HILBERRIA. Paul Laxalt

Reaganen euskal adiskidea

mikel rodriguez
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Paul Laxalt Nevada estatuko gobernadore aukeratu zuten 1966an, eta, urte berean, ondoko Kalifornia estatukoa hautatu zuten Ronald Reagan. Bi politikarien ibilbideak zeharo lotu ziren hortik aitzinera, Kaliforniakoa AEBetako presidente eta Nevadakoa haren hurbileko aholkulari bihurtzeraino. Reagan zendu zenean (2004), Reno Gazette-Journal Nevadako egunkariak «Hollywoodeko izarraren eta euskal etorkinen semearen» arteko adiskidetasuna nabarmendu zuen. «Gizon berezia izan zen zentzu guztietan», erran zuen Laxaltek orduan Reagani buruz. Herenegun zendu zen Laxalt, 96 urterekin, Virginiako McLean hirian.

Nevadako Reno hirian jaio zen Laxalt, 1922an. Dominique Laxalt eta Therese Alpetxe euskal etorkinen sei seme-alabetan zaharrena zen. Gobernadore zela, Francisco Franco Espainiako diktadoreari telegrama bat bidali zion 1970ean, ETAko hamasei kideren aurka egiten ari ziren epaiketa militarra salatzeko. 1974an senatari aukeratu zuten, eta hurrengo presidentetzarako hiru hauteskundeetan Reaganen kanpainako burua izan zen. Partekatzen zuten ikuspegi guztiz kontserbadore, neoliberal eta antikomunistak harreman sendoa sortu zuen bien artean, eta Reaganen agintaldiak iraun zuen urte gehienetan Etxe Zuriaren eta Kongresuaren arteko lotura lanaren arduradun nagusia izan zen Laxalt. Bere ibilbide politikoa 1988an bukatu zen, Alderdi Errepublikanoan Reaganen ondorengotzarako lehian huts egin ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.