Marco Polo berpizteko saioa

Italiako eta Txinako agintariek gaur sinatuko dute, Erroman, zetaren bide berriaren memoranduma. Pekinen makroproiektuarekin bat egin duen G7ko lehenengo herrialdea da Italia, eta erabakiak errezeloa piztu du Bruselan eta Washingtonen. Xi Jinpingek bi aldeentzako onurak agindu ditu.

Marco Polo berpizteko saioa.
Jon Fernandez.
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Marco Poloren akordua inoiz baino biziago dago egunotan Italian, zetaren bidea biziberritzeko sinaduraren astean. Duela zazpi mende, Veneziako merkataria ez zen lehenengo europarra izan Asia ekialdera joan-etorriko bidea egin zuena —24 urte eman zituen bidaiatzen—, baina haren kontakizunak egin zuen benetan ezagun zetaren bidea Europa mendebaldean. Il milione liburua best seller bat izatea lortu zuen Gutenbergek inprenta asmatu baino mende eta erdi lehenago, XIII. mendearen hondarretan.

Hain zuzen ere, Polo gazteak Kublai Khanen Txinako enperadore mongoliarraren enbaxadore lanetan jardun zuen hamazazpi urtez. Baina zetaren bidea diplomatiko eta merkatari veneziarra baino askoz zaharragoa zen: Txinatik Ekialde Hurbilera eta Mediterraneora bitarteko merkataritza sare konplexu bat zen, K.a. I. mendean dagoeneko martxan zegoena eta Asiako erraldoiaren zeta preziatua salerosteko baliatzen zutena nagusiki.



Bi milurteko pasatu eta gero, Txinako presidente Xi Jinpingek ibilbide berean «bi norabideetarako truke komertziala» sustatzeko konpromisoa hartu zuen atzo, Erroman, Sergio Mattarella Italiako presidentearen ondoan. Mattarellak solemnitate handiko ongi etorria egin zion Xiri, bai kalean, bai Kirinalgo jauregian.

Bi presidente eta enperadore bat aurkeztu ziren jauregian komunikabideetako mikrofonoen eta kameren aurrean; izan ere, Augusto enperadore erromatarraren marmolezko bustoa tartean zeukatela egin zituzten adierazpenak.

ITALIAREN BEHARRIZANA

Italiako Gobernuak XXI. mendeko Marco Polo bat behar du, herrialdeko ekonomia atzeraldi ekonomikoaren lokatzetatik ateratzen lagunduko diona. Horregatik jarri da Erroma Pekinera begira. Teknikoki, Italia urtarrilaren 31n sartu zen atzeraldian, zenbaki gorriak kateatuta bi hiruhilekoz jarraian. Herrialdea hirugarren aldiz sartu da atzeraldian 2008an krisia lehertu zenetik.

Garai ezin egokiagoa da Txinaren hedapen ekonomikoari alfonbra gorria jartzeko eta haren inbertsioak beso zabalik jasotzeko. Merkataritza indartzeko aukera bat da, Italiako konpainia askorentzat aukera bat.

Handinahia da Pekingo gobernuaren asmoa: zetaren bide berriaren engranajeak olioztatzeko, Asiako, Afrikako eta Europako 80tik gora herrialdetan finantzatu eta eraiki nahi ditu azpiegiturak; besteak beste, Alpeez haraindiko herrialdean. G7ko lehen bazkidea izango da Txinaren zetaren bide berriaren plana babesten eta maileguak jasotzen Txinaren AIIBrengandik (Azpiegituretarako Asiako Inbertsio Bankua). 

MESFIDANTZA BRUSELAN ETA WASHINGTONEN

Memorandumaren letra txikia ez da argitara eman oraindik, baina ezinegona dagoeneko nabaria da Bruselan eta Washingtonen. Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak behin eta berriz azaldu du Pekinek eta Erromak sinatuko dutena ez dela nazioarteko merkataritza hitzarmen bat, eta ez dela bete beharreko akordio marko bat. Funtsean, Italiako gobernuburuak defendatu du itun ekonomiko zehatz batzuk baino ez direla. Ekonomia dela, ez politika.

Bruselak eta Washingtonek, ordea, Marco Poloren berbari baino balio gutxiago aitortzen diote Conterenari. XIV. mendeko Venezian ohiko kontua ei zen entzutea «Marco Polo baino gezurtiagoa zara» kexa, garaikide askok ez baitzuten sinisten benetan Asiako bidaia exotiko horiek guztiak egin zituenik. Oraingo honetan, Conteren fidagarritasunak bainoago, Pekinek merkataritzaz harago izan litzakeen asmoek piztu dute AEBen eta EBren susmo txarra.

Izan ere, badira gai arantzatsu batzuk memorandumean: besteak beste, telekomunikazioei buruzko konpromisoak eta G5ari buruzkoak. Etxe Zuriak sarri ohartarazi du Txinako konpainiek informazioa ematen diotela Pekingo gobernuari, eta balitekeela horrek arriskuan jartzea kasuan kasuko herrialdearen segurtasuna. Gainera, beldur dira Asiako erraldoia azpiegitura gakoen jabe egingo ote den.

Alde horretatik, Donald Trumpek gerra deklaratua dio Huaweiri, eta debekatu egin du telekomunikazioaren Txinako konpainia erraldoia kontratatzea G5 teknologia sare ultralaster berriak jartzeko —Europako Ericsson eta Nokia ditu lehiakide nagusiak G5 sareetan—, eta gauza bera erabaki dute Australiak eta Zeelanda Berriak ere; Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Kanada zer egin pentsatzen ari dira.

