Albistea entzun

Azken balearen ehiza gomutan

Besteak beste, kontzertuak, sardina jana, herri bazkaria eta kantu kalejira egingo dituzte etzi, Orion, Balearen Egunean. Ohi baino egitarau «xumeagoa» antolatu arren, 1901eko maiatzaren 14an arrantzatutako azken balearen arrantza gogoratuko dute herritarrek, festa giroan.
Traineru bat balearen harrapaketa antzezten, artxiboko irudi batean.
Traineru bat balearen harrapaketa antzezten, artxiboko irudi batean. ARITZ MUTIOZABAL / UROLA KOSTAKO HITZA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2022ko maiatzak 12

Kanpaien dilin-dalana entzun, eta berehala joan ziren bost traineru, patroi banarekin, zer agertu zen ikustera. Han topatu zuten balea, eta arpoiekin arrantzatu zuten, Benito Lertxundiren kantak dioen bezala. Euskal kostaldean arrantzatutako azken balea izan zen, 1901eko maiatzaren 14an. Orion (Gipuzkoa) ehizatutakoa. Gertakari hura izango dute gogoan etzi herrian, Balearen Egunean. 2001ean hasi ziren eguna ospatzen, mendeurrenarekin batera, eta bost urtez behin gogoratzen dute, festa giroan.

Iaz zen ospatzeko urtea, baina pandemia zela eta, urtebete atzeratu dute festa handia. Herritarrak hasiak dira balkoiak sare, pala eta arrantzarako tresnez atontzen, «oso gogotsu» dauden seinale, Xabi Ibarguren Orioko Udaleko kultur zinegotziaren arabera: «Herriak oso-oso berea sentitzen duen festa da Balearen Eguna, oriotar identitatearen parte bihurtu delako. Ohiturek, kantuek, dantzek, herri kirolek, hizkuntzak berak, ogibideak eta bizibideak ere sortzen dute gure identitatea, eta festa honek hainbat ezaugarri biltzen ditu».

Normalean, herria 1901a balitz bezala girotu, eta dozenaka pertsonak esketxak egiten dituzte kaleetan. Aurten, ordea, ez dute astirik izan antzezlana prestatzeko, pandemiaren neurriak kentzerako beranduegi baitzen martxan jartzeko. Hortaz, aurten modu «xumeagoan» egingo dute ekintza nagusia, Iker Apaolaza Orioko Udaleko kultur teknikariaren arabera, 13:00etan entzungo dira kanpai hotsak, eta orduan egingo dute balearen arrantzaren antzezpena; arpoi eta soken laguntzaz, balearen puzgarria moilara eramango dute arrantzaleek, eta hori izango da eguneko ekintza nagusia.

Antzerkian hainbeste jendek parte hartzen zuenez, aurtengo festan herritarrek euren alea jar zezaten, parte hartze prozesu bat jarri dute abian Orion. «Jendea lanerako gogoz zegoen. Herriko elkarteak animatu dira, eta parte hartu dute: Salatxo abesbatza, Harribil dantza taldea, Talai Mendi dantza eskola, Orioko arraun elkartea...», azaldu du Apaolazak.

Horrez gain, lehen aldiz, kartel lehiaketa jarri dute martxan, Balearen Eguna baino lehen giroa berotzen joateko. Helduen mailan, hamar lan jaso dituzte, eta haurrenean, berriz, 300 baino gehiago, herriko bi ikastetxeen laguntzari esker: «Guretzat, haurrak inplikatzea ere oso garrantzitsua da».

Antolatzaileei garrantzitsua iruditzen zaie atzera begira jarri eta egun horrek izandako garrantzia aitortzea. Izan ere, herri osoari egin zion mesede balea agertzeak, Apaolazak gogorarazi duenez: «1901. urtean, balearen ehiza loteria tokatzea bezala zen herriarentzat, Orio oso txikia zen garai horretan, eta herri guztiari eragiten zion. Azken batean, baleak ekarritako onurak herri guztiarentzat ziren».

Ibarguren ere bat dator: «Orio urte luzez errekara eta itsasora begira egon den herria izan da, nahiz eta, azken urteetan, arrantza, familia askoren bizibide izatetik, galbidean dagoen sektore bat izatera pasatu», adierazi du. Hain zuzen, herria garrantzi horren jakitun dela uste du: «Balearen bertsoek ere lagundu dute oroimen edo historia ariketa horretan, gure kulturaren eta gure parte sentitzen».

Gaurko begiradatik

Balearen onura ekonomikoa nabarmentzeaz harago doa Balearen Eguna gaur egun, ordea. Izan ere, balea galtzear dagoen animalia denez, festa ospatu zuten azken aldian, esaterako, antzerkiari epilogo bat gehitu zioten, balea sendatu eta itsasora itzultzen zutena: «Lehengo bizimoduari oraingo ikuspegitik begiratzen diogu, eta badakigu gaur egun baleak beste modu batean daukala garrantzia, ingurugiroaren zainketaren alderditik», azaldu du Apaolazak.

Hortaz, arpoi, dinamita eta soken sinbologia erabiliz, zabaldu nahi duten mezua sakonagoa da, azaldu duenez: «Elkarlana ezinbestekoa zen balea harrapatzeko. Horixe gogorarazi nahi dugu azken finean, konparazioa eginez: denak batu eta norabide berean arraun egin behar dugula, gaur egun ere herria aurrera ateratzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Feminismoari lotuta dago 'drag king'-a»

Olaia L. Garaialde

Begirada feministaren bidez maskulinitatearen eta harreman sozialen eraldaketan jartzen du arreta Massalami 'drag king'-ak. Generoa deseraikitzeko tresna politiko gisa erabiltzen du 'drag king'-a.
 ©IRRIMARRA

Loa izuaren mende

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Loaren nahasmenduetako bat izu-ikarak dira, eta batik bat umeek izaten dituzte, baina heldu batzuek ere bai. Ez dago argi zergatik, baina adituek uste dute badaudela arrisku faktore batzuk; esaterako, muturreko nekea. Dena den, badira saihesteko erabil daitezkeen teknika batzuk.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ane Insausti Barandiaran

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...