Albistea entzun

Elur geruza askatzeak dakarrena

Elur jausiak ohikoak dira elurra pilatzen den mendi magal guztietan. Gehienak 30 gradutik gorako aldapetan gertatzen dira, eta istripu larriak eragiten dituzte. Arriskua neurtzeko, elur buletinak begiratzea aholkatu dute adituek.
<b>Tamaina. </b>Elur jausi handiek autoak lurperatu, kamioiak hondatu, eraikin txikiak suntsitu eta zuhaitzak diztakete.
Tamaina. Elur jausi handiek autoak lurperatu, kamioiak hondatu, eraikin txikiak suntsitu eta zuhaitzak diztakete. JON APODAKA Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2021eko otsailak 13

Elur mantuaren askatzeak dira elur jausiak, eta urtero-urtero gertatzen dira; mugitzen hasten diren elur masak dira. 30 gradutik gorako maldetan izaten dira gehienak, eta, gutxi-asko, arazoak eta istripuak sortzen dituzte. Besteak beste, urtarrilaren 14an elur jausi handi bat izan zen Gorbeia mendian (Bizkaia), eta, inor harrapatu ez zuen arren, elur mantu osoa errotik askatu zen. Batik bat mendizaleek eta eskiatzaileek pairatzen dituzte egoera lazgarrienak, eta asko dira elurte garaietan mendi malkartsuetan elur jausiak bertatik bertara bizi izan dituztenak. EAWS European Avalanche Warning Services erakundearen arabera (Europako elur-jausi abisuen zerbitzua), urtero batez beste Europan ehun pertsona hiltzen dira elur jausien ondorioz. 2020-2021eko denboraldian, oraingoz, 58 hil dira elurbilduen eraginez Europan —urriaren 10ean hasi da denboraldia aurten—.

Fenomeno natural saihetsezinak dira elurbilduak, baina asko dira hondamendi natural horiek gertatzeko probabilitateak tentuz aztertzen dituzten adituak. Arriskua neurtu eta aurreikuspenak egiten dituzte, mendira joango direnek egoeraren ikuspegi ahalik eta osatuena izan dezaten. Horretan dihardu Jon Apodaka geologoak buru-belarri. Arrisku naturaletan aditua da Apodaka, eta Andorran ari da doktoretza prestatzen: «Elur jausiei dagokienez, aurreikus daiteke zer-nolako baldintzak dauden; eta, hortaz, gertatzeko aukera handiagoa edo txikiagoa dagoen eta gertatzen direnean ondorio larriak edo arinak eragingo dituzten».

Azterketa horiek, batetik, hirigintza planak egiteaz arduratzen diren entitate eta enpresei helarazten dizkiete; etxeak, errepideak eta bestelako egiturak non eraiki daitezkeen ohartarazteko. Bestetik, ikerketen emaitzak txukundu eta laburtu, eta elur buletinak ere osatzen dituzte. Buletinetan jasotakoa irakurrita, herritarrek, mendiko edozein jarduera egin aurretik, inguruko elurra nola dagoen jakiteko aukera dute. «Buletinetan, elur jausia gertatzeko arrisku maila, elur-jausi mota, elur jausiaren tamaina, lekua, altuera, orientazioa, bestelako aholkuak eta baldintza meteorologikoen inguruko informazioa jasotzen da». Txosten osatua den arren, Apodakak ohartarazi du herritarrek informazio lerro bakarrari erreparatzen diotela: arrisku mailari. «Arrisku maila 1etik 5era doan eskala bat da, eta Europako elur jausien abisu zerbitzuak ezarritako estandarra da: 1 ahula, 2 mugatua, 3 nabarmena, 4 handia eta 5 oso handia».

Ibai Rico mendi gidari eta EHUko geografia irakasleak azaldu du elurbilduek izan ditzaketen ondorioekin lotuta dagoela arriskuren sailkapena: «Zenbat eta arrisku handiagoa egon, elurra askatzeko orduan eta aukera handiagoa dago; eta, era berean, geroz eta larriagoak izango dira elur jausi horiek eragin ditzaketen ondorioak».

