Albistea entzun

Komunitate bati, zuzenean

Twitch sare sozialak euskara hizkuntza gisa onartzeko eskatu dute 4.000 lagunek. Komunitateari zuzenekoak eskaintzeko baliagarria da plataforma, eta bideo jokoengatik ezaguna egin zen, baina denetariko jarduerak ikus daitezke bertan. Euskaraz geroz eta gehiago ari dira twitzlariak.
MAIALEN ANDRES / FOKU - BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko urtarrilak 27

Agurrekin hasi ohi dira: «Kaixo, Arkkuso! Kaixo, Nebukai! Aupa, Naizuart! Kaixo, Pubguitar!». Eta, segidan, zuzenekoari ekin. Izan bideo joko batean aritzeko, izan musika jotzeko, marrazteko, elkarrizketa bat egiteko edo, besterik gabe, txateko mezuei erantzuteko. Zernahiri buruz, nornahirekin. Zuzenean aritzea da kontua, komunitate baten aurrean. Aukera anitz eskaintzen ditu Twitch sare sozialak, eta, orain, beste aukera bat eskaintzeko lanetan ari dira erabiltzaile euskaldunak: euskara hizkuntza gisa onartu dezan.

Azaroan eta abenduan egin zuten 3.000 Twitz kanpaina. Twitch sare sozialari euskara zuzenekoetarako hizkuntza ofizial gisa onartzeko eskatu zioten, eta eskariak 3.000 boto lortzea zen helburua. Dagoeneko 4.222 boto ditu, eta orain Twitchen esku dago aukera hori zabaltzea. Baikor daude kanpainaren bultzatzaileak, katalanek 2.905 boto eskuratuta lortu baitzuten beren hizkuntza sare sozialean ofizial izendatzea.

Ikusgaitasuna lortu nahi dute. Twitch zuzenekoak egiteko sare sozial bat da, eta, zuzeneko hori egin aurretik, zer hizkuntzatan ariko den hautatu behar du streamer edo twitzlariak. Gaur-gaurkoz ez dago euskara aukeren artean; beraz, beste hizkuntzak aukeraren itsaso zabalean galdurik geratzen dira euskaldunak. Izan ere, euskarazko zuzenekoak kontsumitu nahi dituztenek zaila dute edukiak aurkitzea. Oraingoz, twitzlari euskaldun batzuek [EUS] paratzen dute izenburuan, zuzenekoa euskaraz dela jakinarazteko.

Kanpainak bi aste iraun zuen, eta tarte horretan zuzeneko anitz egin zituzten euskaraz. Orduz geroztik, Twitchen euskara gehiago aditzen da. Iruñe Astiz Arkkuso eta Ainhoa Azkue Nebukai dira kanpaina horren atzean egon direnetako bi. Nebukaik lauzpabost urte daramatza sare sozial horretan. Hiru urtez «profesionalki» aritu zela azaldu du; bazkide kontratua lortu zuen: beraz, dirua irabazten zuen zuzenean aritzeagatik. Baina jarduna gazteleraz egiten zuen. Gero Twitch utzi zuen, eta duela gutxi itzuli da, baina ez lehengo moduan. Orain, gazteleraz eta euskaraz aritzen da.

Arkkusok ez darama hainbeste denbora. Kontua egina zuen, baina ez zekien nola erabili. «Halako batean Nebukairen kanalean bukatu nuen: hasi nintzen ikusten, eta sartu nintzen haren komunitatean. Oso polita iruditzen zitzaidan, aukera ematen zuelako komunitatea sortzeko eta talde baten parte sentitzeko». Ikusle baizik ez zen Arkkuso, baina, 3.000 Twitz kanpainak bultzatu zuen zuzeneko katea sortzera. Igandean, Baserria programa zuzenean ikusi eta komentatzen aritu zen.

Helburu nagusia Twitchek euskara bere hizkuntzen artean onartzea zen, baina lanak ekarri du beste fruiturik: «Komunitateak aurrera jarraitzen du, eta edukiak sortzen gabiltza», azaldu du Nebukaik. Familiatxo bat sortu dela, alegia: «Kanpainaren harira geroz eta jende gehiago animatzen da zuzenekoak egitera, eta behintzat agurtzera zuzeneko gehienetatik pasatzen gara», kontatu du Arkkusok.

