Albistea entzun

Claudia Cuic. IDK-ko jokalaria

«Saskibaloiaren egunerokoari heltzeko energia ematen dit umeak»

Urtarrilean iritsi zen Donostiara hegalekoa. 2 urteko alaba du, eta amatasuna eta saskibaloia uztartzeko leku «egokia» topatu du Donostian. «Goi mailako gero eta emakume kirolari gehiago gara ama izateko urratsa egiten ari garenak», nabarmendu du.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2023ko martxoak 28 - Donostia

Esan ohi da saskibaloi jokalari bat kantxatik kanpo pozik dagoenean antzeman egiten dela kantxan. Hala ari zaio gertatzen Claudia Cuic IDK-ko jokalariari (Satu Mare, Errumania, 1989). 2 urteko alabak, Cataleyak, ematen dio bizipoz hori. «Gaskako partiden ostean beti jaisten da aldagelara, eta guztioi ateratzen digu irribarre bat». Donostiako taldea ez da nahi zuen sasoia egiten ari, baina, urtarrilean iritsi zenetik Cuic, funtsezko jokalari bihurtu da.

Gironaren aurka galdu eta gero, ia aukerarik gabe geratu zarete titulurako kanporaketak jokatzeko. Nola dago taldea?

Asko zaildu zaigu aukera hori, baina, aukerak izaten jarraitzen dugun bitartean, borrokan segituko dugu. Taldeak zorte txarra izan du denboraldi honetan. Lesio mordoa izan zituen azaroan eta abendu inguruan, eta jokalariren batek taldea utzi zuen. Hori dela eta, jokalari aldaketa dezente egin behar izan zituzten. Ni horregatik iritsi nintzen. Halako egoerek beti dute eragina. Bestalde, partida dezente galdu ditugu puntu gutxiren aldearengatik, edo aurkariak iraulita. Horrek min ematen du. Horietatik bizpahiru irabazi izan bagenitu, gauzak oso bestelakoak izango ziren. Detaile txikietan huts egin dugu partidetako une erabakigarrietan: defentsa bat hobeto egitea, jaurtiketa argiago bat bilatzea... Pena da, baina lanean jarraituko dugu.

Zu urtarrilean iritsi zinen. Iragan denboraldian Turkian aritu zinen, eta aurretik Euskal Herrian ere aritua zinen jokatzen, Gernikan. Berehala onartu zenuen IDK-ren eskaintza?

Bost urtez aritu nintzen Turkian, eta oso gustura nengoen. Baina herrialdean egoera korapilatsua zen, eta handik irteteko ordua zela sentitu genuen. Zortea izan genuen, oso gogorra izan baita lurrikararekin gertatukoa.

Nolako esperientzia izaten ari da Donostiakoa?

Hiria, taldekideak eta klubeko jendea zoragarriak dira. Oso pozik, eroso eta lasai bizi gara hemen nire familiakoak eta ni: 2 urteko txikia, senarra, nire ama eta amaginarreba. Niretzat hori funtsezkoa da. Haur bat izanik, asko erreparatzen diot horri nire kirol ibilbidearen inguruan erabakiak hartzeko orduan. Lehen, ziurrenik ez nituen hainbeste hausnartzen, eta beste gauza batzuei begiratzen nien. Orain, kirol kontuak garrantzitsuak dira, baina baita ere familiaren egunerokoa.

Nola moldatzen zara eguneroko horretan?

Gogorra da. Apenas dut denborarik niretzat, eta atseden hartzeko. Ez naizenean entrenatzen ari, txikiarekin ematen dut denbora guztia. Pentsa, eguneko momenturik lasaienak niretzat entrenamenduak dira [barrez]. Gogoan dut duela gutxi bidaietako batetik itzuli ginela goizaldean, eta ohera sartu eta ordubetera jada txikia esna zegoela nirekin jolastu nahi zuela esanez. Hondartzara joan ginen, eta hantxe ibili ginen korrika. 22:00etan oraindik sekulako energia zeukan. Baina ederra da. Sekulako energia eta poza ematen dit saskibaloiaren egunerokoari heltzeko. Zoriontsu naiz, eta hori kantxan nabari da. Zenbakiak ikustea besterik ez dago. Umea izan baino lehen nituenak baino hobeak dira. Fisikoki ere askoz hobeto nago; ez ditut lehen nituen tendoietako edo giharretako minak, adibidez. Kontuan hartu iaz hirugarren ebakuntza egin zidatela belaunean. Nabaritu dudan alde bakarra da orain ez dudala kantxatik kanpo taldekideekin egoteko hainbeste denborarik, umearekin nagoelako. Baina entrenamenduetan are gehiago laguntzen saiatzen naiz, gertu sentitu nazaten. Gainera, badakite zerbait behar badute hor nagoela.

