Zigarroa itzali, kutsadura piztu

Zigarroen kaltea ez da bukatzen zigarroa erretakoan. Zigarrokin gehienak kalera edo ingurumenera botatzen dira, eta munduko hondakin ugarienetako bat dira. Oso kutsatzaileak dira, baina ez dago ezarrita haiek jasotzeko, tratatzeko eta birziklatzeko sistemarik.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ohiko keinua. Pertsona bat hondartzan zigarroa erretzen. Zigarroa erre ahala, errautsak hondarretara. Eta zigarroa bukatutakoan, zigarrokina hondarretan itzali eta zutik utzi, erdi bistan. Hondartza hautsontzi erraldoi bihurtua. Zigarrokinak hondakin txikia eman dezake hondartzaren handitasunean. Goizean hondartza garbitzeko makina pasatutakoan, galbaheek hondarretan erdi lurperatuta eta guztiz lurperatuta utzitako zigarrokin guztiak bildutakoan, ez dira hain hondakin txikia.

Gainera, zigarrokina, hondakin txikia bada ere, oso toxikoa da: zigarroak 7.000 substantzia toxiko inguru ditu. Asko kutsatzen du: zigarrokin batek 50 eta mila litro artean kutsa ditzake, ikerketa batzuen arabera. Eta luzaroan kutsatzen du: zigarrokin batek hamabi bat urte behar ditu desegiteko.

Hondartzetako, itsasoetako eta ozeanoetako kutsatzaile nagusienetakoa da. Berez, plastikoa da zabor nagusia. Plastikozko zaborra zabor motaren arabera bereiztuz gero, zigarrokinak dira nagusi. OMEk uste du 1980ko hamarkadatik kostaldean eta barnealdean egin diren zabor bilketetako zaborren %30-40 direla. Oceans Conservancy irabazi asmorik gabeko erakundeak 2020an egindako garbiketa kanpainan 79.880 kilometro kostalde garbitu zituzten. 2.371 tona hondakin bildu. Zortzi milioi objektu. Objektu motaren arabera sailkatuz gero, gehienak, zigarrokinak: 964.521. Zigarrokinen atzetik, plastikozko botilak (627.014) eta bilgarriak (573.534).

Europako Surfrider fundazioak iaz egindako zabor bilketetan ere zigarrokinak izan ziren gehien bildu zituzten hondakinak leku guztietan: 365.772 zigarrokin baino gehiago.

Jendeak hondarretan utzitako zigarrokinetako asko itsasora eta ozeanora iristen dira. Itsasoko arrain eta ugaztunek jan egiten dituzte, eta ohikoa da haien urdailean zigarrokinak aurkitzea.

Ezagunak dira tabakoak gizaosasunari eragiten dizkion kalteak, bai erretzaileari, bai erretzaileak isuritako kea arnasten dutenei. Ez dira hain ezagunak, ordea, zigarrokinek ingurumenean eragiten dituzten kalteak. OME Osasunaren Mundu Erakundeak maiatzaren 29an kaleratu zuen tabakoaren ekoizpen zikloak sortzen duen kutsadurari buruzko txosten labur bat: Tabakoa, planeta pozoitzen. OMEk nabarmendu zuen tabakoak haren bizitzaren aldi guztietan eragiten dutela kaltea ingurumenean: «Eman dezake zigarrokina dela zigarro batek eragiten duen kaltearen amaiera, baina oraindik bidea dago egiteko erre osteko hondakinen garbiketari eta suntsiketa arduratsuari aurre egiteko».

Erretzaileek lurrera botatzen dituzte erretako hiru zigarrotik biren zigarrokinak, OMEren arabera. 4,5 bilioi zigarrokin inguru dira urtean. 680.388 tona.

Kopurua handia da, baina eragiten duen kutsadura are handiagoa. Zigarroetako irazkiak zelulosa azetatoz eginak daude. Kotoia ematen du, baina plastikoa da. Plastiko zuntzak. «Denbora luzez egon daitezke ingurumenean, mikroplastiko gisa», OMEren esanetan. Zaila da zelulosa azetatozko irazkiak desegitea. Oso konprimituta egoten dira, eta azetilo molekulak dituzte. Eguzkiak eta hezetasunak desegin ditzake, baina mikroplastikotan.

Nikotina eta metal astunak

Zigarrokinek nikotina, metal astunak (merkurioa, beruna, kadmioa, artsenikoa), hidrokarburo aromatiko poliziklikoak eta bestelako substantzia kimikoak izaten dituzte. Erretzaileak zigarroa erretzean bertan geratzen dira substantzia horietako asko. Substantzia horiek guztiak zigarrokinetatik ingurumenera irazten dira, eta kaltegarriak dira itsasoko bizidunentzat.

Tabakoari lotutako zabor bakarra ez dira zigarrokinak. Zigarro kaxak ere botatzen dira. Kartoia, tinta, zelofana, aluminiozko papera eta itsasgarria. Bi milioi tona urtean.

