Pauso txikiek handi

Joanes Etxeberri andereñoen egoitzan, irakasleak trebatzeaz arduratzen ziren, euskaraz. Handik ateratako irakasleei esker, makina bat ikastola ireki ziren Euskal Herrian.

1. Liburua. Pakita Arregi, liburua esku artean duela. Atzean, egoitzan ikasi zuten andereñoetako batzuk. GORKA RUBIO / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoko aulki ia guztiak beteta daude; leku gutxi batzuk bakarrik daude libre. Elkarrizketa bizia dute han bildutakoek; emakumeak dira gehienak. Barre eta besarkada artean, aspaldiko lagunak direla dirudi, eta zerbaiten edo norbaiten zain daude. Denak eseri direnean, emakume bat sartu da aretora, eta, dirudienez, bertaratutakoak haren hitzak entzutera etorri dira.

Pakita Arregi da aretoko eszenatoki txikiko mahaian eseri den emakumea, eta arrazoi berezi bat du hor egoteko: Joanes Etxeberri andereñoen erresidentzia (Txertoa) liburua argitaratu berri du. Joanes Etxeberri andereñoen egoitza 1964. urtean ireki zuten, andereño tituludunak eta ikasten ari zirenak euskaraz trebatzeko. Hamar bat urtez egon zen irekita, eta Donostiako zenbait lekutan izan zuen egoitza. Arregi bera izan zen egoitzaren zuzendaria hamar urte horietan.

Aurkezpena hasi du Arregik, eta aulkietan eseritako emakumeek adi-adi entzuten diote. Haiek ere badute zerikusirik kontakizunean, andereñoen egoitzan ibili ziren ikasleetako batzuk baitira. «Ikastolen katean, gure istorioa falta zen», kontatu du Arregik. Egoitzak garrantzi handia izan zuen ikastolen hedapenean, euskaraz trebatutako andereñoak ireki berri ziren ikastoletara joaten baitziren eskolak ematera, eta horrek aurrerapauso bat ekarri zuen euskarazko hezkuntzan.

Ongi oroitzen ditu Arregik andereñoen egoitza sortu aurreko bilerak eta lanak: «San Sebastian hoteleko areto batean egin zen lehen bilera, eta denak gizonezkoak ziren», aipatu du. Jose Miguel Zumalabek, Jaxinto Setienek eta Karlos Santamariak parte hartu zuten bileran, besteak beste. Bilera hartan erabaki zen egoitzako kideak irakasle ikasketak egindakoak edo egiten ari zirenak izango zirela, eta euskara izango zela haien formakuntzaren ardatza.

Lehen urtea

Horiek horrela, 1964. urtean ireki zen lehendabiziko aldiz Joanes Etxeberri andereñoen egoitza, Donostiako Manterola kaleko pisu batean. Egoitzaren programa idazteko ardura Karlos Santamariak izan zuen. Lau maila egongo ziren, eta maila bakoitzak bere helburuak izango zituen. Lehenengo mailaren helburua: euskara menderatzea. «Ezin genuen onartu euskaldunak euren hizkuntza propioan analfabetoak izatea», gehitu du Arregik.

Frankismoaren gordinenean ireki zen egoitza, euskara debekatuta zegoela, eta gaztelania gero eta gehiago hedatzen ari zen. Arregiren esanetan, euskaraz hitz egiten zuena eskolatu gabekotzat hartzen zen, eta hirietan gutxi ziren euskaraz hitz egiten zutenak; herrietan ere, gero eta gutxiago ziren.

1964-1965eko ikasturtean, zortzi ikasle izan zituzten egoitzan, eta, urtez urte, gora egin zuen ikasleen kopuruak. «Gazteen artean, segituan zabaldu zen egoitzaren sorreraren berri, eta gazte taldeak, intelektualak, musikariak, poetak... etortzen hasi ziren», esan du egoitzaren zuzendari izan zenak.

