Kanpora begirako entseguak

Basauriko eta Zaballako espetxeetako presoei errugbian jokatzen erakusten diete Getxo Rugby eta Gaztedi klubetako kideek. Presoen eguneroko monotoniatik irteteko eta hazkunde pertsonalerako aukera gisa ikusten dute kirol hori klubetako kideek.

Partida. Hernaniko errugbi taldeko jokalariak. J.C. RUIZ / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Errespetua lantzen laguntzen duen kirol bat da», horrela definitzen du Gaztedi kirol klubeko Alazne Usaolak hain maitea duen kirola: errugbia. Kolpeez haratago, balio sendoak dituen kirola da errugbia. Kirol horren atzeko lanketa eta laguntasunari balioa emanez, Gasteizko Gaztedik eta Getxoko Getxo Rugby errugbi taldeek errugbia eraldaketa sozialerako tresna gisa erabiltzen dute.

Nola, ordea? Gaztediko kideak Zaballako espetxera eta Getxokoak Basaurikora joaten dira bertako presoekin errugbian jokatzera. Bizkaitarren kasuan lehen urtea da proiektuan parte hartzen dutena, eta arabarrak duela zazpi urte hasi ziren presoekin lanean.

«2016ko irailean sartu ginen lehen aldiz Zaballako espetxean», ondo oroitu du Usaolak proiektua martxan jartzeko aukera izan zuten eguna. 19 urte baino ez zituen, eta klubeko lagun batzuekin batera hasi zen. Latinoamerikan, errugbia espetxeetan praktikatzen zela jakin zuten Usaolak eta bere taldekideek, Argentinan eta Venezuelan esaterako, eta proiektu arrakastatsua izaten ari zela. «Orduan pentsatu genuen: 'Agian guk ere egin dezakegu horrelako zerbait'», kontatu du.

Galdera ugari izan zituen taldeak hasiera batean, eta ugariak izan ziren inguruko jendeari eta Gaztediri eskatu behar izan zizkieten faboreak ere, saioetarako behar zuten materiala eskuratu behar baitzuten. Espetxearekin harreman zuzena zuen elkarte batekin harremanetan jarri ziren, «hainbat gauza nola egin behar genituen, eta nola jokatu behar genuen, eta zein egoera ekidin behar genituen jakiteko gehienbat», Usaolaren hitzetan.

Proiektuari forma emandakoan, Zaballako espetxean sartzeko baimenak lortzea besterik ez zen falta izan, Espainiako Espetxe Erakundeak eman beharrekoak. Hasiera batean, bisita baimenekin sartzen hasi ziren, eta, behin betiko baimenekin, taldeko kide batzuek parte hartzeari utzi zioten, ez baitzituzten eskatutako baldintza zorrotzak betetzen.

Xabi Armentiak ezaguna zuen Gaztedik egiten zuen lana, gasteiztarra baita, eta proiektuak interesa piztu zion. Bitartesport irabazi asmorik gabeko elkartearen sortzailea da Armentia, eta kirol arloan lantzen diren balio positiboak eta egunerokoan lantzen direnak txertatzen saiatzen da, kirol klubetan bitartekaritza lanak eginez. Hainbat proiektu landu dituzte ildo horri jarraituz, bai kirol udalekuetan eta bai ikastetxeetan, esaterako. «Espetxea ahaztuta geratzen den toki bat dela iruditu zitzaigun. Esparru egokia iruditu zitzaigun gure ideiak eta balioak lantzeko», esan du Armentiak.

Elkarlana

Bitartesporteko kideak jabetu ziren gizarteak futbolari eta saskibaloiari erreparatzen ziela eta beste kirol batzuk alde batera utzi. Armentiak proiektua aurrera eramateko gogoa zuen, eta Getxo Rugby klubeko Aitor Arri entrenatzailearekin harremanetan jarri zen. Getxo Inklusiboa taldeko entrenatzailea da Arri; elbarritasunen bat duen jendeak osatzen du taldea.