Birziklatu daitezke zigarrokinak? Bai. 3DKala kooperatibak egiten du, Arabako parke teknologikoan. Zigarrokinaren osagai guztiak baliatu daitezke beste zerbaiterako: tabako eta errauts hondarrak, ongarriak egiteko; papera eta kartoia, berriro ere papera eta kartoia egiteko; eta zelulosa azetatoa eraikuntzan, bero-isolatzaile edo soinu-isolatzaile gisa. «Zelulosa azetatoa berrerabiltzeko beste aukera batzuk aztertzen ari gara», zehaztu du Ahmed Salekek, 3DKalako bazkide laguntzaileak. «Hiru dimentsioko inprimagailuen filamentuak sortzeko eta baita oinetakoak eta surf oholak egiteko ere».

Norbaitek zigarro bat erretzen duenean, kea irazkitik pasatzen da ahora eta biriketara sartu aurretik. Irazkian metatzen dira hainbat substantzia kaltegarri. Ia guztiak kentzea lortu dute 3DKalan: «Garbitu egiten dugu, eta zelulosa azetato garbia lortzen dugu. Gai toxikoak isolatu egiten ditugu, eta berriro erabil daitezke, pestizidak egiteko, esaterako».

3DKala kooperatibako arduradunek laborategi batera bidali zuten zigarrokinetatik ateratako eta garbitutako zelulosa azetatoa, haren purutasuna neurtzeko: %98koa zela esan zieten. «Beraz, egin daiteke».

Salekek ez du zehaztu nola birziklatzen dituzten. Sistema oinarrizkoa dela, ez duela urik behar eta oraindik patentatzeko dutela baino ez. «Dirua behar dugu makineria hobea lortzeko».

Zigarrokinak biltzeko sare bat osatzea da haien lehentasuna. Zigarrokinak birziklatu ahal izateko, zigarrokinak bildu behar dituzte, eta horrek esan nahi du ohitura aldaketa bat bultzatu behar dutela: zigarrokina lurrera, hondartzara, errepidera... botatzen duenak hautsontzi berezietara botatzea. Zigarrokinek, hondakin oso kutsatzaileak badira ere, ez baitute edukiontzi, bilketa sistema eta tratamendu propiorik.

3DKalak zutikako hautsontzi batzuk egin ditu. Jarri ditu Gasteizko zenbait taberna eta jatetxetan, Michelinen, saltoki handietan, musika jaialdiren batean... Madrilgo hotel batekoak eta espetxe batekoak ere biltzen dituzte. Hautsontzi bakoitza zenbatean behin jaso behar duten kalkulatu, errautsak eta zigarrokinak bildu, eta Arabako parke teknologikora eramaten dituzte, birziklatzera.

«Bilketa zabaltzeko, erakundeen babesa eta inplikazioa behar dugu», Saleken iritziz. «Erakundeek babestuz gero, kontzientziazio kanpaina eraginkorra egin daiteke. Modu pribatuan gauza batzuk egin ditzakegu, baina ezin dira nahi ditugun helburuak lortu». Gasteizko Udalarekin saiatu dira, baina ez dute lortu. Beste udal batzuekin hitz egiten ari dira.

Zigarrokinen bilketak, tratamenduak eta birziklatzeak bultzada handia izango du hurrengo urtearen hasieran. Europako Batasunak 2019an onartu zuen plastikozko zenbait produktuk ingurumenean eragiten duten kaltea gutxitzeko direktiba. Horretan, debekatu egin zituzten erabilera bakarreko plastikozko hainbat produktu: edateko lastoak, txotx kotoidunak...

Debekuak ezartzeaz gain, direktiba horrek estatuak behartu zituen 2023 urtarrilaren 6a baino lehen tabako enpresei ekoizleen ardura zabaldua ezartzera, hau da, tabako enpresek zigarrokinen ardura beren gain hartzera. Zigarrokinen kudeaketan eta tratamenduan parte hartzera. Frantziako Gobernuak iaz onartu zuen, eta indarrean dago.

Espainiako Gobernuak oraindik ez du onartu tabako enpresen ardura eta parte hartzea arautuko duen lege dekretua. Urte hasieran, baina, zenbait galdera egin zituen kontsulta publikoan: ea zigarrokinak biltzeko tresnak jarri behar diren tabernetan, jatetxeetan, erretzea baimentzen duten lekuetan eta tabako saltokietan; eta ea zer kasutan ordaindu behar dituzten tabako ekoizleek eta banatzaileek tresna horiek.

Lan eta negozio aukera bat izango da 3DKala kooperatibarentzat: «Tabako enpresek hondakin horiek jasotzeko, kudeatzeko eta birziklatzeko modu bat aurkitu behar dute. Haiek arduratu beharko dute, edo enpresa espezializatu baten esku utzi beharko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.