Egiaz eta begiaz

Nazien sarekada Ospitalepean

Bigarren Mundu Gerra garaia. Liberazioaren hotsa gero eta handiago, eta haize alde ekin zioten makiek han eta hemen eta Zuberoan. Alemanen kontrako zenbait eraso eta sabotaje gauzatu zituzten. Ordainetan, zigor gogorra jaso zuten Ospitalepean. Bizirik irauten du han alemanen azken sarekada hilgarriaren oihartzunak.

Lasserretarren ostatua izana Ospitalepean. Eskuineko etxetxoan biltzen ziren makiak. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Ospitalepea
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
1944, ekainak 27. Udako egun argi, distiratsu eta ezin ederragoa. Zoragarri ageri dira Ospitalepeko mendi, zelai eta oihanak. Laborariak belarra biltzen hastera joateko prest dira. Haurrak etxaldetik irten eta karrikako eskolara bidean dira. Lasai dator bizi egunerokoa.

Eskolara bidean oinez, neska batek bihurgune bat hartu eta, supituki, armada alemanaren soldadu kolumna bat ikusi du Ospitalepe aldera mendebaldetik datorrela.

Rosier andrearen etxean, amañi zaharra goizean goiz jaikirik dabil. Egun, piper-landareak aldatzeko guztizko intentzioa duke. Rosier andreak ere alemanen konboia ikusi du, Ospitalepera buruz da, eta, berehalaxe, herriko karrikatik datozen alemanen ahotsak aditu ditu. Erresistentziari lagundu dionetakoa da Rosier andrea, izu da alemanek atxilo hartuko ote duten, eta amañi eta haurrak hartu eta etxaldetik goiti, oihanean gorde dira denak. Aitañik uko egin dio handik higitzeari: «Ez dut deus gordetzekorik eta, gainera, auzoak ohartarazi behar ditut lehenbailehen, asteroko erosketa egitera Ospitalepeko karrikara joan daitezen baino lehen! Alemanak hemen direla esan behar diet».

Zuzen antolaturik datoz alemanak. Hiru kolumna dira, zein bere aldetik, herrigunerantz. Ospitalepeko herri ttikia gerrikatu dute.

Aldi berean, hogei-hogeita hamar soldaduko eskuadrak auzoetan diren zenbait etxalde jakin setiatu dituzte. Zenbait lekukoren arabera, bostehun edo seiehun soldadu aleman ari dira esku hartzen bat-bateko sarekadan.

Lasserre

Alemanen biolentzia itsuaren lehen biktima Albert Lasserre da, Gursekoa.

Tokian tokiko salatari-sarearen bidez alemanek dakiketenez, Lasserre bat ageri da Ospitalepeko makien taldean. Alemanen kolumna gero eta hurbiltzenago ari, bertako bati galdetu diote non den Lasserreren etxaldea. Hark, auzoaren etxea seinalatu dio. Hantxe da Albert Lasserre, etxe atarian, alemanek kordonatu dutela ohartzeke. Txakurra zaunka hasi denean ohartu da Albert han badela zerbait arrisku. Etxera barrura hasi denean, atea irekitzera egin duenean, tiroka eraso diote. Balaz jo dute.

Larriki zauriturik, Albert Lasserre sukaldera heldu ahal izan da. Atzetik datozkio zenbait soldadu aleman. Etxea arakatzen hasi dira, erresistentzia zantzu bila. Alberten izebak bere onetik irtenik alemanei aurre egin die, esanez Albert ez dela haiek bilatzen ari diren Lasserre, eta, are, oker dabiltzala, ez daudela Ospitalepean, Gursen baizik. Emakumea egia esaten ari direla alemanak konbentzitu direnean, barkamena eskatu diote, sendagilearen bila abiatu dira. Sukaldean, Alberten izebak txokolatea eskaini die alemanei. Sendagilearen zain diren bitartean, soldaduek Alemanian dituzten senideen argazkiak erakutsi dizkiote izebari. Albert Lasserre anbulantzian hilko da, ospitalera bidean. Alemanak bila zebiltzan gizona Albert Lasserre Gursekoa gabe, François Lasserre da, handik kilometro eta erdira bizi baita: Ospitalepeko ostatuko semea da.

