David Edward. Europako Justizia Auzitegiko epaile ohia

«Mayk ez du asmatu bere aukerak baliatzen»

Erresuma Batuko lehen ministroak ez duela sinesgarritasuna galdu uste du epaile ohiak, EBtik atera nahi duen gizartearen zati handi bat ordezkatzen duelako. Baina 'brexit'-aren negoziazioetan marra gorriak ezarri izana erabaki okerra izan dela deritzo.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ander perez zala
Donostia
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Erresuma Batuko eta Europako legelari ezagunenetako bat da David Edward (Perth, Eskozia, 1934). Europako Justizia Auzitegiko epaile izan zen 1992tik 2004ra, eta egun Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonen aholkularia da Europarako Kontseilu Iraunkorrean. EHUk gonbidatuta izan da Euskal Herrian, brexit-ari buruzko mintegi bat emateko.

Kritiko agertu zara Erresuma Batuaren jarrerarekin.

Gaitasunik eza erakutsi dute. Europako Batasunean sartzeko prozesu bat negoziatzen ari garela dirudiela esan zuen norbaitek, hain justu kontrakoa egiten ari garenean. Erabaki genuen EBtik ateratzea, baina ez gaude prest ateratzeak dakartzan ondorioei aurre egiteko. Gustatzen zaizkigun tokietan jarraitu nahi dugu, eta gustatzen ez zaizkigun tokietatik atera. Eta konturatu gara hasieran gustatzen ez zitzaizkigun gauza batzuk orain agian gustatzen zaizkigula. Egoera zoroa da. Theresa May lehen ministroak ez du asmatu bere aukerak baliatzen.

Adosturiko egutegia errealista izaten ari al da?

Gure erabakia izan zen 50. artikulua aktibatzea, eta hori egin genuen jakin gabe zein izango zen gure negoziazioetarako jarrera. Ituna argia da: akordiorik badago,2019ko martxoan joango gara. Baina Erresuma Batuko gobernua aldatzen bada, eta aukera handiak daude horretarako, beste gobernu batek esan liezaioke EBri orain arteko jarrera ezin dugula negoziatu adosturiko egutegian, eta hori aldatu beharko litzatekeela, denbora gehiago lortzeko. Kasua hori balitz, ez litzateke errealista izango EBrentzat ezezkoa ematea. Ez dakidana da estatu kideak ados egongo diren.

Marra gorriekin negoziatzea estrategia egokia izan da?

Ez, Mayren marra gorri guztiak okerrak izan dira. Marra gorri horiek zehaztuta, bere negoziazio boterea mugatu zuen.

Bere sinesgarritasuna galdu du prozesuan?

Erresuma Batuan ez guztiz, oraindik badagoelako gizartearen zati handi bat EBtik atera nahi duena, eta Mayk hori ordezkatzen du.

Iaz esan zenuen EBtik atera nahi duten Erresuma Batuko Gobernuko ministroek «garaitu ezin daitekeen ezjakintasuna» dutela Europako Justizia Auzitegiaren inguruan.

Bai. Ez dute ulertzen zein den bere zeregina, ez baitituzte bereizten Europako Justizia Auzitegia eta Giza Eskubideen Europako Auzitegia. Eta ez dira ohartzen zenbateraino izan den merkatu bakarraren bermatzailea.

Erraza izango da auzitegitik ateratzea?

Ez, merkatu bakarrean jarraitu nahi badugu. Ez dut uste 27 estatuek onartuko dutenik Erresuma Batuak EBren programa batzuetan jarraitzea eta auzitegiak jurisdikziorik ez izatea han.

Londresek zail izango du auzitegiaren eragina saihestea. Brexit-aren ostean, EBra esportatu nahi badu eta arazoren bat badago, auzitegiak izango du azken hitza.

Estatu kideak gatazka horretan baldin badaude, bai. Adibide bat: Erresuma Batuak Ameriketako Estatu Batuekin merkataritza itun bat adosten du. Itun horrek, noski, ahalbidetuko lieke EBko legediak debekatzen dizkion produktuak Erresuma Batura esportatzea: hormonekin tratatutako haragia, esaterako. Eta, ondoren, produktu horiek EBra esportatu nahi badira, azken hitza Europako Justizia Auzitegiak izango du, EBko legediarekin bateragarria ote den zehazteko.

Beraz, auzitegiak oraindik eragina izan lezake Erresuma Batuan.

Bai, baina ez da bere jurisdikzioan egongo, eta ezingo dio agindurik eman. Erresuma Batua Europako Justizia Auzitegiaren erabakien menpe egongo litzateke.

