikitze saiakera bat da filosofian egiten dena».

Galderatik abiatutako dialektika hori sortzeko, eta haurrek filosofiarekin izan lezaketen harremana estutzeko asmoarekin sortu zen Jakinmin elkartea, hain zuzen ere, 2017an (bertako kide da Oihartzun Filosofikoak taldea ere). Hamar bat kidek osatzen dute egun elkartea; ez dago hezkuntza sistema arautuan txertatua. Haurrentzako tailerrak, irakasleentzako formakuntza saioak eta urtean behineko haur filosofia jaialdi bat antolatzen dituzte.

Tradizio eta material urria

Haurrentzako filosofiaren praktikak tradizio urria izan du Euskal Herrian, bai behintzat inguruko herrialdeekin alderatuz, Frantziarekin, Espainiarekin eta, batez ere, Kataluniarekin. Korronte filosofiko modura AEBetan sortu zen 1960ko hamarkadan. Matthew Lipman filosofo eta pedagogiaren ikerlariak (1923-2010) sortu zuen korrontea, eta Ann Sharp filosofoa (1944-2010) izan zuen laguntzaile. Abiaburua garbia zen, Alvarezen hitzetan: «Ikusten zuen bere ikasleek ikasten zutela filosofia, pentsalarien bizitza eta obra ikasten zutela, baina filosofatzeko oso gaitasun eskasa zutela. Beraz, planteatu zuena izan zen filosofatzen ikastea».

Nola? Hartarako pizgarriak emanez. «Pertsonaiak haurrak edo gaztetxoak zituzten nobelak idazten zituen, ondoren bere ikasleekin lantzeko». Eredu horren analogiaz hasi zen elkarlanean Oihartzun Filosofikoak herriko hainbat sortzailerekin idazleak, artistak, bertsolariak, ilustratzaileak..., haiek egindako lanetatik abiatuta haurrekin solasaldi filosofikoak eraikitzeko. Ez hori bakarrik, Euskal Herrian gaia lantzeko dagoen material urritasuna ikusita, 11 KutixiFilosofiko izeneko proiektua jarri dute abian aurten. Toledok azaldu du: «Binaka jarri ditugu sortzaileak, gai filosofiko bat emanik hura landu dezaten, testu eta irudiekin; filosofiaren gai unibertsalak landu dituzte: bizitza eta heriotza, kulturak, etika, natura...». Finantzaketa kolektiboa abiatu zuten, eta dagoeneko lortu dute gutxienekoa zuten 4.000 euroko kopurua. Autoedizioz plazaratuko dute lana gabon jaien aurretik.

Ikasmaterialetan zein praktiketan zegoen gabeziaz ohartzen aitzindaria izan da Miren Camison Goienetxea filosofiako irakaslea eta pedagogoa, duela hamabost urte inguru hasi zen haurrentzako filosofia tailerrak ematen; Jakinmin elkartearen sortzaileetakoa izan zen, baita Oihartzun Filosofikoak egitasmoaren sustatzaileetako bat ere. Gerora bere bideari ekin zion, eta orain Filosofia Faktoria ekimenaren gidaria da: tailerrak eta formakuntzak ematen ditu bai hezkuntza arautuan, eta baita espazio informaletan ere (kultur etxe, liburutegi...). Egun Mexikora joana da urtebeterako, baina Mexikon bertan emango ditu gisako tailer eta eskolak.

Haurrak eta jakin-mina

Haurrek eta filosofiak, filosofiak eta haurrek «egitate komun bat dute, oso berezia eta zehatza», Camisonen iritzian: «Harridura da ezaugarri hori. Harridurarekin hasten da filosofia, eta umeak ere harridura du bere-berea, mundura datorrenetik. Inguruan duen guztia ezagutuz eta ulertuz joan behar baitu: haurrak ikerlari eta esperimentatzaile sutsuak dira jaiotzen direnetik». Ingurunea behatu eta ulertzeko beharretik, hiruzpalau urte dituenetik aurrera, galdera existentzialak ere badatozkio: «Haurrak behar du, beraz, filosofia. Baina berdin gertatzen da alderantziz. Filosofiak behar du haurra ere. Haurrak galdera ematen dio filosofiari, eta freskotasun handia, begirada purua duelako, aurreiritzirik gabea. Bere burua ezagutu eta munduan kokatu nahi duelako».

Ideia horretan sakondu du Imanol Alvarezek ere: «Filosofiak behar du haurraren begirada. Haurren jakin-mina eta galdetzeko premia handia da, eta askotan helduek mozten diegu, erantzunak emanez, baina gure galderetatik abiatuta, ez euren galderetatik abiatuta. Haurrentzako filosofia metodologia bat da, galderak abiaburu, pentsamendu kritikoa eta pertsona kritikoak osatzeko».

Hormek hitz egiten dute. Haurrak galdetu. Galderei pizgarriak emanez, filosofia haurrengana hurbiltzen da, edo Toledok zehaztu bezala, «herrira, azken batean». Hormak eta galderak haurrenak eta herriarenak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.