Klubetik nolako erraztasunak ematen dizkizu?

Aipatu bezala, klubeko jendea zoragarria da. Erraztasun denak ematen dizkizute egunerokoan eroso egon zaitezen, eta horrek lasaitasun handia ematen dizu zure egunerokoa antolatzeko orduan. Denek izugarri maite dute txikia. Guztion haurra da. Partida amaitu eta berehala jaisten da kantxara, nirekin egotera eta jolastera. Eta galdu edo irabazi beti ateratzen digu irribarre bat bai niri eta bai taldekideei.

Oraindik ere badira klubak trabak jartzen dituztenak jokalariak ama izan daitezen. Hori kontuan hartuta, asko hausnartu zenuen erabakia?

Egia esan, ez. Nik garbi nuen ez niela uko egin nahi nire bi ametsei: ama eta goi mailako kirolari izateari. Amets batek ezin dizu bestea oztopatu. Biak dira bateragarriak, eta, zorionez, gero eta kirolari gehiago gara hori erakusten ari garenak. 31 urte nituen, eta guraso izateko garaia zela pentsatu genuen senarrak eta biok. Handik gutxira belauneko lotailu gurutzatua apurtua nuen. Gero, pandemia iritsi zen, eta liga guztiak eten ziren. Hilabetera haurdun nengoen. Artean Turkian jokatzen ari nintzen. Baina egoera ikusita, nahiago izan genuen etxera itzuli, Errumaniara.

Zer moduz haurdunaldiko hilabeteak?

Primeran. Haurra izan baino hiru aste lehenago arte entrenatzen aritu nintzen. Bete-betean nengoen osatze prozesuan. Prestatzaile fisiko eta suspertzaile batekin aritu nintzen lanean. Konfiantza handia eman zidaten. Gero eta gehiago garenez ama izateko urratsa egiten dugun jokalariak, prestatzaile fisikoek gero eta gehiago dakite gaiaren inguruan, eta horrek asko laguntzen digu. Prozesu guztian gogorrena izan zen jaio eta hilabete eta erdira COVID-19a harrapatu genuela. Beldurra pasatu nuen egun horietan.

Haurra izan eta zortzi hilabetera Tokioko Olinpiar Jokoetan zinen, 3x3ko selekzioarekin.

Hala da. Ia erditu arte entrenatzen aritu nintzenez, berehala itzuli ahal izan nintzen jokatzera. Kezka bakarra nuen: belaunak nola erantzungo zuen. Ondo erantzun zuenez, erditu eta bi hilabetera Errumaniako talde batean jokatzen aritu nintzen, Jokoetan parte hartzeko. Hautatzaileak deitu egin ninduen, eta Tokion egon nintzen, beste ametsetako bat betetzen.

COVID-19ari lotutako neurri murriztaileak direla eta, haurrak ezin izan ziren zuekin egon. Zer moduz moldatu zinen txikiarengandik urrun egonda?

Hautatzaileak deitu ninduenean, eskatu nion Errumanian egin behar genuen prestaketan txikia nirekin egon zedin, eta ez zidan trabarik jarri. Egun gutxi izan ziren Tokion, neurri murriztaileak tarteko ia lehiatu bezperan joan ginelako, eta parte hartzea amaitu eta segituan bueltatu ginelako etxera. Gainera, banekien haurra ondo zainduta zegoelako. Baina oso gogorra egin zitzaidan. Arreta osoa prestaketan jarri nuen, hain gogorra ez egiteko. Artean haurra oso txikia zen, eta ez zen jabetzen ez nengoela. Orain, ezingo nuke egin, bera jabetzen delako, eta etxetik joaten naizenean nire falta nabaritzen duelako.

Kirola eta amatasuna uztartzeko funtsezkoa izango zen etxekoen laguntza ere, ezta?