EBk nahi du brexit-aren ostean Erresuma Batuak auzitegiaren jurisdikzioan jarraitzea. Hori al da irtenbiderik egokiena?

Ez da irtenbide ona, Erresuma Batuak ez duelako epailerik izango auzitegian. Beraz, eta errespetu osoz diot hau, atzerriko auzitegi bat izango da; eta hori da, hain justu, egin zaion kritika originala. Zentzugabea da esatea Erresuma Batuak auzitegiaren jurisdikzioan egon behar duela, Erresuma Batuak tokirik ez duen auzitegi batean egotea. Baina Mayk onartu du trantsizio epean epailerik ez izatea auzitegian, eta auzi hori erabil zezakeen karta bat zen, baina Mayk bota egin du.

Geroko harremanaren inguruan, Michel Barnierrek esan du egokiena Norvegiak egun EBrekin duenaren antzekoa litzatekeela.

Ez nago guztiz ados. Norvegia ez dago aduana batasunean; beraz, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko mugaren arazoa ez da konponduko, arazoak aduanekin eta merkatu bakarrarekin zerikusia duelako.

Bigarren erreferenduma egiteko ahotsek indarra hartu dute negoziazioetan. Bideragarria ikusten al duzu?

Galdeketaren baldintzen arabera, bai. Beste erreferendum bat egiten badugu lehenaren baldintza beretan, alegia bakoitzak nahi duena esaten nahiz eta egia ez izan, ez nuke nahi. Bigarren galdeketa batek funtzionatzeko, uste dut gobernu aldaketa bat egon beharko litzatekeela Erresuma Batuan, eta gobernu horrek esatea EBn jarraitu behar dugula eta EBtik kanpo ez dagoela irtenbide onik. Eta galdeketa iritzi horren ingurukoa izatea.

Zein gobernu diozu?

Bozetatik ateratakoa edo atera gabekoa. Eta kontserbadorea, laborista edo koalizio bat izan daiteke. Alderdi Kontserbadorearen eta Alderdi Laboristaren liderrek EBtik atera nahi dute. Erdian, aldiz, bloke bat dago, bi horiek baino zabalagoa dena, baina ez du liderrik koalizio baten buru bilakatzeko prest egongo litzatekeena.

Brexit-aren legea Komunen Ganberan eztabaidatuko dute laster. Mayk porrot handia jasan lezake. Legea aurrera ateratzeko aukerarik al du?

Ez. Niretzat, lege hori zentzugabekeria bat da; inork ez daki praktikan zer izango den. Egungo teoria da EBtik aterako garela, baina legediak berdin jarraituko duela. Hau da, EBkoa Erresuma Batukoa bilakatuko dela; baina Mayren legeak ez du esaten nola gertatuko den hori. Hau guztia makineriari buruzkoa da, ez mamiari buruzkoa. Eta makineriak ez du funtzionatuko. Lehen aldia da Erresuma Batuko gobernu bat hain egoera kaotiko eta desordenatuan dagoela. Ezin dugu ezer aurreikusi, eta hori ez da oso britainiarra [barre egin du].

Bigarren independentzia erreferenduma nahi du Sturgeonek.

Gako interesgarri bat aipatu behar da: Erresuma Batutik ateratzea bozkatu zuten herritarren kopurua ez da Europako Batasunean jarraitu nahi duten herritarren kopuru bera, Eskozia independentea nahi duten batzuek ez dutelako nahi EBko kide izan. Uste dut Eskoziako gehiengoak bozkatuko lukeela EBn jarraitzearen alde, baina ez naiz ziur Erresuma Batutik ateratzearen alde bozkatuko duenik.

Independentea bilakatuz gero, Eskoziak EBn jarraituko luke?

Auzi hori ez dago oso argi. Nire ustez, Eskoziarentzat erosoena litzateke Europako Esparru Ekonomikoan egotea Norvegiarekin eta Islandiarekin. Eurogunean egon nahi ez duten hiru herrialde lirateke, baina interes komunak lituzketenak EBtik hurbil egoteko, betiere estatu kide izan gabe. Norvegia, esaterako, oso ondo dago EBtik kanpo. Eskoziak EBn jarraitu nahiko balu, EBn izango duen tokia negoziatu beharko luke. Eta ez du zertan izan hirugarren estatu gisa, gaur egun oraindik EBko kide delako. Beraz, auzia da zer neurritan bilakatuko den independentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.