AEBek ondorio latzak izan ditzakeen hilketa selektibo bat egin dute Iraken

AEBek Qasem Soleimani Irango Guardia Iraultzailearen buruzagia hil dute eraso batean, Bagdaden. Zortzi hilotz utzi ditu guztira bonbardaketak. Ali Khameneik «mendeku gogorra» iragarri du

Soleimaniren hilketaren aurkako protestak, atzo, Teheranen. Ameriketako Estatu Batuetako banderak erre zituzten herritarrek. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuek Qasem Soleimani Irango Guardia Iraultzailearen buruzagia hil zuten atzo goizaldean, drone batekin eraso eginda, Bagdaden. Beste zazpi lagun ere hil zituzten bonbardaketan, tartean Abu Mahdi al-Mohandes, Irakeko Herri Mobilizaziorako Indarra milizia xiitako presidenteordea. Bi lider horiez gain, goi karguak zituzten militarrak ere badaude hilotzen artean. Ali Khameneik, Irango lider gorenak, Esmail Qaani izendatu zuen atzo Irango Iraultzaren Zaindarien buruzagi berria.

Eraso selektibo honek aurreikusi ezin daitezkeen ondorio latzak izan ditzake. Ekialde Hurbileko hegemonia izateko borrokan ari dira Teheran eta Washington, eta bien arteko tentsioa areagotuz doa. Pentagonoko iturrien arabera, Donald Trump presidenteak berak agindu zuen erasoa, eta, gaineratu dutenez, helburua Iranen etorkizuneko planak «bertan behera» uztea zen. «Soleimani aktiboki ari zen planak garatzen diplomazialariei eta estatubatuarren zerbitzuko kideei erasotzeko».

Irakek gogor gaitzetsi du erasoa. Adel Abdul Mahdi lehen ministroak Iraken subiranotasunaren kontrakotzat jo ditu hilketak. Horrez gain, ohartarazi du ekintza horrek «gerra suntsitzailea» pitz dezakeela Iraken, eskualdean eta munduan. Berdintsu mintzatu da Ali al-Sistani aiatola, xiiten agintari gorena, eta salatu du erasoa Irakeko subiranotasunaren eta nazioarteko itunen urraketa nabarmena dela. Khameneik, berriz, «mendeku gogorra» iragarri du AEBen aurka. Erantzun horren aurrean, AEBek Ekialde Hurbilera soldaduak bidaltzea erabaki dute; 3.000 eta 3.500 artean izango dira. Halaber, Irakeko Parlamentuak bozketa egingo du gaur, AEBek herrialdean dituzten tropak ateratzeko.

Erasoa Bagdadeko aireportutik gertu egin zuten. Lekukoen arabera, gidaririk gabeko hegazkin batek Irango buruzagi militarra zihoan autoa bonbardatu zuen. Horren eraginez, bi auto kiskalita geratu ziren, eta guztira zortzi lagun zendu ziren. Izen nabarmenena Qasem Soleimanirena da. Hura Irango buruzagi militarrik ezagunena zen, EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan izaniko rolagatik; besteak beste, Siriako eta Irakeko gerretan parte hartu zuen. Egun, Guardia Iraultzaileak Irandik kanpo egiten dituzten operazioen buru zen.

Trumpek, erasoaren ostean, AEBetako banderaren argazki bat igo zuen bere Twitter kontura, inolako azalpenik eman gabe. Ordu batzuk geroago erantzun zuen publikoki, «Iranek ez du inoiz irabazi gerra bat, baina ez du inoiz galdu negoziazio bat» esanez. Soleimani jenerala gogor kritikatu eta haren aurkako erasoa goraipatu zuen ondoren: «Soleimanik milaka estatubatuar hil edo larri zauritu ditu denbora luzez, eta beste asko hiltzeko asmoa zuen. Milioika pertsonaren heriotzaren erantzule zuzena nahiz zeharkakoa izan zen. Duela urte asko hil behar zuten».

Protesta sutsuak

Erreakzioen soka luzea eragin zuen erasoak, eta, ostiraletako errezoen ondoren, milaka lagun elkartu ziren Iranen Soleimaniren hilketa gaitzesteko. Teherango hirigunean, meskitaren aurrean, manifestariek «heriotza AEBei» edota «heriotza Israeli» oihukatu, eta mendekua eskatu zuten. Washingtonek, berriz, Iraken dauden estatubatuar guztiei «berehala» herrialdetik irteteko gomendatu zien.

Teheranen eta Washingtonen arteko tirabira asko tenkatu da azken asteetan. Abenduaren 29an, AEBetako tropek Irakeko milizien hainbat posizio bonbardatu zituzten. Denera, 25 lagun hil eta 50 inguru zauritu zituzten, Herri Mobilizaziorako Indarren esanetan. Washingtonen arabera, Kataib Hezbola talde xiitaren aurkako «eraso defentsiboak» izan ziren bonbardaketa horiek. Erasoari erantzunez, protestan ateratako ehunka herritarrekAEBen enbaxada inguratu zuten Bagdaden, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean.

Gerra pitz dezakeen hilketa izan da Soleimanirena. Iranek Ekialde Hurbilean zuen geoestrategiaren benetako burua eta sortzailea zen, eta AEBek hura hil izanak sor ditzakeen ondorioak ez dira aurreikusteko errazak. Irakeko lehen ministroak aitortu du erasoak egoera okerrenera eraman dezakeela herrialdea, eta gerra bat sortzearen eragile izan. Soleimani hil izanaren oihartzuna Libanora, Siriara, Yemenera eta Afganistanera ere zabalduko da; AEBetako hauteskunde kanpainan eragingo du —demokratek jada kritikatu dute operatiboa—; eta Irango protestetatik arreta aldentzeko ere balioko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.