Bai, dudarik gabe. Aipatu bezala, senarraren, amaren eta amaginarrebaren laguntza daukat. Senarrak beti lagundu eta babestu nau nire kirol ibilbidean. Beti mugitu izan gara nik jokatu dudan herrialdeetara. Hori, soldata arrakala dela eta, oraindik ere ez da ohikoena. Izan ere, gizonezkoen soldatak handiagoak dira. Ondo ezagutzen du kirolaren mundua, eta hori funtsezkoa da.

Zer moduz Azu Muguruzarekin?

Oso gustura nago harekin. Asko eskatzen duen entrenatzailea da, baina, aldi berean, asko ematen dizu. Beti dago jokalariei entzuteko eta laguntzeko prest. Gainera, asko daki saskibaloiaz. Eta hori ikusita, jokalariok beti gaude gehiago emateko prest.

Puntuak sartzea da zure ezaugarri nagusia. Zer moduz daramazu ardura hori?

Ondo. Nik errespetu handia diot taldeetan dagoen hierarkiari. Denboraldi erdian iritsita, garbi nuen multzoa osatuta zegoela, eta horretara egokitu behar nuela. Taldean baziren puntu asko sartzen zituzten jokalariak: Maria [España], Marian [Coulibaly], Natalia [Rodriguez], Joy [Adams]... Beraz, hortik abiatuta nire ekarpena egiten saiatu naiz. Denen artean banatzen dugu ardura hori.

33 urte dituzu, gertu ikusten duzu erretiroa?

Ez dut horretan pentsatzen. Nahiago dut momentua bizi, eta entrenamendu eta partida bakoitzaz gozatu. Baina gutxienez beste denboraldi bat jarraitu nahiko nuke; esan bezala, sasoi onean nagoelako.

Donostian izatea nahiko zenuke?

Zergatik ez? Esan bezala, oso gustura nago hemen.

Errumaniako, Poloniako, Turkiako eta Espainiako ligetan jokatu duzu. Nongo saskibaloia duzu gustuen? Zein da zure ezaugarrietara hobekien egokitzen den saskibaloia?

Turkiakoa eta Espainiakoa. Turkian kalitate handia dago. Atzerritar gehienak WNBAn eta Euroligan jokatutakoak dira, eta haiekin jokatzen asko hobetzen eta ikasten da. Espainiako ligan, berriz, jokoa fisikoagoa da, gogorragoa, eta berdinduagoa. Parekotasuna handiagoa da taldeen artean. Turkian, berriz, badago aldea goiko eta beheko taldeen artean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Eizagirre, Anoetan, 2024ra arte berritu duela dioen elastikoarekin. ©Reala

Nerea Eizagirrek beste urtebeterako berritu du Realarekin

Julen Etxeberria

Erdilari tolosarrak zortzigarren denboraldia egingo du txuri-urdinen lehen taldean. «Polita da nire bizitzako taldean jarraitzea», esan du kapitainak

 ©JON URBE / FOKU

«Pena daukat Bidasoarekin tituluren bat irabazi ez izanaz»

Julen Etxeberria

Julen Aginagaldek bihar jokatuko du azken partida erretiroa hartu aurretik, 40 urterekin, eta punta-puntan 24 urtez aritu eta gero. Kirol ibilbide luze eta oparoa egin du; irabaz daitekeen ia dena irabazi du: «harro» dago egindakoaz.
Orioko arraunlariak iazko Gipuzkoako Txapelketa irabazi ondorengo ospakizunean. ©JON URBE / FOKU

Lehen helburuak jokoan

Beñat Mujika Telleria

Neguko sufrimenduak ahaztu, eta igandean hasiko dituzte arraunlariek traineruen urteko lehen txapelketa ofizialak. Zarautzen jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa. Iazko garaipenak errepikatzen saiatuko dira Orio eta Hondarribia.

Jokin Altuna, pilota batekin jolasean, Aitor Elordi aukeraketa hastear zegoen unean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Xehetasun txikietan dago txapela

Imanol Magro Eizmendi

Altuna III.ak eta Elordik antzeko pilotak hautatu dituzte finalerako. Jaurlaritzak dopin kontrola egin die finalistei. 215 sarrera gelditzen dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.