Eguraldi makurrak baldintzatua

Eguraldi txarrak baldintzatu du aurtengo Pierra Menta. Lehen aldiz, bertan behera utzi behar izan zuten etapa bat. Axier Alonso eta Asier Labairuk 30. egin dute: Euskal Herriko bikote batek inoiz lortutako posturik onena da.

1. Asier Labairu - Axier Alonso.
ramon olasagasti
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Eguraldia izan da 37. Pierra Mentaren protagonista nagusia: 146 etaparen ondoren, historian lehenbiziko aldiz, antolakuntzak etapa bat bertan behera uztea erabaki zuen, hirugarrena, eta azkena ere asko laburtu zuen, baldintza makurrengatik eta elur faltagatik. Ostiralean, eskiatzaileak blai eginda eta irteeran zain zirela hartu zuen antolakuntzak etapa bertan behera uzteko erabakia. «Uste dut erabaki zuzena izan zela. Denok poztu ginen, eta inor ez zen kexatu. Irten izan bagina, mendian sekulako triskantza izan zitekeen», nabarmendu dute euskal eskiatzaileek.

Nesketan, Axelle Gachet-Mollaret eta Emily Harrop frantziarrek goitik behera menderatu dute proba. Mutiletan, oso lehia estua izan dute Michele Boscacci eta Davide Magnigni italiarrek eta Areches-Beauforteko bertako William Bon Mardion eta Xavier Gachet frantziarrek. Azkenik, italiarrak garaile, etaparik batere irabazi gabe, baina oso erregular.

ASIER LABAIRU - AXIER ALONSO
(Iruñea, 26 urte - Oñati, 35 urte)
«Ohiko Pierra Menta izan balitz, aurrerago izan gintezkeen»



Axier Alonsok eta Asier Labairuk lortu dute euskal bikote batek Pierra Mentan inoiz lortu duen posturik onena: 30. izan dira azkenean, eta ikusita lehen bi etapetan lasterketaren erditik aurrera postu dezente aurreratzen zituztela, irudipena dute lau etapa gogor izan balira, ohiko Pierra Menta batean bezala, agian aurrerago izan zitezkeela.

Alde horretatik, «gehiagorako gogoz» geratu da Asier Labairu. «Konturatzen ginen etaparen erditik aurrera gora egiten genuela. Horregatik, azken bi etapak ohi bezala gogorrak izan balira, gure mesederako izango zen, nik uste, eta postu hobea lortuko genukeen». Alonsok ere onartu du zalantza hori geratu zaiela: beste bi etapak normalak izanez gero zer gertatuko ote zen. «Ezin da inoiz jakin, baina ez dut uste atzera egingo genukeenik, indartsu iristen ginelako azkeneko igoeretara. Uste dut lehen bi etapa horiek ondo kudeatu genituela, indartsu joanez baina burua galdu gabe. Pozik gaude egindakoarekin».

Hurrengo urteari begira, gogotsu dira biak, bueltatzeko, aurtengoa hobetzeko, «ahal dela berriro ere biak elkarrekin».

Pierra Mentan, sasoiaz, prestakuntzaz eta teknikaz gain, hamaika xehetasun sartzen dira jokoan: trantsizioetan azkar ibiltzea, ez erortzea, jan-edana ondo kudeatzea, materialarekin arazorik ez izatea... eta alde horretatik pozik dira Alonso eta Labairu. «Ez dugu inolako arazorik izan, eta aurtengo baldintzekin, adibidez, larruak asko zaindu behar ziren. Behean elur oso umela zegoen, goian elur egin berria... Egunero atera gara larru-joko denei argizaria ondo emanda eta ondo zainduta. Jende dezentek izan ditu arazoak larruekin».

Pierra «desberdina» izan da, Alonsoren eta Labairuren esanetan. «Eguraldiaren mende gaude, eta agian horrek egiten du kirol hau hain polita, ezin baituzu alderatu aldi bat edo lasterketa bat aurreko urtekoarekin, baldintzak aldiro desberdinak direlako eta horrek desberdin egiten duelako aldi bakoitza. Pierrarren historian ere sartu gara: 37 alditan lehen aldiz, etapa bat bertan behera geratu da, eta gu hemen egon gara».