Hainbat egunetan aritu ziren Armentia eta Arri elkarlanean, proiektuari forma apur bat emateko: «Hasieran ez genekien ezer espetxearen inguruan», aipatu du Arrik. Armentiak, Bitartesporten lan ildoari jarraituz, testu bat osatu zuen Getxo Rugbykoen laguntzarekin, proiektua aurkezteko prest egoteko. 2021eko udan izan zuten Basauriko espetxean aurkezteko aukera, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan zuten. «Espetxearekin hitz egiteko orduan oso erantzun positiboa jaso genuen», azpimarratu du Armentiak.

Duela bi hilabete hasi ziren asteroko entrenamenduekin Basauriko espetxean. Arri eta Armentia beste taldekide batekin joaten dira astean behin, ordubeteko saioak egitera. Espetxea txikia denez, ez daude preso asko, eta gutxi gorabehera, hamahiru eta hamabost parte hartzaile artean izaten dituzte astero. Arrik kontatu du, denbora asko ez daramaten arren, «oso pozik» daudela parte hartzaileek erakusten duten jarrerarekin.

«Gure kasuan helburua gehiago da kirola ezagutzea, eta kirola praktikatzea, denok ezagutzen dugun errugbia praktikatzea baino», esan du Bitartesporten sortzaileak. Izan ere, Basauriko espetxeko patioan egiten dituzte saioak, eta zementuzko esparru bat denez, eta ez oso handia, ezin dira errugbian behar bezala aritu, segurtasunagatik batez ere.

Barneratzeko jolasak

Jolasak egiten dituzte kirolaren arauak barneratzeko, eta kolperik gabe, minik ez hartzeko. Saioaren azken hamabost minutuetan partidatxo bat egiten dutela kontatu dute Armentiak eta Arrik: «Gure saioekin presoei transmititu nahi diegu erori ostean altxatzea posible dela. Han dagoen jendeak noizbait estropezu egin du, eta erori delako dago dagoen lekuan; baina, hala ere, altxatzeko eskubidea izan behar dute», esan du bigarrenak.

Zaballako espetxearen kasua oso bestelakoa da. Zentroa handiagoa da, eta preso gehiago daude bertan, bai gizonezkoak eta bai emakumezkoak. Gune soziokultural bat ere badu, besteak beste, gimnasioa, frontoia eta kantxa bat dituena. Kantxa horretan hainbat ekintza antolatzen dituzte, tartean asteroko errugbi saioak: «Aste batzuetan leku gutxi izaten dugu, eta beste batzuetan leku handiagoa izateko aukera dugu», esan du Usaolak.

Pandemia garaian entrenamenduak alde batera utzi behar zituzten, baina egoera hobetu zenean, kiroldegiaren kanpoaldean dagoen zelai batean hasi ziren saioak egiten. Gaztediko kidearen esanetan, leku lehorra da, «harriz beteta» dagoen zelai bat, eta, beraz, kontu handiz ibili behar izaten dute.

Basauriko espetxean gizonezkoekin bakarrik egiten dituzte saioak, eta Zaballan, gizonezkoak eta emakumezkoak batera aritzen dira: «Hasieran bereizita egiten genituen saioak, baina denek batera egiteko eskatu ziguten», kontatu du Usaolak. Emakumeak eta gizonak bereiztean, saioak bi astetik behin izaten ziren, baina parte hartzaileek nahiago zuten jarraitutasun handiagoa izatea; beraz, batera egiteko eskatu zuten.

Handik aurrera, entrenatzaileek komunikazioa ezarri zuten lehentasun moduan: edozein arazoren aurrean konponbide bat emateko, eta entrenatzaileak aipatu du «oso ondo» funtzionatzen duela. Gainera, Gaztediko kideek garrantzi berezia ematen diote astero joaten diren entrenatzaileen artean ere gizonezko zein emakumezkoak joateari.

Parte hartzea

Arri pozik dago Basauriko espetxeko presoen erantzunarekin: «Beti galdetzen digute ea noiz joango garen berriro, edo ea gehiagotan joaterik dugun». Armentiak bat egiten du Getxo Rugbyko entrenatzailearekin, eta gehitu du presoak eguneroko monotoniatik ateratzeko aukera ona dela, eta asko eskertzen dutela.