Elurbizi izendapen orokorraren barruan, ordea, zehaztapen ugari daude. Bigunak edo gogorrak eta lehorrak edo hezeak izan daitezke, askatzea eragin duen faktorearen arabera. Oro har, bost motatan bana daitezke: elur berria —elurra bota berri duenean—, haizatutako elurra —haizeak mugituta elurra metatzen denean—, elur umela —euria egin duenean—, plaka hauskor iraunkorrak —hotzaldi luzeen ostean mantuaren azpiko geruzetan izotz zati hauskor eta labainkorrak sortzen dira— eta elur jausi basalak —mantua askatzen denean, lurzorutik gainazaleraino—.

Elurbilduak sortzeko arrazoiei dagokienez, hiru esparru zerrendatu ditu Ricok: baldintzak, eremua eta taldea. Baldintzek eguraldiari eta elur maindirearen egoerari egiten diote erreferentzia. Apodakak azaldu duenez, hotzaldi luze baten ondoren, tenperatura aldaketa bortitzak daudenean, euria elur gainean egiten duenean, mantua mehea denean eta leiaren ondorioz gainazala umeldu eta lurperatzen denean gerta daitezke elur jausiak, besteak beste. Eguraldiak, halaber, berebiziko garrantzia dauka udaberri partean: «Udaberrian, tenperatura epelak daude egunez, eta elur geruza urtu eta hezetu egiten da; ondorioz, elur maindirea mugitu egiten da», zehaztu du Apodakak.

Eremuaren alorrean, malda eta orientazioa dira kontuan hartu beharreko ezaugarriak, Ricoren esanetan: «30 gradutik gorako maldetan gertatzen dira elur jausien %97, eta, bestalde, plakak aldatu egiten dira haizearen norabidearen arabera».

Taldea da azken faktore gakoa. «Giza faktorea pertsonek hartzen dituzten erabaki guztiak dira: planifikazioa, materiala eta baita unean uneko erabakiak ere». Izan ere, elur jausiak elurra pilatzen den edozein tokitan gerta daitezke, eta gertatzen dira, baina denak ez dira naturalak. Ricok ohartarazi du elur jausien ondorioz gertatzen diren istripuen %95 eskiatzaileek eta mendizaleek eragiten dituztela. Apodakak ere uste du giza faktoreak berebiziko inportantzia duela mendi istripuetan: «Denboraldi honetan 10-12 istripu gertatu dira, eta gehienak pertsonen erabaki desegokien ondorio izan dira; egun horietan baldintza ezegokiak zeuden, bai, baina saihestu zitezkeen istripu horiek».

Edurne Pasaban mendizaleak beti du oso presente elur jausien arriskua: «Elur jausi baten azpian harrapatuta geratzea da mendizaleok dugun beldurrik handienetariko bat». Pasabanek aldea nabari du fenomenoaren aurreikuspen ahalmenari dagokionez: «Europako mendilerroetan informazio asko dago, baina, goi mendian, Himalaian, ez da horrela; han, elur jausiak ezin dira aurreikusi, eta, gainera, erraldoiak dira». Pirinioetan informazio «dezente» dagoela esan du, baina informazioa edukitzea ere beti ez dela aski: «Beste gauza bat da kasu egiten diogun ala ez». Eskarmentuak ere eragiten du: «Mendian maiz ibiltzen garenok ikasi egiten dugu mendia interpretatzen: haizeak nondik jotzen duen, non dauden urtero elur jausiak, zer gertatzen den plaka bat mozten denean...».

Elausoek inor harrapatu ez dezaten aztertzen dira zorrotz mendi zurietako baldintzak; baina, halere, maiz, elurra askatu eta norbait harrapatzen du. Horrelakoetarako prest egotea eta istripua kudeatzeko tresna egokiak soinean eramatea da funtsezkoena. Erreskateak azkarra eta eraginkorra behar du izan. Elurbilduen azpian harrapatuta geratu den norbait aurkitu eta ateratzeko, hiru lanabes baliatzen dira: ARVA, zunda eta pala. Uhin bitartez biktimak aurkitzeko tresna da ARVA, eta beste ARVA batzuk aurkitzeko balio du.

