Jaitsiera postuak atzean uztea dute xede Alavesek eta Osasunak

enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Oso bolada ezberdinean dira Alaves eta Osasuna, baina helburu bera izango dute gaur Mendizorrotzan jokatuko duten derbian: garaipena lortu, eta, hartara, Bigarren Mailara jaisteko postuetatik urruntzea. Arabarrek irabazi ezkero, sailkapenean harrapatu egingo lituzkete nafarrak 22 puntu dituzte oraintxe, gorritxoek baino hiru gutxiago. Arnasa apur bat ere hartuko lukete, putzutik puntu bakarrera baitaude. Hori eragozten saiatuko da Osasuna, azkenaldiko igoaldiari segida eman, eta garaipen lasaigarria lortuta. Golen aldea ere erabakiko da gaur; bana berdindu zuten Sadarren.

Zalantzaz beterik iritsiko da Alaves. Ezin daiteke bestela izan, azken bi partidetan bederatzi gol jaso ostean. Gainera, garaipen bakarra lortu du azken bederatzi jardunaldietan. Lehenbailehen iratzarri beharra dauka. Abelardok Ximo berreskuratuko du gaurko lehiarako; haatik, Javi Lopez eta Duarte ez dira oraindik osatu. Litekeena da Lucas hamaikakora itzultzea, Deyversonen ordez, eta ikusteko dago Cordoba edo Rioja, bietako nor ariko den ezker hegalean.

Osasuna, bere aldetik, Sevillaren kontrako porrota ahazten saiatuko da, atzera garaipenaren bidera itzultzeko. Akuilu izango du Jonyren itzulera: erdilaria deialdian sartu da hilabete batez min hartuta egon eta gero. Ivan Martinez ere sartu dute deialdian. Alabaina, zerrendatik at gelditu dira Iñigo Perez eta Brasanac: bata, pubisean arazoak dituelako, eta bestea, COVID-19an positibo eman duen norbaitekin harreman zuzena izan duelako.

ALAVES-OSASUNA
Alaves. Pacheco; Ximo, Laguardia, Lejeune, Martin; Pina, Manu, Edgar, Rioja; Lucas eta Joselu..
Osasuna. Herrera; Vidal, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Moncayola, Torro, Roberto Torres, Ruben Garcia; Budimir eta Calleri.
Epailea. Sanchez Martinez.
Lekua. Mendizorrotza.
Ordua. 18:30 (Movisar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.