Qatarko Munduko Kopa. Ignacio Alvarez-Ossorio. Arabiar eta Islamiar Ikasketetako katedraduna

«Aurkariek egindako kanpainengatik du ospe txarra Qatarrek»

'Qatar. La perla del Golfo' liburua idatzi du Alvarez-Ossoriok. Nabarmendu du Qatar potentzia txikia dela berez, baina potentzia ertaina arlo ekonomikoan eta energetikoan: «Eta hala jokatzen du».

NURIA CASTEJON.
Ricard Gonzalez.
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Joan deneko hamar urtean, Siriaren eboluzioan espezializatu da Ignacio Alvarez-Ossorio, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Arabiar eta Islamiar Ikasketetako katedraduna, eta Qatarren jarri du arreta azken ikerketetan. Ignacio Gutierrez de Teran espezialitate bereko katedradunarekin batera, liburu bat argitaratu berri du herrialde horren historiaren eta azkenaldian izan duen garapenaren berri emateko: Qatar. La perla del Golfo (Ediciones Peninsula, 2022). Qatarri buruz mintzatu da, Europan herrialde ezezaguna baita oraindik ere, nahiz eta gero eta presentzia handiagoa duen arlo ekonomikoan eta sozialean.

Nolakoa da Qatarrek Ekialde Hurbilean duen tokia?

Qatar potentzia txiki bat da, baina potentzia ertain bat balitz bezala jokatzen du, eta halakotzat jotzen dute. Hain zuzen, arlo ekonomikoari eta energia arloari dagokienez, potentzia ertain bat da. Egungo emirraren aitak ezarritako kanpo politikak bultzada handia eman zion herrialdeari eskualdean, zenbait politikaren bitartez; besteak beste, Al-Jazeera sortu izanak asko lagundu zuen horretan.

Zure ustez, haren kanpo politika ideologikoa da, ala pragmatikoa?

Nire ustez, ideologikoa da batez ere, eta Anaia Musulmanei ematen dien babesaz ari naiz. Haiek arabiar nazionalismoaren formulazio modernotzat-edo daukate beren ideologia, eta uste dute eskualdeko beste herrialdeen babesa lortzen lagunduko diela horrek. Zera interesatzen zaie: gai izatea arabiar mundua kohesionatzeko, zeina orain zatitua eta liskartua baitago. Edonola ere, kontuan izatekoa da Qatarrek babesa ematen diela nazionalismo arabiarraren alde egiten duten pentsalari ez-islamista batzuei ere, hala nola Azmi Bixarari.

Qatar zenbateraino izan zen garrantzitsua Udaberri Arabiarrean?

Saudi Arabia buru duen talde kontrairaultzaileak aurka egin dion bloke erreformazaleko partaide eta buru da Qatar. Al-Jazeerak 24 orduz protesten berri eman izanak domino efektua sortu zuen, eta oso garesti ordaindu behar izan zuen hori. 2011tik aurrera, okertu egin zen Qatarrek auzo herrialdeekin zuen harremana, eta, azkenean, blokeoa iritsi zen 2017an. Hain zuzen, Al-Jazeera ixtea da blokeoa amaitzeko baldintzetako bat.

Baina Al-Jazeera zabalik dago oraindik...

Hamahiru baldintza jarri nahi izan zizkioten; haietako bat, Anaia Musulmanak babesteari uztea. Baina, blokeoa indargabetu eta gero, ez du baldintzetako bat ere bete. Qatarrek lortu du bere autonomiari eustea.

Zein dira Qatarko sistema politikoaren ezaugarri nagusiak?

Autokrazia bat da, eta emirrak botere handiak hartzen ditu bere esku; ez bakarrik botere exekutiboan, baita legegilean eta judizialean ere. Ez dago benetako botere banaketarik, eta askatasun publikoak oso mugatuta daude, inguruko herrialdeetan bezala, baina agian ez dago haietan bezainbesteko zapalkuntzarik. Azken urteetan, zenbait erreforma ezarri dira, itxura hobea emateko; horietako bat da Xuraren Kontseiluaren eta Udal Kontseiluen aukeraketa. Nolanahi ere, aginteko dinastiaren hurbilekoak dira aurkezten diren hautagai bakarrak.

Eskualdeko beste herrialde batzuen aldean, Qatarrek ospe okerragoa du nazioarteko prentsan. Zergatik?

Eskualdean Qatarrek aurkari dituen herrialdeen desinformazio kanpainak daude horren atzean, pisu handia baitute. Harreman publikoetarako nazioarteko agentziak kontratatu dituzte, eta bot sareak erabili dituzte sare sozialetan Qatarren ospea zikintzeko. Ez da ahaztu behar beste herrialde arabiarrek lortu ez duten zerbait lortu duela Qatarrek: Munduko Txapelketa bat antolatzea. Eta protagonismo hori, arrakasta hori, ez zaie gustatu Saudi Arabiari eta Arabiar Emirerri Batuei. Gainera, Ameriketako Estatu Batuen hautagaitzari gailendu zaionez, hedabide anglosaxoiek ere bat egin dute kritikekin. Bitxia da zeinen gogor kritikatzen duten Qatar immigranteen lan eskubideen kontuagatik, herrialde mugakideetan beste hainbeste gertatzen baita. Eta bitxia da orain nola ari diren LGTBI komunitatearen eskubideak urratzeaz, horretaz inork ez baitzuen ezer esan 2018an Errusian egindako Munduko Txapelketan, ezta besoko beltzik eraman ere.

Islamofobia ere badago tartean?

Baliteke. Edo, behintzat, tartean egon liteke Mendebaldearen nagusitasun moral eta etikoa, eta beste eskualdeei lezioak eman nahia, ikuspuntu neokolonial batetik.

Zer ikuspegi du Qatarrek islamaren inguruan, eskualdeko beste herrialdeen aldean?

Saudi Arabiarekin batera, erritu wahabistari jarraitzen dion bakarra da. Sunismoaren adarrik puritanoena da wahabismoa, baina Qatarkoa bigunagoa da: ez dago moralaren poliziarik, ezta zartaden gisako zigor fisikorik ere; ez da heriotza zigorrik ezartzen; kultu askatasuna dago; gutxiengo xiitari ez zaizkio jazartzen; baimendua dago elizak eraikitzea, eta abar. Herrialde kontserbadorea da, tradizionala, eta xaria aplikatzen da, beste herrialde arabiar askotan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.