Hondarra ez da sobera

Zero Zabor Hozkailua izeneko proiektu pilotu bat abiatu dute Hernanin. Elikagaiak xahutzea eta hondakin organikoa murriztea du helburu. Ikastetxetan sobera gelditutako janaria salmenta automatikoko hozkailuetan jartzen dute, hala nahi duenak dohainik eskura dezan.

Langile ikastetxeko haurrak, ontziak pisatu, etiketak jarri eta garraiatzen. Aldamenean, bi lagun zero zaborreko hozkailu bati begira. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Hernani
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ariketa bat da, hausnartze bat da, eta ohartze bat da. Soberakina nola izan litekeen baleko. Eta baleko ez ezik, osasungarri. Hondarra nola ez den sobera, eta xahutzea nola ez den onura. Sobrantearen eta faltaren artean jarritako esku bat, zubi bat, hozkailu forman emana. Horixe da Hernanin (Gipuzkoa) abian jarri duten Zero Zabor Hozkailua proiektu pilotua.

Uztartze bat da proiektua. Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen Hozkailu Solidarioa eta Residuo Cero Fundazioaren Rexcatering egitasmoak biltzen ditu, nolabait, Hernanikoak. Bi egitasmo horiek Galdakaon (Bizkaia) sortu ziren, eta Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako hainbat tokitara zabaldu da: Gasteiz, Donostia eta Lasarte-Oria (Gipuzkoa), Basauri, Plentzia eta Leioako EHUko ostalaritza eskola (Bizkaia), Valentzia, Bartzelona...

Hernaniko Udaleko Ingurumen zinegotzi Mattin Aldaiak azaldu du proiektuaren abiapuntua. Nola hasi zen udala 2010ean gaikako bilketarekin, nola dauden egun %80ko birziklatze tasan, baina nola dagoen beti «hobetzeko» tartea: «Egindako azterketen emaitzetako bat izan zen organiko kopuru handia biltzen genuela, eta ez zela bakarrik plateretan sobratzen zen hondakin organikoa, lapikoetan sobratzen zena zuzenean joaten zela organikoaren ontzira». Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartekoekin jarri ziren harremanetan.

Alvaro Saiz Ruiz Residuo Cero Fundazioko koordinatzaileak badu eskarmentua. Hozkailu Solidarioa izeneko proiektuarekin hasi ziren Galdakaon, eta Residuo Cero Fundaziora arteko bidea egin dute. «Lehen urte hartan ohartu ginen bazeudela segmentu batzuk, soberakin batzuk, ospitale eta enpresa handietako sukalde zentraletan eta eskola jantokietan daudenak, bota egiten zirenak eta ez zirenak gure hozkailura iristen». Erabaki zuten janari hori aprobetxatuko zuen proiektu bat sortzea. Kozinatutako janaria, baina modu seguruan kontsumitzeko modukoa. Ondorioa, eta hausnarketa: «Zaborra kontsideratzen zen zerbait bat-batean berriro erabil daiteke, jan daiteke, eta sanoa da. Askok etxean egiten dutena baino janari sanoagoa da, ikastetxetarako, ospitaletarako zena, nutrizionistekinprestatu eta kontrolatutakoa».

Bi ikastetxetan, oraingoz

Galdakaokoekin egon ostean, Hernaniko egitasmoari «bi berezitasun» ematea erabaki zuten, Aldaiak azaldu duenez: hozkailu arruntak erabili beharrean, beste batzuk erabiltzea —«salmenta automatiko erakoak dira, osasun bermeak izateko, eta teklatu baten bidez ekartzen dizu janaria» —eta solidario hitza ez erabiltzea — «janaria edozein herritarren esku jartzen dugu, kosturik gabe. Horregatik aukeratu genuen Zero Zabor Hozkailua izena. Horregatik, eta zero zabor biderantz goazelako, organikoa gutxituz»—.

Hernaniko lehen hezkuntzako bi ikastetxetan jarri dute abian proiektua: Aratz eta Langile. Emaitzen arabera, egitasmoa herriko beste toki batzuetara zabaltzea aztertuko dute. Proiektua gauzatzeko, udalak Gipuzkoako Aldundiak ekonomia zirkularra bultzatzeko jarritako diru laguntza eskuratu du.

Jone Notario Garbitania enpresako hondakinen hezitzailea da, eta hura ari da ikastetxeetan proiektua koordinatzen. Ez da lan erraza izan. Aurreko esperientzietatik informazioa bildu, proiektua osatu, Osasun sailarekin egon, protokoloak ezarri, parte hartzaileei formazioa eman... Baina «oso gustura» dago lehen asteetako emaitzarekin: «Ikasleak oso motibatuta daude. Aratz ikastetxekoek, esaterako, eskolako proiektu gisa hartu dute hau, eta hainbat ikasgai sortu dituzte proiektuaren inguruan». Beste horrenbeste egin zuten Galdakaoko Eguzkibegi ikastolakoek, Alvaro Saiz Ruizek esan duenez.

Prozedura esplikatu du Notariok: «Faserik delikatuena ontziratzea da, eta Ausolaneko sukaldariek egiten dute. Termozigilatzeaz irakasleak arduratzen dira. Ikasleek etiketak inprimatu eta ontzietan jartzen dituzte, hozteko makinara eraman, eta hozkailuetara azkenik». Ausolan da Hernaniko ikastetxeetara janaria banatzen duen enpresa, eta haien «inplikazioa» eskertu dute udaletik. Haiena eta proiektuan parte hartzen ari diren guztiena. «Gustura hartu dute, interesa agertu dute, eta gauzak ongi egin nahi dituzte», nabarmendu du Notariok.

Udalak jarri ditu baliabideak.Aldaiak, zergatiak: «Organikoa tratatzeagatik gastu bat du udalak. Proiektu honen bidez, organikoa gutxitzen den heinean, aurreztu egiten da. Eta, noski, CO2 isurketak gutxitu egiten dira. Onurak kate osoan daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.