Belharra: hogei urteko mugarria

Hogei urte bete dira Donibane Lohizuneko Belharra uhin erraldoiaren gainean surf egin zutela lehen aldikoz. Axi Muniainek arraunean ere igan zuen lehentze, 2013. urtean. Gero eta haboro dira ausartzen direnak orain: Matt Etxebarne da haietako bat. Baina denek oroitarazi dute lanjer handia.

Matt Etxebarne surflaria (gorriz), Belharra igan eta gero. FRANCK LAPUYADE.
Ainize Madariaga
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun

Uhinak hogei urte bete ditu hilabete honetan. Orduan egin zuten surfean lehen aldiz Belharran, Europako uhin handienean, atoi surfean. Sei lagun: Fred Basse, Peio Lizarazu, Max Larretxe,Yann Benetrix, Vincent Lartizien eta Mixel Larrondo. Arraunean, ordea, Axi Muniain izan zen lehen aldiz egin zuena, 2013an, denek ezinezkotzat jotzen zutelarik. Belharra uhinak bi urteko etena eman eta gero, bere burua bikoitz agerrarazi du hilabete honetan berean, bi asteko epean bi aldiz agertu baita. Ederki gozatu dute surflariek. Matt Etxebarne gaztea jardunean aritu da; Haritz Larrañagak Belharraren ezaugarriak eta testuinguru historikoa oroitarazi ditu; eta Axi Muniainek bere lorpena.

 

MATT ETXEBARNE
Surflaria
«Hamabost metroko olatua biltzean, zigorra bera da denendako»

Matt Etxebarne Bidartekoa da (Lapurdi). Ttipitatik dabil surfean, eta betitik da Belharra zale amorratua. Oroitzen da Erlaitza hegian promenatzen zela, amari erraten zionaz: «Ama, nahi dut Belharrarat joan. Normal den bezala, amak ezetz erraten zidan, eta negarrez sartzen nintzen autora. Pixkanaka-pixkanaka, handitzearekin, 16 urtetan, Peio Lizarazurekin joan nintzen, eta bospasei saio egin genituen. Max Larretxe eta Peio Lizarazuri eskerrak eman nahiko nizkieke». Ados da usu jendeak egiten duen konparazioarekin: uhin erraldoiak eta goi mendiak: «Olatuaren murru erraldoia ikustean, itsasoan mendi bat altxatzea bezala da; gainera, gibelean Jaizkibel ageri da».

Etxebarnek badu berezitasuna, foil modalitatean aritzen baita; surflari hegalaria deitzen diote, zeren eta surf taulari gehitu baitizkio hegal gisako batzuk: «Berria da Belharran; ondulazioak hartu ahal ditugu. Pixka bat hegal egiten dugu: ondulazioak daudelarik har ditzakegu, hautsi nahiz hautsi gabeko uhinetan ibil gaitezke. Hain fite goaz, non eroriz gero zinez min har baitezakegu. Belharraren ondotik gogordura ikaragarriak nituen, min denetan, kinearengana joan nintzen».

Anitz eskertu du Belharraren aurtengo agerpena hilabete honetan; bi aldiz eman baitu erakusterat bere burua Europako uhinik handienak, bi urtez agertu ez delarik, eta, gainera, ezinago baldintza onetan: «Sinesgaitza izan da: Belharraren bi saio ukan baititugu, eta prebisio sinesgaitzak. Egun garrantzitsua izan da. Azken saioren gailurrerat heltzean, bakarrik Peio eta Stephane [Iralur] ziren surfean ari; aski sinesgaitza zen. Tom [Constant] eta biok erabaki genuen surfean egitea, bera hasi da foilatzen, ni geroxeago».

Berez, Nazareterat (Portugal) joatekoak ziren, baina ikusirik baldintzak, gelditzea deliberatu zuten: «Hain baldintza onak ikustean, erabaki genuen Euskal Herrian gelditzea. Zorionez! Zeren eta baitzen egun biziki ederra eta talde bakarra baitzen hor, Peio eta Stephane bakarrik, ez nekien hori posible zenik! Biziki uhin garbiak eta ederrak izan dira!».

Ikusten du gero eta jende gehiago doala Belharra uhinean surf egitera, eta segidan ohartarazi du olatuaren lanjeraz eta horrek galdatzen duen prestaketaz. Preseski, Belharran berean ikusi du Peio Lizarazu beteranoa uhinak harrapatzen, eta horrek markatua utzi du Etxebarne: «Uhinak harrapatu du Peio, zinez bildu du. Halako tipo bat, hogei urteko esperientziarekin, hain entrenatua, aditua...».