Feli Etxeberria izan zen lehendabiziko ikasturte hartako ikasleetako bat. Egoitzan ikasketak egin ostean, praktikak egiten hasi zen. Garai hartan, praktikak egiten zituzten ikasleek Elbira Zipitriarekin aritzen ziren, haren metodologia ikasteko. Etxeberriak Lazkaon (Gipuzkoa) egin zituen praktiketako lehen bi urteak.

Bi urte horien ondoren, Goierriko ikastoletan formakuntza plan bat egitea bururatu zitzaion Jaxinto Setieni. Garai hartan Goierriko eskoletan lehen hezkuntzako lehenengo mailara iristen ziren haurrek ez baitzuten irakaslerik. «Astean egun bat Ataunen ematen nuen, beste egun bat Ormaiztegin, beste bat Beasainen...», oroitu du Etxeberriak. Joan-etorriak errazagoak izan zitezen, guraso talde batek moto bat oparitu zion. Herriz herri ibiltzea mesedegarria zen ikasleentzat, baina ikastolentzat ere bazen lagungarri: «Inspektorea etorriz gero, tituludun irakasle bat bazegoela ziurtatu zitekeen eskola txiki haietan», esan du irakasle izandakoak.

Euskal Herritik kanpo

Arrate Perez 1967-1968ko ikasturtean hasi zen egoitzan ikasten. Euskaraz gutxi zekien, eta, dioenez, ikaskideei esker lortu zuen euskara menderatzea. Egoitzan hasi eta urtebetera, Elgoibarko San Bartolome ikastolara joan zen, lehenengo aldiz irakasle lana egitera.

Handik urte batzuetara, Perez eta haren senarra Caracasera joan ziren, hango Euzko Etxean irakasle izateko aukera sortu baitzitzaion. Colegio Euskadi Venezuela deitzen zen hango ikastetxea, baina ikasleek El ikastola deitzen zioten. Senar-emazteak Venezuelan bizi izan ziren urte batzuk, eta seme-alabak ere izan zituzten. «Euzko Etxea leku zoragarria zen: frontoia, igerilekua eta berdeguneak zituen. Paradisu txiki bat zen hiri handi hartan», azaldu du Perezek.

Andereñoen egoitzan, bada, irakasle euskaldunen joan-etorriak ez zuen etenik. Bilerak, hitzaldiak eta abar egiten zituzten, gazteen sen kritikoa lokartu ez zedin. «Urte oso politak izan ziren. Benito Lertxundi bera ere sarritan etortzen zen egoitzara», kontatu du Arregik.

1960ko hamarkadako azken urteetan, ikastolek gora egin zuten, baina diktaduraren legeak gero eta gogorragoak ziren. Legea betetzen ez zuten eskolek legeak ezarritakora egokitu behar zuten, baita ikastolek ere. Gurasoek jakin nahi zuten haurrek beharrezko edukiak ikasiko zituzten ala ez, gaztelaniazko ikastetxe batera eramateko beldurrez.

Hori ez zen izan garai hartako ikastolek bideratu beharreko auzi bakarra. Euskara batua sortu zen, eta, ikastolen barruan, zalantza sortu zen, haurrak euskara batuan hezi ala ez. Askotariko iritziak sortu zituen ikastoletan erlijioa ematen jarraitu behar zen edo ez erabakitzeak ere, laikotasunaren aldeko jendea baitzegoen.

Aldaketak nabariak ziren ikastolen barnean. Gainera, ikasleen ezaugarriak gero eta askotarikoagoak ziren, gurasoen jatorria ere askotarikoa baitzen. Ikastola asko zeuden, guraso talde asko, eta iritzi asko. Pixkanaka, andereñoen egoitzaren eta ikastolen arteko arrakala handituz joan zen. Azkenean, ez zitzaion etorkizunik ikusi egoitzari, eta, ondorioz, ixtea erabaki zuten. 1973. urteko uztailean itxi zituen ateak Joanes Etxeberri andereñoen egoitzak.

Arregik penaz kontatu ditu egoitzaren itxieraren nondik norakoak, baina nabari da harro dagoela: «Ez genuen gauza handirik egin, gauza txiki asko baizik». Egungo ikastolak, hein handi batean, Arregik eta beste dozenaka andereñok egindako lanagatik dira horrelakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.