ZORRA

Horrez gain, Mendebaldeko potentziek aurreikusten dute Erromak tentazioa izan lezakeela, Txinarekin harremana estututakoan, Pekinen atea jotzeko zor publikoa arintze aldera. Italiak BPGaren %132ko zorra dauka. Oso zor handia da: EBko bigarren handiena, Greziaren atzetik.

Jakina, Washingtonek eta EBko potentzia handiek ohartarazi dute zorra Txinaren esku jarritakoan Italiak nekez ukatu ahal izango dituela Pekinen eskari ekonomiko eta politikoak. Troiako zalditzat jo dute Pekinen estrategia, eta zorraren tranpa deitu diote. Baina badago gogoan izateko datu bat: Txinako Gobernua bera da AEBen atzerriko hartzekodun nagusia, 1.039 bilioi eurorekin.

HIPOKRISIA

Italiako prentsak Mendebaldeko eta zehazki Europa erdialdeko eta iparraldeko gobernuen hipokrisia salatu du. Izan ere, Txinaren inbertsio gehiago jasotzen dute haiek Marco Poloren herrialdeak baino.

Italiak Txinako inbertsio gutxi jasotzen ditu, Europako bazkideekin alderatuta behintzat. Txinak mende hasieraz geroztik herrialdean egindako inbertsioak BPG barne produktu gordinaren %0,75 baino ez dira. Kopuruak dezente handiagoak dira EBko beste herrialde askotan: Danimarkan eta Suitzan, BPGaren %1,2; Irlandan, %1,3; Herbehereetan, %1,4; Erresuma Batuan, %2,5; eta Finlandian, %3,8.

Hori bai, iparraldeko herrialdeek zarata handirik egin barik erakarri dituzte yuanak, zetaren bidearen itunik sinatu barik eta memorandumik sinatu barik.

PORTUGAL ERE BADABIL

Baina Italia ez da zetaren bide berriarekin bat egin duen EBko bazkide bakarra. Abenduan antzeko memorandum bat izenpetu zuten Xik eta Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidenteak, Erromakoaren pareko ponperiarekin. Xik eskuan dauzka Portugalgo Sinesko giltzak eta Atenasko Pireo portuarenak.

EBko 11 herrialdek —Europa ekialdekoak gehienak— eta Balkanetako beste bostek ere bat egin dute zetaren bide berriarekin. Pekingo gobernua hasia da azpiegitura handiak finantzatzen, esate baterako Serbian eta Hungarian: autopistak eta trenbideak, besteak beste.

ATZERRIKO INBERTSIOAK

Xiren Erromako bisita garai delikatuan dator, EB mekanismo bat martxan jartzen ari baita atzerriko inbertsio zuzenak gehiago kontrolatzeko. Italiaren ezezkoarekin atera zuten aurrera mekanismoa Alemaniak eta Frantziak, Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren babesarekin.

Arauaren helburuetako bat da elkarrekikotasuna bermatzea inbertsioa egiten duen herrialdearekin; hau da, Txinak Europan sektore jakin batean inbertitzen badu, kontrako norabidean ere inbertsioak egiteko aukera izatea. Gaur-gaurkoz, Txinak debekatuta dauzka atzerriko inbertsioak sektore batzuetan.

ITALIAKO BARNE TENTSIOA

Erromako sinadurak eragin ditu txinparta batzuk Conteren koalizio gobernu barruan ere. M5S Bost Izar Mugimendua Txinarekin merkataritza harremana estutzeko nahiko ados egon da hasieratik, onura ekonomikoak helburu; Legak, aldiz, errezelo gehiago izan ditu, Pekinen esku hartze posibleak kalte egin liezaiekeelakoan herrialdearen segurtasunari eta subiranotasunari. Zalantzak uxatu eta desberdintasunak berdindu dituzte, ordea, eta orain ez dago errezelorik. Gaurko sinadura da konfiantza horren lekuko.

TXINAREN HEDAPENA

Munduko lehen potentzia ekonomiko bihurtzear dago Txina, eta posizio hori sendotzeko lanean ari da. 2016az geroztik, herrialdeko enpresek 20.600 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dituzte planeta osoko portuak erosi, eraiki edo ustiatzeko eskubideak eskuratze aldera; horien artean, Txinako Cosco multinazionalak kontainerren terminal bat bereganatu zuen Bilboko portuan 2017. urtean.

Txina portuen sare ikaragarria ari da josten, baina oraindik ere motz geratzen da itsasoko merkataritzako beste bi erraldoiekin konparatuta: Danimarkako Maersk eta Emirrerri Batuetako DP World-ekin. Txinako Cosco eta China Merchants erraldoi 30 portu gobernatzen dituzte hamabost herrialdetan, eta 50 terminaletik gora dauzkate hamahiru herrialdetan. Maerskek, aldiz, 76 portu dauzka 41 herrialdetan; DP Worldek, ostera, 77 portu dauzka, 40 herrialdetan.

Txina itsas merkataritzaren negozioaren gailurrean dago, baina ez lehen postuan oraindik. Edozelan ere, lehiakideak baino bizkorrago ari da hazten. Negozioa erraldoia da; izan ere, ICS Nazioarteko Itsas Garraioko Ganberaren arabera, itsasoz garraiatzen dira munduan garraiatzen diren merkantzien %90 inguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.