Mianda, Puyade, Mahourat

Ospitalepeko karrikatik gora, Mianda etxaldean, Larlus familiak tiro hotsa aditu du. Berehala, hantxe dituzte alemanak, eta badakite, François Lasserre makiak kontaturik, nolakoak litezkeen alemanen manerak. Alemanak altsaziar bat dute interprete, eta errabiaturik ari da, mehatxuka, etxaldeari su emango diotela, heiagoraka, bertan fusilatuko dituztela denak, etxeko semeak non diren jakin nahi dutela kostarik kosta. Alemanek hormaren kontra bultzatu dituzte Larlus senar-emazteak eta alaba Aimée. Honek, nebak Alemaniatik igorritako postala erakutsi die: preso da han. Hori aditurik ere, etxalde osoa arakatu dute. Guztia pekoz gora ezarri arteko onik ez dute. Beharrik, ez dute deus aurkitu... ezta orgako lasto artean gordea den paraxuta ere. Alemanak, haatik, sinetsirik daude larlustarrek beste semeren bat ere badutela, eta hartu Aimée bahituran eta Ospitalepeko karrikara eraman dute.

Beste auzo batek ere hotsa aditu du. Tiroak eta arrabotsa. Ondoko etxaldean zer dabiltzan ikustera abiatu da. Jean Puyade da. Aipu eta sona handikoa da herrian, eskuzabala baita ezin gehiagoan, hurkoei laguntzen guztiz saiatua, eta, oroz gain, pertsona ausarta. Puyadek badaki arrisku handia hartu zuela makiei laguntzea erabaki zuenean. Behin baino gehiagotan garraiatu ditu handik hona eta hemendik hara, eta egunaren argitan ere, erresistenteentzako arma-hornigaiak.

Puyade ere atxilo hartu dute alemanek.

Hastapenean, makiekin loturarik duenik ukatu du zeharo.

Ukatu duen orduko, argazki bat erakutsi diote. Hantxe ageri da bera, oinutsik, orga duelarik aurrean, hornigaiz zamatua.

Maldan beheraxeagoko etxaldean, Jean Mahourat ere zelaira bidean da, eguneko lanari ekiten hastera. Hotsa eta ardaila aditu, jiratu, eta soldaduak ikusi ditu. Etxeko atean joka ditu eta haraxe joan da, alemanek zer nahi ote duten, baina ez diote deus galdetzeko aukerarik eman: soldaduetako batek aurpegian jo du, bortitz, eta Erresistentziari laguntzeaz akusatu du. Beste soldadu batek armaren ipurdiarekin jo du, eta altsaziar interpreteak metalezko barra bat erabili du Mahourat hebaintzeko. Alemanek etxaldea arakatzeari lotu zaizkionean, berriz, egunak lehenago erresistente zabarrek hantxe utzitako kartutxo eta besoko zenbait aurkitu dituzte eta, amorraturik, tiroka eraso diete soroko kabalei eta etxe aitzineko oilo nabar eta zuriei. Has eta buru deboilatu dute Mahourat etxaldea eta, gero, su eman diete etxe-bihitegiei. Jean Mahouratek, handizki zauriturik, lurrean jarri eta negarrari eman dio etxea sugarretan ikusirik. Alemanek, haatik, ez diote barkatu: artoz bete zaku pisu bat lepoan hartu eta eramanarazi diote. Azkenaz beste, etxeko behia, dituzkeen jatekoak eta arropak ere errekisatu dizkiote.

Karrika

Goizeko hamaiketan, alemanek alerta jo dute, eta Ospitalepeko mendiko auzoetan dabiltzan soldaduek herrigunean egitekoa zen operazioa burutua dela ulertu dute. Honenbestez, hartu presoak eta arpilatutako gauza guztiak, eta herri-zulora egin dute. Hamabigarren mendeko eliza ikusgarriaren aurrean bildu dira denak, multzoka banatu dituzte presoak eta haiek galdekatzen hasi dira. Altsaziar interpretea ez ezik, alemanei laguntzen da frantses bat, zibil jantzirik.

