Albistea entzun

Jokin Apalategi. Soziologoa eta idazlea

«Espainiak independentzia du ikerketak ebaluatzeko; guk, ez»

Sorreratik, UEUren 'Uztaro' aldizkariaren zuzendaria izan da Jokin Apalategi, eta, 27 urteren ondoren, 100. zenbakian esan du agur. Nazionalismoaren ikerketari buruzko uzta utzi du bere ibilbidean.
ISABELLE MIQUELESTORENA Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2017ko abuztuak 9 - Angelu

Ahulezia garaietan soilik ez, uzta garaietan ere transmisioa egitea egokia dela uste du Jokin Apalategi EHUko katedradun eta idazleak (Ataun, Gipuzkoa 1943). UEU Udako Euskal Unibertsitatearen Uztaro aldizkariaren zuzendaria izan da hasieratik, eta 100. zenbakian pasatu du testigua. Pozik egoteko arrazoiak dituela dio, uzta oparoa jasota hartu duelako erretiroa: 621 artikulu eta 558 egile bildu ditu aldizkaria gidatu duen 27 urteetan. «Sare bat sortu dugu, eta lan militante izugarria dago atzean; horregatik izan da erraza orain arteko bidea». Euskarari unibertsitateko ikerketen atea ireki zion, besteak beste, Uztaro aldizkariak. Euskal Herriko ikerketak Madrilek zuzentzen ditu oraindik, ordea, eta hor jarri du fokua Apalategik: menpekotasun horretatik askatzea da, haren iritziz, egungo erronka nagusia.

1990ean sortu zen Uztaro aldizkaria, eta lehen zenbakitik zuzendu duzu zuk. Nolakoa izan zen hasiera?

Niretzat, garaiko testuingurua azaltzea beharrezkoa da aldizkariaren misioa ulertzeko. UEU Udako Euskal Unibertsitateak sortu zuen Uztaro, eta 1973an Donibane Lohizunen (Lapurdi) antolatutako ikastaroak dira prozesuaren abiaburua, han sortu baitzen UEU, oraindik ere euskara debekatuta zegoenean. Euskara eta unibertsitatea lotzea zen helburua, eta, ondorengo urteetan ere, hainbat ikastaro antolatu ziren horretarako. Jardunaldietan, material eta idazki asko bildu zen urteen poderioz, eta euskarazko produkzio horrekin guztiarekin hausnartzen hasi zenean sortu zen aldizkariaren ideia. Hamarkada horietan urrats handiak egin ziren Euskal Herrian hezkuntza sistema propioa sortzeari begira: Euskal Ikastolen Mugimendua, AEK... Lan handia egin zen herritarrek beren heziketa prozesu guztia euskaraz egin zezaten. Gaur egun badirudi egoera berezkoa dela, baina izugarria izan zen orduko desafioa, eta testuinguruan jarri behar da. Gu inplikatu egin gara, eta kontsekuenteak izan gara beti. Hemengoak eraginda egin dugu lan gure bizitza osoan, eta Uztaro sortzeko arrazoia ere hori da.

Zein hutsune bete nahi zenuten aldizkariarekin?

Hizkuntza, kultura eta identitate bat garatzeko funtsezkoa da giza eta gizarte zientzietan erreferentziak sortzea. Izan ere, historian atzera begiratzen baldin badugu, zer da geratzen dena? Har dezagun Grezia adibide gisa: hainbeste gauzen artean, Platonen Errepublika eta Aristotelesen Politika azaltzen zaizkigu. Horiei buruz hausnartzen jarraitzen dugu oraindik ere, horiek birpentsatzen. Giza eta gizarte zientziek aztarna uzten dute historian, eta euskarak beharrezkoak ditu halako erreferentziak. Euskarak ere neurri horretako obrak lantzeko gaitasuna du. Bide horretan ekarpena egin nahi genuen.

Orduko euskarazko ikerlarien bilgunea izan zen Uztaro.

Argi nuen aldizkariak diziplinartekoa izan behar zuela. Gutxi ginen euskarazko ikerkuntzan ari ginenak, eta guztiak aldizkari berean elkartzea garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Hori izan zen arrakastaren gakoetako bat. EHUn baziren bestelako aldizkari batzuk, sektorekakoak. Baina ahalik eta eremu gehiena biltzea erabaki genuen, eta aldizkariaren zuzendaritza ere horrela egituratu genuen. Nik Emile Durheimn soziologo eta filosofo frantsesak 1900ean sortutako L'Année Sociologique aldizkaria hartu nuen eredutzat, diziplina ezberdinak elkartu baitzituen, guk ezer egin baino ehun urte lehenago. Uztaro-ren zero zenbakian aipatzen dut bide bera hartzen genuela.