Euskal komunitateaz hitz egin arren, komunitate hori ez da homogeneoa inondik inora, Nebukaik esan duenez: «Jende dezente gara, eta oso komunitate polita da, oso desberdinak garelako gure artean: badaukagu gitarra jotzen duen jendea, bideo jokoetan aritzen dena, hitz egiten duena, podcastak egiten dituena... Horrek bidea irekitzen du jendeak ikusteko edozer gauza egin daitekeela». Sare sozialaren oinarria bideo jokoak dira, baina argi geratu da edozerk duela tokia Twitchen; baita zuzenean oiloei bazka ematea ere.

Kulturarentzako leiho bat

Euskaldunen artean ere badira kulturaren bidea jorratzen duten erabiltzaileak. Naizu Mauleon Naizuart eta Tibalt Alberdi Pubguitar dira horren adibide. Naizuart Herrialde Katalanetan bizi da, eta handik aritzen da zuzenean pintatzen. «Konfinamenduan bakardadea sentitu nuen. Etxean lan egiten dudanez, norbaitek niri hitz egiteko beharra nuen», kontatu du. Modu horretan sartu zen Twitchen. «Artearen komunitate oso handia eta oso polita dago». Hasieran beldur puntu bat izan zuen, beste artista batzuek janen zutelakoan edo. Kontrakoa gertatu zen: «Jendeak errespetu itzelarekin lantzen ditu harremanak, oso ondo portatzen da. Artean lehiakortasun handia egon zitekeen, baina laguntza jasotzen duzu edozein pertsonarengandik».

Lan egiteko beste manera bat ere topatu du Twitchen: «Zure lana ez da zurea bakarrik; prozesuan sartu edo parte hartu duten jendearena ere bada». Beste sare sozialetan atsegin dut edo bihotzak jasotzen zituen, baina, Twitchen, txataren bidez jendeak zuzenean hitz egiten du berarekin lan bat egiten ari den bitartean. «Sentitzen dut jendeak besarkatzen nauela aurrera jarraitzeko. Ni oso gustura nago».

Gitarra eskuan aritzen da Pubguitar Twitchen. Batzuetan inprobisatzen, beste batzuetan jendeak eskatutako kantak jotzen, baina beti txatari adi: «Denbora pasatzeko era bat da. Gitarra praktikatzea nahiko aspergarria da askotan, errepikatu eta errepikatu behar duzulako, eta jendearen aurrean praktikatzea erabaki nuen». Gainera, lotsa alde batera uzteko modu bat ere izan daiteke: «Ez diot beldurrik oholtzari, baina alde horretatik ere ondo etorri zait, erosoagoa delako Twitchen zuzenean aritzea oholtza gainean baino. Zuzenean jotzeko eskarmentua hartzen lagundu dit».

Hasieran bideo jokoei oso lotua bazen ere, musikak dagoeneko badu bere eremua Twitchen, eta badira komunitate zabal batera ailegatzen diren kateak. «Trivium taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak eta Dragonforce taldeko gitarrak urteak daramatzate zuzenekoak egiten. Beste estilo batzuetan ere: pila bat dira zuzenean pianoa jotzen dutenak, musika konposatzen dutenak...».

Komunitatea

Bada twitzlarien ahotan etengabe aditzen den hitz bat sare sozialari buruz aritzen direnean: komunitatea. Hori baita Twitchen oinarri eta bereizgarri. «Komunitatea da sortzailea, eta haren inguruan ibiltzen den jendea. Edukiak sortu behar dituzu jendea fidelizatu eta erakartzeko», azaldu du Arkkusok. Gainera, interakzio horrek kameraren aurrean aritzen denari motibazioa eta laguntza ematen diola uste du. Babes hori bilatzen dutenak asko dira: «Egunerokotik deskonektatzeko balio du, eta familiatxo moduko horiekin momentu politak pasatzeko», esan du Nebukaik. «Interakzioa da Twitchen oinarria; horregatik hazi da hainbeste. Telebista moduko bat da, baina interakzio handia du».