Alonso eski gainean lehiatzen jarraitzeko «amorruarekin» itzuli da etxera. «Helburu politak daude hemendik apirilera arte, eta gogotsu noa proba horietan gozatzeko eta ondo egiteko». Eta Labairu ere berdin: «Asteburuan Regilera goaz Ander de Miguel eta biok, Euskal Herriko binakako txapelketara. Martxoaren 25ean, Transpyros proban izango naiz, Val Louronen (Frantzia). Eta apirilaren 1ean, Sierra Nevadan, Espainiako binakako txapelketan, Anderrekin orduan ere».

AITOR OTXOA - AITOR AJURIA
(Oñati, 50 urte Otxandio, 25 urte)
«Handia da euskaldunak hor aurrean ikustea»



Aitor Otxoa oñatiarrak (Gipuzkoa) eta Aitor Ajuria otxandiarrak (Bizkaia) esperientzia eta gaztetasuna uztartu dituzte. Otxoa Aguriak (50 urte) eta Ajuriak (25 urte), Anartz Agirre kazetariak bataiatu zituen moduan, ilusioz gainezka eta gozatzeko asmoz ekin zioten probari, eta ederki bete dute helburua.

Lehen etapan eguraldi txarra, elurra, ikuspen eskasa... izan zituzten, baina orokorrean «ondo» joan zen dena, Ajuriaren hitzetan. Otxoak, berriz, hasiera «gogorra» izan zela ekarri du gogora: «Lehen eguna beti izaten da gogorra; izan ere, lasterketa apurtzeko pista sartzen dute hasieran, dena zuzen, traza eta biraketa gutxirekin eta kristoren aldaparekin, eta nik pistan sufritu egiten dut».

Lehen etapa hori izaten da Pierraren erritmora egokitzeko eguna ere, jaitsieretan batik bat. «Pirinioetako lasterketetan ez gaude ohituta Pierrako abiadurara. Pierran, jaisten hasten zara, ikusten duzu jendea zer abailan doan, eta zu ere animatu egiten zara azkarrago joateko, eta lehen bi jaitsieretan, txipa aldatu arte, kosta egiten da», azaldu digu Otxoak.

Bigarren etapa Pierra Mentakoa izan zen bete-betean. Eguraldia ona atera zen ezustean, eta gozatzeko zegoen mendia. Lehen jaitsieran, ordea, Otxoak arazo bat izan zuen lotailuarekin, eta horrek dezente baldintzatu zuen bikotearen eguneko martxa: «Arazoa konpontzen ez genuen denbora asko galdu, baina sailkapenean nabarmen egin genuen atzera, eta gero zaila izaten da horiek berreskuratzea. Gainera, ilara dezentekoa harrapatu genuen, eta ezin izan genuen gure lekua berreskuratu. Igoera horretan estutu egin genuelako edo, ertzeraino ez nuen gorputzaldi oso ona eduki; gero, buelta eman nion, baina han ere ilarak harrapatu gintuen, eta hotza pasatzen hasi ginen. Hori dauka Pierra Mentak. Eskerrak Aitorren animoei», nabarmendu du Otxoak.

Azken etapa, eguraldi eta elur baldintzengatik halabeharrez ohikoa baino askoz laburragoa, «entretenitua» izan zen, Ajuriaren hitzetan. Helmuga gurutzatuta, mela-mela eginda baina pozik ziren biak, beste Pierra bat bukatuta —bigarrena Ajuriarentzat, hemezortzigarrena Otxoarentzat—. «Arraroa izan da aurtengoa: ez du bere esentzia osoa eduki, baina bi etapa oso Pierrakoak izan dira, eta Aitorrekin asko gozatu dut», laburbildu du Ajuriak.