Abiatu zenutenean, zer osasun zuen euskarazko ikerkuntzak?

Oso gutxi ikertzen zen euskaraz. Baina 1980ko hamarkadan bertan sortutako ikerlariak eta katedratikoak sortzen hasi ziren: lehen aldiz bertako unibertsitatean ikasitakoak, alegia. Edonola ere, euskaldunek bezala erdaldunek ere beren borroka propioa egin zuten. Espainiako estatuak argi jokatu zuen: «Utziko diegu eskoletan euskaraz egin dezaten, baina ikerketa egin dezatela espainieraz». Unibertsitateko curriculuma garatzeko neurriak ere ezarri zituen: hainbat artikulu zientifiko AEBetako aldizkari jakin batzuetan publikatzeko baldintza, tartean. Europa osoan orokorra da neurri hori, gaur egun.

Ez zineten horrekin konformatu, hala ere.

Guk euskal mundua indartu nahi genuen. Euskaraz sortutako ikerketek nazioarteko aitortza jasotzea zen gure helburua, eta Latindex zientzia aldizkarien sarean sartzea lortu genuen 2011n, bi urteko borrokaren ondoren. Garaipen hori oso garrantzitsua izan zen guretzat, euskara nazioarteko ikerketen mailan jartzea lortu genuelako.

Zer ekarri du horrek?

Ordutik, irakasle eta ikerlari gazteek puntuak jasotzen dituzte beraien curriculumean Uztaro-n artikuluak publikatzeagatik, eta, horri esker, jende asko erakartzea lortu da. Euskal ikerlarien maila izugarri handitu da eta, oro har, oso ikerketa onak egiten dira hemen, metodo unibertsalak erabilita, baina, era berean, Euskal Herriko ikuspegia, faktoreak eta idiosinkrasiak aintzat hartzen dituztenak.

Bide bat egina du Uztaro-k. Helburua berbera da oraindik?

Lan handia egin den arren, norabide berean jarraitu behar dugu. Fruituak jasotzen ari gara eta heldutasun aroan gaude, baina segitu behar da giza eta gizarte zientzien arloan euskaraz sortzen.

Zein da aurrera begirako erronka nagusia?

Unibertsitateko ikerketen ebaluaziorako sistema propioa lortzea beharrezkoa da. Gaur egun egiten diren ikerketak EHUk hartzen dituen arren, Espainiako unibertsitatea du atzean. Hau da, EHUk Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia delakoaren bidez zuzentzen ditu bertan sortzen diren ikerketak, baina Espainiako Hezkuntza Ministerioaren menpe dagoen heinean, Madrilek agintzen du. Guk eskatzen duguna da Unibasq-ek behingoz autonomia edo subiranotasuna izan dezala, bertako ikerketen ebaluazioa bertan egin ahal izateko, Madrilek nahi duenaren menpe ez egoteko.

Nola eman urrats horiek?

Hor borroka handia dago, administratiboa: Eusko Legebiltzarrari eta Jaurlaritzari akuilatze lana egitea dagokie. Euskararen auzia behin eta berriz aipatzen den honetan, ikerketaren eremuan euskara normalizatzeko urratsa nola egin landu beharko lukete parlamentariek, eta Jaurlaritzak EHUren Unibasq agentziaren autonomia ere aldarrikatu behar du. Espainiak independentzia du bere ikerketen ebaluazioak egiteko, baina guk ez. Hori da ulertu behar dena. Luze joan liteke, baina heldu egin behar zaio horri.

Nola?

Zaila da. Madrildik gogor egiten ari dira. Hor dago LOMCE hezkuntza legea ere. Euskal hezkuntza nola antzutu eta indarra nola kendu ari dira etengabe, eta gogorra izango da, horregatik. Edonola ere, bien bitartean, Frantziako, Alemaniako eta Ingalaterrako zientzien akademiek protesta idatzi bat aurkeztu berri diote Carlos Moedas Europako ikerketa komisarioari. Gaur egun Europak AEBetako unibertsitate sistemarekiko duen menpekotasunaz askatu, eta propio Europakoa sortzeko eskaera egin diote.

Europako aldarri horren barruan doa Euskal Herrikoa ere?

Oso txikiak gara, baina argi ibilita eta kuraiarekin jokatuta lor ditzakegu gauzak. Luze joan daitekeen arren, indar egin behar da.

Aurten 40 urte betetzen dira 1977an Nationalisme et question nationale au Pays Basque tesia aurkeztu zenuenetik.