Usaolak talde handiagoa du, eta kontatu du astez aste parte hartzaileen kopurua aldatuz doala, presoen bisitak edo bestelako arrazoiak direla medio. «Behin entrenamendu batean emakume bat zegoen harmailetan eserita. Gurekin jokatzera animatu nuen, eta kontatu zidan duela hiru egun erditu zela. Ez zuen jokatzerik izan, baina egun hartatik aurrera ura ekartzera etortzen zen entrenamenduetara», azaldu du. Usaolak esan du askok saioak beste preso batzuekin egoteko eta hitz egiteko erabiltzen dituztela, euren egunerokoan zerbait desberdina egiteko, hain zuzen.

Gaztediko eta Getxo Rugbyko entrenatzaileek argi dute garrantzitsuena ez dela errugbian jokatzen ikastea, etorkizunerako sareak eraikitzeko aukera izatea baizik: «Proiektu hauei esker, gaitasun sozialak lortzeko eta gestio emozionala lantzeko aukera dute presoek», esan du Armentiak. Bi proiektuek helburu argi bat dute: presoak espetxetik irteteko baimenak lortu ahala, errugbia praktikatzeko aukera izaten jarraitzea, eta klubetako kideen babesa izatea.

Gaztedin asko estimatzen zuten jokalari bat izan zuten. Usaolak txantxetan dio taldeko izarra izan zela. Carlos zuen izena, eta 2016an proiektua hasi zenetik aritu zen errugbian jokatzen. Behin baimenak eta gradu aldaketak lortzen hasita, espetxetik irteteko aukera izan zuenean, Gaztediko gizonezkoen taldearekin entrenatzen zen: «Askotan esaten zioten entrenamenduen ondoren: 'Segi azkar autora, laster Zaballan egon behar duzu eta!'», kontatu du.

Gasteizen izaten ziren partidak jokatzen hasi zen, eta gerora, etxetik kanpo jokatzeko aukera ere izan zuen. Usaolak ondo gogoratzen du Carlosen lehen partida: «Haren ama eta alaba joan ziren; oso polita izan zen», esan du. Haren alaba ere hasi omen zen errugbian jokatzen.

Gertu

Nahiz eta Basauriko espetxean proiektua berri samarra izan, Armentiak argi du horrelako proiektuetan lan egiten jarraitu beharra dagoela: «Jendeak ez dio jaramonik egiten espetxeari, eta bertan egin daitezkeen lanketak erakustea garrantzitsua da gizartearentzat». Pixkanaka dinamika eta proiektu hauei esker, gizartearen eta espetxearen arteko distantzia laburtuz joaten da, Bitartesporten sortzailearen hitzetan: «Kanpotik aire freskoa jasotzen badute, eurak ere herritarrengandik gertuago sentituko dira, hau da, gizartearengandik gertuago», gehitu du.

«Espetxean dagoen jendeak aukera berri bat izateko eskubidea du», aipatu du Arrik. Getxoko entrenatzaileak uste du edozein kirol klubek horrelako proiektu bat egin dezakeela: «Kanpotik zaila dirudien arren, aukerak badaude, eta baliabideak ere bai». Espetxean egin daitezkeen dinamikak ongi etorriak dira, Arriren hitzetan, bertan daudenei laguntzeko aukera eskaintzen baitute, bai fisikoki eta bai psikologikoki.

Gaztedi klubekoek Getxokoekin hasieratik izan dute harremana, eta Usaolak aitortu du orduak eta orduak igaro ditzakeela proiektuaren inguruko aholkuak eta esperientziak kontatzen. Hala ere, ideia bat azpimarratu nahi izan du bereziki: «Espetxe bakoitza eta bertan dagoen pertsona bakoitza mundu bat da».

Saioen aurretik parte hartzaileen zerrenda luze bat izan dezakete, eta behin espetxera iristean, hamar lagunetik behera agertu. Horrelako egoerek frustrazioa eragin dezakete antolatzaileengan, baina Usaolak esan du hori dela zehazki saihestu behar dena. «Joaten garen bakoitzean saiatzen gara bisitak zerbaitetarako balio izan duela sentiarazten», kontatu du. Kanpotik jasotzen duten estimulu bakarrenetarikoa baitira. Hitz egiteko bada ere, hor daude entrenatzaileak egunak arintzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.