Horregatik, negua gabe anitz entrenatzen da bera: igerilekuan, korrika eginez: «Zinez kontziente izan behar da zein diren lanjerak, hamabost metroko olatu bat biltzean denendako ber zigorra baita; nahiz eta aro ona izan, itsasontziak eta txalekoak ukan, eta fun izan. Beraz, entrenatua izan behar da ongi; negua gabe, ni bizikletaz ibiltzen naiz, korrika, igerian ere asko, eroso ibiltzeko, bai gela barnean zein kanpoko entrenamendu berezietan ere. Gero, norberaren gain da entrenamendu mentala. Jet eskiekin goaz, baina, hala ere, arriskutsua da».

Lanjera solas, Etxebarnek badaki zertaz mintzo den, Belharraren kaskotik jautsi ondoren, segidan autoa hartu eta hamar oreneko bidaia egin baitu Nazareterat heltzeko eta han hilabete batez egoteko. Alta, heldu bezain zalu, uhin erraldoiari aitzi egin nahian, erori eta ospitaletik eman baitio BERRIAri bere bizipenen berri: «Hor da akatsa: surf egin dugu akiturik. Lehen uhina hartu eta zinez min hartu dut; lepoa dena blokeatua dut. Bost egunez egon beharko naiz surf egin gabe».

HARITZ LARRAÑAGA
Surflaria
«Bost segundoz ikusten badira ere, urte guztian prestatzen dira»

Haritz Larrañaga surflaria da, eta Euskal Herriko surf gida liburuaren egilea. Ez du sekula Belharra igan, baina segitu ditu hurbiletik haren historia eta bilakaera.

Hasteko, oroitarazi du Axi Muniain izan zela lehenbizikoa Belharra arraunean igaten, uste guziak kontra zituelarik: «Aldaketak egon dira, eta Axi Muniain izan zen lehena arraunean olatu hori hartzen, taulari jarri zizkion haizeari kontra egitekoei esker».

Azpimarratu du orduan estatu batuarrek ziotela ez zegoela behar adinako distantziarik uhin batetik bertzerat hain altuera handiko uhinak sortzeko. Baina oroitarazi du Pazifikoan «ohituak» direla olatu handietako lekuetan, izugarri urrun sortu diren olatuak hartzen: «Horren froga da olatu batetik bestera dagoen tartea; horrek erakusten du zenbat eta tarte handiagoa orduan eta distantzia luzeagoa egin dutela olatu horiek».

Alta, Belharrak gezurtatu egiten du uste hori, Larrañagaren erranetan, Ozeano Barean sortzen diren ekaitzak ez baitira inoiz izaten Atlantikoan sortzen direnak bezain indartsuak, eta horrek eragiten du uhinen arteko distantzia horretan.

Bestalde, xehatu du Belharra atipikoa dela bi arrazoiengatik. Alde batetik, ez da lehertzen itsaskiak zinez handiak direnean baizik: «Kostaldetik hiruzpalau kilometrora baitago guk ikusten ez dugun uharte moduko bat, urpetik hamar metroan. Metro bateko olatu batek, lehertu ahal izateko, gutxienez metro bateko sakonera topatu behar du. Beraz, lehertu ahal izateko, 10 metroko altuera behar dute olatuek». Gaineratu du, itsas behera denean errazago lehertzen direla uhinak, marea biziak direnean, ilargi bete edo hutsa denean, hots. Eta, itsasbehera beti goizez izaten denez, Belharran beti surf egiten dute goizez, arratsaldez marea hilak baitira, mugimendu gutikoak, alegia.

Belharra usaiaz kanpoko uhina da, halaber, lehertzen baita piku forman, surflariei ihesbide bakarra ez baizik bi utziz eta olatua oraindik gehiago altxatuz.

Larrañaga sekula ez da menturatu Belharrari aitzi egiten, bere mugak ontsa ezagutzen baititu: «Olatu handiak hartzen ditut, baina ez oso handiak, eta hauek oso-oso-oso handiak dira, eta oso prestatuta egon behar da. Ekipoa behar da, baina hori ez da aitzakia, zeren eta nahi duenak lortzen baitu. Bost segundoz ikusten ditugu, baina urte guztia pasatzen dute prestatzen; entrenamendu oso gogorra dute».

Konparazione, apneez mintzatu da Larrañaga. Edonork itzuli ezinezko ondorioak paira litzake lau minututik gora oxigenorik gabe egonez gero; surflari entrenatuek, berriz, «hain daude entrenatuak, non hori gainditzen baitute». Gehitu du materiala ere biziki hobetu dela.

