Amaia Agirre Arrastoa.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

KAS, KAS, KAS

2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Erlojupekoarekin hasi zen herenegun Itzulia. Txirrindularitzaz ezer gutxi dakidanez, erlojuaren aurka baino egutegiaren alde egingo dut; memoriapekoa izango da nire lehen etapa. Ikusiko da Interneten legez kanpoko dosirik behar dudan nire analitikan. Uste dut nik 10 urte nituela, bosgarren mailan nengoela baitut gogoan. BH bizikleta gorri bat nuen, eta makina bat 'eskapada' egindakoa naiz beste bi lagunekin batera, Amasatik behera arriskuaren aurre arrastorik gabe, abiadura izugarrian.
Villabonako ikastolaren eta gure baserriaren artean dagoen errepidetik igaro ziren txirrindulariak udaberri hartan. Errepide bazterrean geunden noiz iritsiko zain. Txirrindularitzak zaletasun handia izan du gure herrian, eta nire gelakideen artean ere baziren bizikleta baloia eta pilota baino nahiago zutenak.
Arratsaldeko klaseak galdu eta udaberriko eguzkipean egotea aski plazer eta aski sari izango zen ziurrenik gu bezalako ikasle bihurrientzat, baina oso gogoan dut nire oinetara iritsi zen bidoi hura. Txuria, urdina eta horia zen, eta hizki larriz KAS jartzen zuen erdi-erdian. Nik BH, Zahor, Orbea edo Kelme ezagutzen nituen, baina KAS ez. Ez behintzat txirrindularitzari lotuta. Niretzat edari gozo baten izena izateaz gain, anaia zaharrenarekin batera ohe gainean saltoka ahoskatzen edo abesten nuen esaldi baten hasiera zen. Bost urte zaharragoa dut anaia, eta gazte abertzale, militante eta mugitua zen orduan, eta nik beti jarraitzen nion bere gurpilari, baita bere kuadrillak osatzen zuen pelotoiari ere. Artean esKAS nenbilen jakintza politikotik, eta arrotza zitzaidan Euskal Herriko Itzuliak zuen arraKASta ere. Oraindik ez nuen horien berri iKAStolan jaso. Iluntze hartan ere, ordea, anaiaren eskutik iKASitako leloa oihukatzen amaitu nuen, KASualitatez oinetara etorri zitzaidan bidoia mikrofonotzat hartuta: «KAS, KAS, KAS herriko alternatiba!!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.