Arina eta eraginkorra

Erreskatea egiteko manera, urratsak eta ordena ondo barneratu behar dira; arin erreakzionatu behar da, eta asko praktikatu. Izan ere, datuen arabera, elur jausi baten azpian lurperatuta geratzen diren biktimen %90 bizirik ateratzen dira erreskatea lehenengo 15 minutuetan egiten bada. Hortik aurrera, nabarmen apaltzen da bizirik ateratzeko aukera. Ordu erdi pasatuta, biktimen %60 egoten dira bizirik, eta ordubete pasatuta, %40.

Protokoloaren arabera eta Rioren hitzetan, ARVAren modua aldatzea da lehen urratsa: «Normalean, uhin igorpen moduan eramaten dute mendizaleek ARVA. Norbait harrapatuta gelditzen bada, gainerako kideek bilaketa modura aldatu behar dute gailua; bestela, interferentziako egon daitezke». Hurrengo pausoa bilaketa da. ARVAk igortzen dituen soinuei segika biktima lurperatuta dagoen tokia zehatz-mehatz lokalizatzea da helburua.

«Ondoren, zunda maldarekiko perpendikularki hondoratzen da elurretan; finean, lurperatuta dagoen kidearen gorputza edo motxila ukitzea da helburua, indusketa hasteko toki zehatza hori dela ziurtatzeko». Azken urratsa palarekin elurra hondeatzea da, biktima elur jausitik ateratzeko. «Zundaren azpiko aldetik hasi behar da indusketa, biktimari airerik ez kentzeko eta ahalik eta azkarren ateratzeko lurpetik». Biktima elur jausiaren gainazalean geratzea ere gakoa da bizirik ateratzeko. Pasabanek ohartarazi du materiala eramatea garrantzitsua dela, baina erabiltzen ikasi behar dela: «Asko praktikatu behar da; oso azkar egin behar da prozesu osoa». Bada praktikatu ezin den zerbait: unean uneko erreakzioa. «Praktikatu dezakezu, baina egoerara iritsi arte ez dakizu nola jokatuko duzun. Elur jausi bat gogorra da; ez da bizitzen den gauza bat, eta, bizitzen baldin bada, gauza txarra da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

Dantzak gaurkotzea

Amaia Igartua Aristondo

XV. mendetik dantzatzen da kaxarranka Lekeition, eta aurten andre bati egokitu zaio, estreinakoz. Garai batean kofradiako lehendakaria aldatzean egiten zen. Hango sokadantza XIX. mendekoa da, gutxienez.
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Uliak aukerak ditu jende guztiarentzat»

Jakes Goikoetxea

Donostiako Ulia mendiko interpretazio zentroak hamar urte beteko ditu uztailean. Ezezaguna da oraindik ere donostiar askorentzat, baina jendea gero eta gehiago joaten dela uste du Orkolagak.
Anubis zaldi arabiarra, aurtengo edertasun lehiaketa batean. Lau aldiz gailendu da azken hiru hilabeteotan Galizian jokatutako txapelketetan. ©BERRIA

Abarizketako zaldi arabiarra

Enekoitz Telleria Sarriegi

Aritz Aranburu beasaindarraren Anubis zaldiak hainbat edertasun sari irabazi ditu. Abarizketa baserrian zaindu eta aterpetzen dute. Arraza bereko beste lau zaldi ere badituzte han.
Korterraza jaialdiaren antolatzaileak, aurkezpenaren egunean. ©KULTURA KALEAN

Arabako zinemaren indarra

Amaia Jimenez Larrea

Korterraza film laburren jaialdia Gasteizen eta Arabako hainbat herritan egingo dute. Gasteizen kontzertuak ere egongo dira; 42 film labur iritsiko dira Arabako 38 herritara

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.