Otxoak ere esan du hemezortzigarrena «berezia» izan dela, «historikoa». Hura da Pierra Menta gehien egin dituzten eskiatzaileetako bat: Joan Maria Vendrell katalanak 22 egin ditu, gero lau frantses datoz 20 eta 19rekin, eta hurrena da Otxoa, 18rekin. «Bestelakoa izan da. Hainbeste urtean, denetarikoak egokitu zaizkit, baina halakorik ez. Datorren urtean, ahal bada, hemen izango gara berriro».

Bukatzeko, Axier Alonsok eta Asier Labairuk lortutako postua nabarmendu nahi izan du Otxoak: «Sekulako Pierra Menta egin dute. Ez da batere samurra: Pierran, edozein txikikeriarengatik egin dezakezu atzera sailkapenean, are gehiago hor aurrean ibilita. Euskaldunak aurrean ikustea handia da, maila gero eta handiagoa den honetan».

ANGEL OLASO - JOSEBA SARASOLA
(Donostia, 59 urte Donostia, 53 urte)
«Gehiagorako gogoz geratu gara, astinaldi bat hartzeko gogoz»



Angel Olaso eta Joseba Sarasola donostiarrek eskarmentu handiko bikotea osatzen dute, eta ez adinagatik soilik: aurrez sei Pierra Menta zituen bizkarrean Olasok, eta bederatzi Sarasolak. Aurten, gozatzea, bukatzea eta ahalik eta posturik txukunena lortzea zuten helburu, baina 37. aldiak halako zapore gazi-gozoa utzi die. «Sentsazio nahasiak dira. Batetik, hor daude beste Pierra bat bukatzeak dakarren poza, gustura lehiatu garelako sentipena... Baina, bestetik, erdizkakoa izan da aurtengoa. Lehen aldiz egokitu zaigu etapa bat bertan behera utzi behar izatea, eta etapak goran bukatu behar izatea, herrira jaitsi gabe, beheraino jaisteko elur nahikorik ez zegoelako... Alde horretatik, pena izan da», laburtu du Sarasolak. Angel Olasok ere gorputzaldi bera ekarri du: «Asteburuko irteera bat izan da, lau eguneko lasterketa bat baino gehiago. Gehiagorako gogoz geratu gara, astinaldi bat hartzeko gogoz, kar-kar.».

Bigarren egunean, ordea, eguraldia lagun, gozatua hartu zuten biek ala biek. «Iragarpenak ez ziren onak, baina goizean goizetik ostarteak zabaldu ziren. Goran ikusgarri zegoen: ibarra bera, Mont Blanc, inguruko beste ibarrak... Ertz zoragarri batetik ere sartu gintuzten, sokari lotuta: benetan ederra...», dio Sarasolak. Bigarren etapan, gainera, Aitor Otxoak lotailuarekin izan zuen arazo bat tarteko, buruz buruko polita izan zuten bi bikote euskaldunek. «Ederra izan zen gure arteko dematxoa; gatz eta piper pixka bat jarri zion etapari, kar-kar» azaldu du Sarasolak. Azken etaparako ere erronka jo zioten elkarri, baina Olasok, irten orduko, bi foka larruak galdu zituen, eta aldaketan galdutako denboraren ondorioz, hor bukatu zen dema.

Aurreko urteetan, gorputza abailduta itzultzen ziren etxera, «kito, aurtengoa izan da azkena» esanez. Baina hartutako jipoia ahaztu, eta hurrengorako izena ematen zuten. Aurten ez da horrelakorik. «Lau eguneko gogortasun eta neke hori ez dugu izan, ezohikoa izan da, eta, alde horretatik, itzultzeko gogoz bueltatu gara, bete-beteko Pierra Menta bat egiteko: lau egun, elurra beheraino... Hau ezin da horrela utzi; aurten ateak irekita utziko ditugu», azaldu du Sarasolak. Olasok ere ez dio ezezkorik. 60 urte beteko ditu 2024an, eta «agurreko Pierra Menta bat behar bezala egiteko» gogoz itzuli da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.