Bai, frantsesez argitaratu nuen lehenik. Parisko Unibertsitatean egin nuen tesia, eta ikerketa kaleratzea erabaki genuen. Mila ale inguru atera genituen, eta izugarria izan zen harrera. Gaztelerazkoa argitaratu genuen handik gutxira. Argalari eskatu nion hitzaurrea idatz zezan [Jose Miguel Beñaran ETAko kidea] eta gaztelaniazkoan jatorrizko testua publikatu zen. 7.000 ale saldu genituen zazpi hilabetean. Berehala debekatu zuen Espainiak, eta ni bahitzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Epaiketa ere eduki zenuen. Nola gogoratzen dituzu orduko gertakariak?

Terrorismoa goratzea leporatzen zidaten, eta nirekin batera deitu zituzten Joseba Jaka eta Itxaropena inprentako jabea. Pierre Villar historialari frantsesa ere etorri zen gurekin epaitegira, bera izan baitzen nire tesiaren zuzendaria. Gogoan dut, hitza eman ziotenean, hala azaldu ziela epaileei: «Zuek ikusiko duzue, baina kondenatzen baldin baduzue, Parisko Unibertsitatea kondenatuko duzue. Bertako lan bat baita zigortu nahi duzuena». Liburua debekatu zuten, eta editorea, inprenta eta ni, aldiz, libre utzi gintuzten. Tesiaz gain, beste liburu bat ere debekatu zidaten. Donostian Iñaki Beobidek editoriala sortu, eta Parisera idatzi zidan, galdetuz ea Levi Straussen Arraza eta historia liburua itzultzera animatuko ote nintzen. Liburua euskaratu ondoren, zentsuratik pasatu behar zen orduko garaietan, baina debekatu egin zuten. Frankismo garaiko egoera hura izugarria izan zen.

Hasieratik jo duzu nazionalismoaren ikerketara. Tentsioa galdu dela nabari duzu?

Nazionalismoaren gaia ebidentea bihurtu da askorentzat, edo hori uste dut nik behintzat. Gaur egun, gehiengo politiko zabal batek aldarrikatzen du bere burua nazionalistatzat; izan EAJ ala EH Bildukoa. Egunerokoa bihurtu da, nolabait. Esango nuke egoera horrek asko eragiten duela, eta tentsioa murriztea eragiten duela. Nazionalismoari buruzko ikerketa gehienak egin dira hura jazartzen zenean edo debekatuta zegoenean: arriskutsua denean, erakarri egiten du. Gaur egun, badirudi tesi nagusiak onartuta daudela eta herriak berenganatu dituela. Datozen belaunaldiek naziorik ez izatea edo galduz joatea da dagoen arrisku nagusia.

Pil-pilean dago gaia, hala ere.

Lozorroan egoteak ez du esan nahi debaterik ez dagoenik edo ez denik egongo. Orain denok gaude Kataluniaren itzalpean, han zer gertatuko den begira. Etapa bat bukatu eta beste aro bat hasiko da Kataluniakoarekin, eta nazionalismoaren auziak luzerako emango du oraindik. Euskal Herrian ere ari dira mugimendu sozial berriak sortzen, Gure Esku Dago, adibidez, poliki, baina ari da lan bat egiten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<em>Komedia madarikatua</em> antzezlana. ©HODEI TORRES

Gai sakonak, umorez landuak

Olatz Enzunza Mallona

Bilboko Pabiloi 6 Antzerki Laborategiko Gazte Konpainiak 'Komedia dramatikoa' estreinatuko du gaur, areto horretan bertan. Antzezlanak drama eta komedia uztartuko ditu , eta gizarte gatazkak izango ditu hizpide, «modu komikoan, betiere»
Kristonak taldeko bost kideak, <em>Ahobetehortz</em> diskoa iragartzeko argazki batean. ©KRISTONAK TALDEA

Etsipenetik piztu dira

Olatz Enzunza Mallona

Kristonak taldeak aro berri bat abiatu du, 'Ahobetehortz' lanarekin. Eskean Kristo atzean utzi arren, taldearen betiko nortasunari eutsi diote. Bihar hasiko dute bira, Ondarroan
Maria Elorzaren <em>A los libros y a las mujeres canto</em> filmeko irudi bat. ©TXINTXUA FILMS
Zugaza, Herraez, Gonzalez, Zupiria eta Ormazabal, gaur, Gasteizen. ©IREKIA

Euskal artisten 26 artelan erosi dituzte museoek, Jaurlaritzak diruz lagunduta

Aitor Biain

Artium museoak, Biboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak elkarrekin erosi dituzte 18 euskal artistaren obrak, 200.000 euroko ezohiko diru laguntza bati esker.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...