Eguerdian, alemanek hamabost laborari dituzte atxilo hartuak.

Arratsalderako, kito da tiro hotsa Ospitalepen.

Bazterrak isil direlarik, Mahourat etxearen kontrako mendi-magalean, Rosier andrea, amañi eta haurrak oihanetik irten dira. Auzoko hurrenera jo dute, zer gertatu den jakin nahirik. Haurretako batek bidean behera egin duelarik, sutan ikusi du Mahourat. Bizian ahaztuko ez duen irudia izango du begi-sarean betiko josia.

Iluntze aldera, Ospitalepetik iragan da Mauleko auzapeza. Pauen izana da goizean, eta badator etxera. Baina Ospitalepetik iragan behar eta ez baitu herriko karrikan inor ikusi, eta etxeetako leiho guztiak ere hetsirik, ate bat jo du, galdezka. Jaso du erantzunik: «Alemanek arratseko seietan ezarri dute etxeratze-agindua, ohi baino hiru ordu lehenago! Esan dute inor etxetik kanpo ikusten badute, hantxe emanen diotela tiroa. Hemeretzi pertsona eraman dituzte preso, haien artean hiru emazte: Aimée Larlus, Marie Lasserre, eta honen alaba Marie-Louise. Gizon nahiz emazte, kamioietara igoarazi eta eraman dituzte». Eta, eraman, Gestapok Baionan duen kuarteletara. Harako bidean, alemanek makiekin egin dute enkontru, baina makiak arin eskapatu dira okupatzaileen atzaparretatik. Ordainetan, alemanek ondoko soroan lanean diren lau laborari atzeman eta Baionara eraman dituzte.

Baionara

Baionara orduko, alde batera ezarri dituzte gizonak; bestera, emazteak.

Atxilotuetarik dira Arnaud eta Laurent Elissondo aita-semeak. Ofizial alemanak galdezka hasi zaizkiola, hirurogeita bederatzi urteko Elissondo samurturik eta koleraturik oldartu zaie: «Ni! Terrorista! Agure zahar hau, ni, Gerla Handian borrokatutakoa, terrorista?». Aurpegiz itzuli zaio semeari, euskaraz esanez: «Ez izu, eta ez deus ere esan». Galdekatzaileak Laurenti galdetu dio ea bera ere makietarik den. «Makia zer den ere ez dakizut», erantzun dio mutiko gazteak. Alemanek ez dituzte elissondotar biak jo, Ospitalepeko gainerako preso hartuak ez bezala, hauek alemanek hebain-hebain egin baitituzte Baionako kuartelean.

Hemeretzi egun latz egin dituzte presoek Baionan. Gero, libre utzi dituzte zenbait. Batzuek ez dute zori hori izan: Ospitalepen atzeman sei gizon Mauthausena (Austria) eraman dituzte. Bik bizirik iraungo dute. Hiru emazteak Ravensbrücka bidali dituzte: Lasserre ama-alabak etxera itzuliko dira Parisen liberazioaz gero. Aimée Larlusek ez du bizirauterik lortuko.

1944, ekainak 29

Ospitalepeko sarekadatik bi egunera, alemanak herrira itzuli dira eta, berriz, jendeak ikaratu dituzte. Izua da terrorezkoa. Ofizialek eta interpreteek itaunketa gehiago zertu dituzte. Berriz, etxaldeak arpilatu dituzte, abereak errekisatu, kutxa-ardoak bereganatu. Egitekoa burutu eta alde egitekotan direnean, bi soldadu falta dituztela ohartu dira. Agintean den ofizial alemanaren mehatxu beltza orduan: «Nire soldadurik batere zauriturik edo hilik gertatzen bada, zuetarik hamar hilko ditut nire soldadu bakoitzeko!». Hara eta hona hasi dira herrikoak, ageri ez diren bi alemanen bila. Ez dute lan handia egin beharrik izan, eliza aldean aurkitu dituzte, bihitegi batean, mozkor arrail.

Handik bi hilabetera, Paris askatzearekin batera osatu dira liberazio batzordeak Zuberoan. Eta alemanekin kolaboratu dutenen kontrako ehiza hasi da. Giza ehiza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.