Bestelako telebista bat ere bada, beraz. «Gaur egungo telebista», Arkkusorentzat. Ez berarentzat bakarrik. «Telebista ez dut ikusten; Twitchekoak dira orain nire kateak. Azkenean, zuk aukeratzen duzu zer ikusi eta txatean parte hartu nahi duzun edo ez», azaldu du Naizuartek. «Gainera, erraza da ezagunak diren pertsonek zure kanala erakustea». Berari Facu Diazek raide bat egin zion: zuzenekoa bukatzean, bere ikusle guztiak Naizuarten kanalera pasatu zituen. Komunitateak, gainera, gidatzen du emaitza. Pubguitarrek azaldu du: «Zuzenekoa egiten hasten naiz, baina ez dakit nola bukatuko dudan. Aurrekoan txateko batek galdetu zidan ea nola dakidan zer estilotakoa den kanta bakoitza, eta bidaia bat egin genuen metalean barrena». Hala ere, askok gidoitxo bat prestatzen dute zuzenekoen aurretik, helduleku bat izateko.

Komunitate hori zaindu beharra dagoela uste du Arkkusok, eta aholkua ere eman du: «Komunitatea sortu, mantendu eta egonkortzeko gakoa da jendea zure zuzenekoaren parte sentiaraztea». Eta, batzuen kasuan, horri loturik daude irabaziak ere. Artistentzat baliagarria da alde horretatik ere, Naizuren arabera: «Donazioak egin daitezke, eta hori lagungarria da, kontuan izanda artearekin jendea harritzen dela prezioa zein den esaten dugunean».

Diru truke aritzen diren twitzlariak afiliatuak edo bazkideak izan daitezke. «Twitchen gauza gehiago egiteko eta diru pixka bat irabazteko modua da, eta Twitchi ongi etortzen zaio jendea izatea zuzenekoak egiten». Bazkidea afiliatua baino koska bat gorago dago: «Nolabaiteko profesionaltasuna ematen zaio eduki sortzaile horri». Hala ere, edozein kanal ikus liteke dohainik; harpidetzak hautazkoak dira.

Izan daiteke leiho bat ere gazteengana edo beste publiko batzuetara ailegatzeko, baina, horretan ere, kasu eman behar da, Arkkusoren aburuz. Edozerk ez du balio: «Beste formatu bat da. Erraza da modan dagoen plataforma batean sartzea, baina, ez badakizu edukia hizkuntza horretara egokitzen, ez zaitu inork ikusiko. Twitchen egonen zara, baina, azkenean, boomer huts bat izanen zara». Sare sozial bakoitzak bere target-a baitu: «Beti jakin behar da zein den zure helburua, nori zuzendu nahi duzun, eta horren arabera aukeratu espazio bat edo bestea».

Euskarak tokia irabazi du, beraz, Twitchen, eta geroz eta komunitate handiagoa osatzen dute twitzlari euskaldunek. «Oso estigmatizatua egon da bideo jokoen kontuagatik, baina ireki den momentuan eta ikusi denean edozer gauza egin daitekeela, jendeak ikusi du egunero kontsumitu dezakeela eta norberak egin dezakeela nahi duena etxetik streamer moduan», esan du Nebukaik. Orain, sendotuz eta hazten ari den komunitateari hizkuntzaren aitortza falta zaio. Hori ere ailegatuko dela ez dute dudarik twitzlariek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Galtzagorriak behar ditugu. Indar hori, euskaldunak, galtzagorriak gara»

Ainize Madariaga

Libe Goñi Garatek eta euskarak gorputz bakarra osatzen dute. Seaskako lehen andereñoa izan denak bizia eman du bere artatzen eta transmititzen. Olentzero, taloak, kantua eta dantzak ere zabaltzen aritu zen. Orain, reiki irakaslea da.
Ilaski Serranok eta Saioa Martijak Martxoaren 8ari buruzko <em>Ahoz aho</em> berezia prestatu dute bihar arratsalderako. ©ETB

Martxoaren 8ari lotutako makina bat saio izango da ikusgai egunotan

Urtzi Urkizu

ETB1en 'Ahoz aho' berezia egingo dute bihar. Hamaika telebistan emakume arrazializatuen inguruan arituko dira bihar, 22:00etan

Bi pertsona, animaliei begira, Zumas behatokitik. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Hezeguneko sinergia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Landareek eta hegaztiek bat egiten dute Gasteizko Salburua parkean, eta bizia ematen diote hezeguneari. Ataria interpretazio zentroak natur ibilbideak eskaintzen ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna