Pello Bilbao. Bahrain taldeko txirrindularia

«Ondo daramat lider izateak dakarren ardura; gozatzen ari naiz»

Denboraldi hasiera distiratsua izan du Bilbaok, «jarrera aldaketa» tarteko. Itzuli bat irabazi nahi du, eta gogoz dago «arriskuak hartzeko». Etapen bila ere jarraituko du bizkaitarrak, Australian sasoiko lehena irabazi eta gero.

MANUEL BRUQUE / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Hazkunde motel baina etengabea izan du Pello Bilbaok (Gernika,Bizkaia, 1990), munduko ziklistarik onenetako bat bihurtzeraino. Hamaika garaipen lortu ditu azken bost urteetan, eta hiru bider finitu du Giroa sei onenen artean. Gainera, beti dabil aurrean astebeteko itzulietan. Zernahi ere, ez du uste goia jo duenik: «Oraindik badut hobetzeko tartea eta motibazioa». Sailkapen nagusian lehiatzen saiatuko da Euskal Herriko Itzulian; bestelako helburuak izango ditu, aldiz, Frantziako Tourrean.

Indar betean hasi duzu denboraldia, emaitza aldetik bederen. Nola ikusi duzu zeure burua?

Ondo, espero nuen moduan. Gogor hastea eta aukera guztiak aprobetxatzen saiatzea zen intentzioa. Iaz ere antzerako planteamendua egin nuen, hasieratik ezer gorde gabe, eta lasterketa guztiak lehiatzen saiatuz. Alde horretatik, ez naute ezustean harrapatu sasoi hasierako emaitzek.

Eta are hobeak izan zitezkeen: Valentzian, adibidez, sailkapen nagusia irabazteko zorian izan zinen, baina laugarren bukatu zenuen azkenean.

Irabaztera jokatu nahi izan nuen, eta gaizki irten zen jokaldia. Ardura guztia sailkapeneko liderrari [Giulio Cicconeri] utzi nion, gero esprintean garaipena lortzen saiatzeko. Etapa irabazita, garaipen orokorra ere nirea zen. Ez zen ondo atera, baina ez nuen damurik eduki, hori zelako biderik aproposena.

Valentzian bi segundorengatik egin zizun ihes podiumak; Arabiar Emirerrietan, berriz, hiru segundora geratu zitzaizun hirugarren postua. Amorragarria izan behar du.

Han ere anbizioz aritu nintzen. Podiuma nahiko seguru ikusten nuen, eta, arriskatzeko gogoz, bigarren postuaren bila joan nintzen. Behar baino esfortzu handiagoa egin nuen, ordea, eta azken kilometroetan latz ordaindu. Lastima izan zen, taldearentzat oso lasterketa garrantzitsua delako. Taldekideek merezi zuten sari hori, aste osoan lan ederra egin ostean, baina laugarren postuarekin konformatu behar...

Down Under itzulian hasi zenuen sasoia, eta han bai, podiumera igo zinen, etapa bat patrikaratzearekin batera. Oro har, inoizko urte hasierarik onena izan duzu?

Seguruenik, bai. Goizago hasi dut denboraldia, eta urtarrilean garaipen bat lortzeak konfiantza handia ematen dizu. Balio handia ematen diot Australian egindakoari, baita Strade Bianchen lorturiko zazpigarren postuari ere. Oso zaila da lasterketa horretan lehen hamarren artean sartzea, dagoen mailarekin eta lasterketak duen zailtasunarekin. Podiumaren lehian apur bat gertuago egon nahi genuen, baina gure kartak ondo jokatu genituen, eta ezin daiteke gehiago eskatu.

Zer sekretu dago sasoi hasierako distiraren atzean? Aldaketaren bat egin duzu prestaketa aldetik?

Iaz lehenago bukatu nuen denboraldia, eta prestaketa aurreratu egin dut. Eta gero, intentzioa aipatu behar da. Iaz, Valentziako itzulira erritmoa hartzera joan nintzen; aurten, ostera, irabazteko mentalitatez aritu naiz, Australian bezala. Aurrez lan serio bat eginda eta ibilbideak ondo aztertuta joan nintzen hara. Gainera, aurrerapenez bidaiatu nuen, egokitzapen hobea izateko. Nire esku zegoen guztia egin dut ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko.

Horren indartsu hasita, ez dizu beldurrik ematen urte bukaerara akituta iristeak?

Azken urteetan nire denboraldiak antzera planteatu ditut, eta ondo moldatu naiz. Aurrez lan karga handiagoak ere sartu izan ditut; adibidez, urtebeteko epean lau itzuli handi egin nituenean [bi Giro eta bi Tour lehiatu zituen 2020ko abuztutik 2021eko uztailera]. Gorputza mugara eraman nahi izan dut, eta ikusi dut mugak urrun daudela. Alde horretatik, ez daukat beldurrik.

Goi-goian jarraitzen duzu txirrindularien munduko sailkapenean: seigarren zeunden Strade Bianche bukatu ostean. Nola sentiarazten zaitu horrek?

Asko esan nahi du. Niri neuri, erregulartasunak eman dit hor goian egoteko aukera. Inguruan ditudan ziklistek baino garaipen bilduma apalagoa izan dezaket, baina beti nago aurrean, denboraldiaren hasieratik bukaerara. Datu interesgarri bat erakutsi zidaten lehengoan: azken urtebetean egindako itzuli guztietan lehen bosten artean egon naiz, Tirrenon izan ezik.

Etapen bila aritzen zinen garai batean, baina lider gisa ere jardun zara azken urteetan. Garapen handia izan duzu ziklista moduan.

