Gaur hastekoa zuten gose greba atzeratu egin dute preso palestinarrek

Tel Avivek «hainbat aldarrikapen» onartu dizkiela jakinarazi du Atxilotze Administratibopeko Presoen Batzordeak. 1.083 daude egoera horretan Israelen

Gose greban hildako Khader Adnan preso palestinarraren aldeko ekitaldi bat, maiatzean, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Atxilotze administratibopean dauden milatik gora preso palestinarrek gose greba mugagabea hastekoa zuten gaur. Salatzen dute euren eskubideak urratzen dituela Israelek, akusaziorik aurkeztu gabe euren atxiloaldia etengabe luzatuz. Atzo, baina, azken orduan urrats bat atzera egin zuten, eta iragarri joan den asteazkenean izandako azken elkarrizketetan Tel Aviv prest agertu zela presoen «hainbat aldarrikapen» onartzeko, eta haien ordezkaritzarekin hitz egiten jarraitzeko. Hala, Atxilotze Administratibopeko Presoen Batzordeak iragarri zuen bertan behera utziko zutela gose greba, «behin-behinean». Hori bai, ohartarazi zieten Israelgo agintariei datorren hilean hastekoak dituzten elkarrizketak direla urratsak egiteko «azken aukera».

Gaur egun 1.083 palestinar daude Israelgo espetxeetan atxilotze administratibopean; tartean 19 adingabe. Estatus horrek aukera ematen dio Tel Avivi edonor atxilo hartzeko haren aurkako akusazioak publiko egin beharrik gabe, eta atxiloaldia nahi adina luzatzeko. Hala, presoek ez dute abokatu bat alboan izateko eskubiderik euren aurkako epaiketan, eta, haien aurkako salaketak sekretupean daudenez, ez dakit zehazki zer egozten dieten ere. Iaztik, preso askok uko egin diote haiek epaitzen dituzten auzitegi militarrak aitortzeari; izan ere, armada da atxilotze administratibopean dauden zibilen egoera erabakitzen duena.

Khader Adnan

Maiatzean hil zen Khader Adnan, 87 eguneko gose grebaren ostean. Otsailetik zegoen atxilotze administratibopean. «Eskualdeko segurtasuna arriskuan jartzea» egotzi zioten, baina xehetasun gehiagorik eman gabe. Haren heriotzak protesta gogorrak eragin zituen Zisjordanian eta Gazan, eta hura hiltzea egotzi zioten manifestariek Israelgo Gobernuari.

Hala, ekintzailearen heriotzak eragina izan zuen egoera berean zeuden presoen artean ere, eta horrek bultzatu zituen gose greba mugagabe bat hasteko erabakia hartzera. «Praktika hau [atxilotze administratiboa] ez da zerbait isolatua, Israelgo erregimenaren politika sistematikoen zutabeetako bat baizik. Modu horretan, okupazioaren zerbitzura lan egiten duen edozein buruzagik edonor atxilo dezake Israelgo Estatuaren aurka ari den susmo hutsarekin», salatu du Addamer taldeak, preso palestinarren sostengurako giza eskubideen erakundeak.

Baina Israelgo Gobernuak entzungor egin die orain arte bai palestinarren protestei, baita nazioartearen kritikei ere, eta ez dirudi jarrera aldatzeko asmorik dutenik. Hain zuzen ere, gaur onartzekoa dute behin-behinean lehen berri bat zeinak atxilotze administratiboak agintzeko eskumena ematen diote Segurtasun Nazionalerako ministroari —orain arte Barne ministroak soilik zuen eskumen hori—. «Estatu segurtasuna» argudiatu du Tel Avivek lege proposamena bultzatzeko.

Giza eskubideen aldeko erakundeek gogor kritikatu dute erabakia, eta salatu «gizarte arabiarrean krimenak gutxitzeko aitzakian bere esanetara egongo den Polizia bat» sortu ahal izango duela Segurtasun Nazionaleko Ministerioak, eta horrek ugaritu egingo dituela palestinarren aurkako atxiloketa arbitrarioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.