Oroitarazi du olatu handi bat pasatu eta gero gainazalean gelditzen den aparrarengatik ur motoak trabatuak gelditzen zirela bertan; orain, ordea, hobetu da, eta, gainera, urpetik gora eramaten laguntzen duten txaleko puzgarriak badituzte. Haiei esker, trenpu-txartze kasuetan, gorpua ur azalean flotatzen utziko dute. Hala ere, irri guti: «Gauzak gaizki ateraz gero, hiltzea daukazu, erraz, gainera. Olatu hori da oso ongi prestatua den jendearentzat».

Larrañagak halaxe adierazi du Belharraren goi maila: «Everestera joatea bezala da: edonork ezin du hartu, prestaketa berezia behar da. Uda honetan, kasualitatez, Martin Zabaleta topatu nuen, Everestera igo zen lehen euskalduna, justu Axi Muniainen surf eskolaren aurrean, lehen euskalduna Nazareteko olatua eta Belharra bezalako olatu bereziak hartzen».

Surflarien artean dauden filosofia ezberdinez mintzatu da azkenik Larrañaga, ur motoak ahal bezain gutien erabiltzearen aldeko pentsamendua itzuli baita: «Baina surflariok kontraesan asko dauzkagu; ondo egituratutako diskurtsorik ez daukagu. Eta kolonizatzaileak gara: El Salvadorren gerran zeuden bitartean, surfean ari ziren. Hawaiin ere zuriz pentsatzen dute surflariek».

AXI MUNIAIN
Surflaria
«Haiek ez zutenez ikusten, nik neure ametsaren alde borrokatu nahi nuen»

Axi Muniain izan da lehena Belharra arraunean surfeatu duena «txalekoen iraultza» oraindik ez zelarik ailegatu, 2013an. Bere burua desafiatu nahi izateak akuilatu zuen egitera ordura arte adituek eta arituek ezinezkotzat jotzen zutena. Izan ere, Belharra arraunean hartzea egingaitza zeukaten, ur hautsia itsaso barruan egonik, eta zituen «kalibre, abiadura eta gainontzeko faktoreengatik»: «Inguruko jendeen hitza zalantzan jarri gabe, neure erronka pertsonala landu nuen, isil-isilik, ez besteei kontra egiteagatik, baizik eta guztiz kontrakoa: haiek ez zutenez ikusten, nik neure ametsaren alde borrokatu nahi nuen». Halaxe, Europan egin zen taularik handiena prestatu zuen, eta berunezko plaka batzuk gehitu zizkion orekatzen laguntzeko, marka historikoa hausteko: «Oso polita izan zen. Peio Lizarazu ere buru-belarri zebilen padelarekin-eta, eta beste lagun batzuei ere gomita egin genien. Lortu genuen, eta, gero, Peio etorri zen erreskatatzera; ez dut sekula ahaztuko hain luzean gorde zuen botila hura eskaini izana, neuk estreinatzeko, lorpena ez baitzen makala izan. Beraz, mito hura erori zen. Arraunean ni izan nintzen lehena Belharra jaten».

Orduan, Aitor Frantzesena entrenatzailearekin hiruzpalau oreneko trebaketak egiten zituen. Orotara lau bat aldiz surfeatu du Belharra, eta nazioarteko hainbat olatu erraldoiren ehiztari ezaguna da jada. Azpimarratu du garai hartan holako olatuak ez zirela «ehizatzen», ustea baitzen ez zela posible, baina bere buruari bi desafio eman zizkion. Alde batetik, Belharra surfeatzea, eta, hori behin kausiturik, Hawaiiko Jawsekoa, hura ere ez baitzen oraindik sekula hartua izan arraunean: «Oso berezia izan zen: iraultza bat egon zen. Ordura arte uretako motorrarekin hartzen zirenak bat-batean arraunean hartzea posible zela amesten hasi ginen. Harrezkeroztik, hainbat surflari gerturatzen hasi ziren Belharrara eta Jawsera. Kuriosoa izaten da, zeren askotan gertatu izan da norberak sinesten ez duena beste bat saiatzen delarik, frenatu nahi izatea. Baina guztiz kontrakoa da, norberak posible ikusten badu, sinisten badu, nahikoa izaten da saiakera egitea. Lehen ezinezkotzat zena posible egiten da. Eta ahots horiek isilik geratzen direnean, iraultza da».

Zorionak eman nahi izan dizkie duela hogei urte Belharran parte hartu zuten beterano guziei: «Hainbeste miresten dudan jendeari eskerrak ere bai urteurren bazkarira gomitatzeagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.