Bai, konfiantza hartu dut, taldeak nigan sinetsi du, eta ez dut beldurrik izan ardura hori nire gain hartzeko. Modu naturalean etorri da zeregin berria. Ondo daramat lider izateak dakarren ardura; gozatzen ari naiz. Benetan gozatzekoa da neure burua maila honetan ikustea profesional gisa hasi eta hamahiru urtera. Lan askoren emaitza da, eta behetik zatozenean, asko estimatzen da lehen urruti ikusten zenuen jende hori gertuago ikustea. Etapen jokoan egotea ere oso gustagarria da; horixe da ziklismoaz gozatzeko dudan modurik onena.

Zure onenetik gertu zaude, ala oraindik ez duzu goia jo?

Oraindik badut hobetzeko tartea eta motibazioa. Grina galtzen ez dudan bitartean, uste dut beti izango dudala hobetzeko aukera. Urtetik urtera gauzak hobe egin daitezke. Dena oso azkar ari da aldatzen, eta, nik ere erritmo horretan jarraitzen badut, garatuz jarraituko dut ziklista gisa. Ez zait mugarik jartzea gustatzen; denborak esango du noraino heltzen naizen.

Zein izan daiteke hurrengo urratsa? Astebeteko itzuli bat irabaztea, adibidez?

Hori da. Oso baikorra da lehen bosten artean hainbeste aldiz egon izana, baina, era berean, azken urteetan lasterketa bakar bat ere irabazi ez izanak erakusten du errematatzeko zailtasuna dudala. Hurrengo urratsak hori izan beharko luke. Alde horretatik doa urte honetako jarrera aldaketa. Azkenean, bitan podiumik gabe gelditu naiz nuen postuarekin ez nengoelako konforme. Arriskuak hartzeko eta gauza ezberdinak egiteko gogoa dut, eta uste dut bide horretatik iritsiko dela garaipena itzuli batean. Funtsezkoa da galtzeko beldurrik ez izatea.

Iaz arantza atera zenuen Euskal Herriko Itzulian, aurrenekoz etapa bat irabazita. Zer erronka izango duzu aurten?

Aukera polita daukat ibilbidearen planteamendu berria ikusita. Beste etapa bat irabaztea ederra izango litzateke, baina podiumaren erronka ere lortzeko dut oraindik. Erlojupekorik ez da izango, eta zaila da jakitea horrek nola eragingo didan. Ziurrenik, egongo dira ni baino erlojupeko hobea egiteko kapazak direnak, baina izan daiteke nik ere tarte apur bat ateratzea beste batzuei. Lasterketak bestelako gidoia izango du. Nahiago horrela, erlojupekoa azken egunean egitea baino; ez zitzaidan batere gustatzen. Lasterketak etapa nagusiarekin bukatu behar du, indartsuenak irabaz dezan.

Itzuli handietan oraindik ez zara podiumera igo. Helburu hori ere izango duzu aurten?

Ez; nire plana soilik Tourra egitea da, eta han oso garesti dago podiuma. Alferrikako esfortzu bat egitea litzateke. Ordea, etapen bila aritzea helburu interesgarria da nire kasuan. Euskal Herriko etapak zailenak izango dira: lehen egunetan ez da ihesean irabazteko edo ustekabea emateko aukerarik izaten. Baina batek daki. Indar betean iristen banaiz, posible izan daiteke etapen lehian sartu ahal izatea. Horrez gain, prest egongo naiz behar denean lan egiteko. Liderra, hasieran, Mikel [Landa] izango da.

Lau urte daramazue elkarrekin Bahrain taldean. Zer moduz konpontzen zarete?

Ondo. Elkarrekin lehiatzen garenean, gauzak argi ditugu. Nik beti esaten dut: sekula ez dut arazorik izango ni baino indartsuago dagoen norbaiten alde lan egiteko. Eta zer esanik ez, etxekoa eta aspalditik ezagutzen dudan norbait bada.

Bi beterano zarete gazte artean lehiatzen. Ziklismo erasokorragoa ekarri dute belaunaldi berriek. Zuri on egin dizu horrek?

Baietz esango nuke. Lasterketak geroz eta biziagoak eta irekiagoak izan, hobe niretzat. Lehian sartuago egoten laguntzen dit, eta gehiago egokitzen da nire korritzeko estilora. Lehenagoko ziklismoa ez zitzaidan oso erakargarria egiten kasu askotan. Ikuskizun gisa asko irabazi du txirrindularitzak, eta, bestalde, askoz gusturago lehiatzen gara ziklistak.

Ziklistak oso gazterik ari dira iristen gorenera azkenaldian. Zuk, ordea, kontrako bidea egin duzu: su geldoan bilakatu zara goi mailako txirrindulari. Zer da hobea?

Dena irabazten ari diren gazteek ibilbide laburragoak izango dituzte, oso zaila delako halako exijentziarekin urte asko egitea. Euren goia gazteago joko dute, eta hortik aurrera, onartu beharko dute ez direla gai maila berean lehiatzen segitzeko. 25 urte betetzen dutenerako bizitza guztirako behar adina diru edukiko dute, eta sekulako garaipen zerrenda. Egoera horretan, zaila da anbizioari eustea.

Zuk, ordea, gehiagoren gosez jarraitzen duzu 33 urterekin.

Berandu sartu nintzen ziklismoaren munduan, eta azpiko mailetan ez ginen horren profesionalak. Elitera ez ginen ofizioa horren ikasita iristen. Beste modu batean bizi zen txirrindularitza. Egia da 1990eko hainbat ziklistak oso emaitza onak izan dituztela gaztetatik, baina niri, nire ezaugarriengatik edo egon naizen taldeetan egonik, beranduago iritsi zait distira egiteko unea. Baina iritsi da, eta gozatzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.