Mitxelo Olaizola. Realeko tresnazain ohia

«Gaizki pasatzen dut Anoetan: nahiago dut partidak etxean ikusi»

Hiru hilabete dira Olaizola erretiratu dela, 37 urtez Realean lan egin ostean: Zubietako zelaien mantentzeaz arduratu zen lehen urteetan; arropaz, botez eta baloiez, gero. Ez da inori belarriak goxatu zalea, eta, hala ere, asko estimatzen dute.

GORKA RUBIO / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Lehentxeago erretiratu balitz, ez liokeela batere inportako dio Mitxelo Olaizolak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1955). Realean egin du lan 37 urtean: mantentze lanetan lehenengo, eta tresnazain gero. Etzi izango dira hiru hilabete erretiroa hartu zuela, eta, zer moduz galdetzen dioten aldiro, gauza bera esaten du: «Zoragarri». Asko estimatzen dute Realean, eta nabaritzen da: ikusi bezain pronto hurbiltzen zaizkio jokalariak zein lankide izandakoak.

Lotsatia omen zara, baina erretiroa hartu, eta ezin izan zaraoharkabean pasatu.

Jendeak ez du sinesten lotsatia naizenik! Konfiantza hartzean, lasai hitz egiten dut, baina elkarrizketak emateko edo argazkiak egiteko eskatzen didatenetan, lotsatu egiten naiz, langile bat baino ez bainaiz: Realeko langilea izatea, horixe desberdintasuna.

Orain, Anoetara nahi duzulako joango zara, eta ez lanera.

Hala da, baina, ez pentsa, gaizki pasatzen dut. Nahiago dut partidak etxeko telebistan ikusi: urduri jartzen banaiz, sukaldera alde egin dezaket, eta emazteak esaten dit nola doazen. Oso urduri jartzen naiz.

Argiketari ikasketak dituzu: nolatan iritsi zinen Realera?

Ikasketak amaitutakoan, lanean hasi nintzen, argiketari: oraingoaren antzera, garai hartan ere krisi handi bat egon zen, 1974-1975 inguruan. Ez zegoen lanik: hiru hilabete hemen, beste sei han... Langabezian nengoela, nire anaia Juliok deitu zidan esanez joateko Zubietara, hiru hilabeterako lana emango zidatela zelaiak txukuntzen eta; Realean jokatzen zuen orduan Juliok. Hiru hilabete pasatu zirenean, jarraitzeko eskatu zidaten, eta gaur arte.

Eta zu, gustura?

Gustura: etxean beti izan dugu Reala oso gertuko, anaiak Sansen jokatzen baitzuen hasieran, Realean gero. Pasioz bizi izan ditugu beti futbola eta Reala etxean.

Hasierako urte haietan, ez zinen tresnazaina: mantentze lanetan ibiltzen zinen, beraz.

Zelaiak konpontzen genituen eskuare batekin, belarra moztu, ateak pintatu... Atotxan garbiketa lanak ere egiten genituen: zabor ugari ateratzen genuen harmailetatik! Urte haietan denetik egiten genuen.

Lehen laneguneko pasadizoren bat ba omen duzu...

Gaztetan, garai hartan ohikoa zen bezala, ile luzea eta bizarra neuzkan. Lehenengo egunean, orgatila bat hareaz bete, eta zelaiaren mutur batetik bestera joan behar genuen harea botatzen. Egun osoa eman genuen horretan, eta bero beldurgarria egin zuen. Egun hartan, lanetik irten, eta zuzenean joan nintzen ile apaindegira: ordutik ez dut ez bizarrik ez ile luzerik izan.

1981ean hasi zinen han lanean: ez zen hasteko garai txarra, ezta?

Ez zen garai txarra, ez, baina taldea egoera zailagoetan egonda ere, beti egon da giro ona Zubietan. Egia da hura berezia izan zela, bi urtez jarraian irabazi baitzuen liga Realak: oso polita izan zen. Bigarren mailara jaistea izan zen garairik okerrena niretzat: futbol zelaiak hilerri baten ondoan egoten ziren batzuetan, beste batzuetan 200 zale baino ez harmailetan... Asko eragin zidan horrek.

Zein zen zure lanegun arrunt bat tresnazain gisara?

Goizeko zazpietan esnatu, etxe azpiko tabernan kafe bat hartu, eta Zubietara joaten nintzen. Lehenengo, entrenatzaile eta jokalari guztien arropa guztia sartzen nuen saski batean, eta banan-banan jarri bakoitzaren armairuan. Hori amaituta, boten gelara joaten nintzen, botei gantza ematera. Armairu batean uzten nizkien botak, eta handik hartzen zituzten jokalariek: soinean zeramatzaten oinetakoak han utzi, eta botak hartzen zituzten; entrenamendua bukatzean, berdin. Entrenatzera joaten zirenean, toallak jartzen nizkien aldagelan. Amaieran, botak garbitu, eta, azkenak martxa egindakoan, aldagela jaso eta garbitu egiten nuen.

Hainbeste arroparekin, ez zinen nahasten?

Hasieran, ez zeukaten inolako markarik, eta bakoitzaren neurriaren arabera jartzen nituen: denen neurriak nekizkien. Botak, orain ez bezala, antzekoak izaten ziren denak, eta markaren bat egiten nien barruan; orain, jokalarien izenekin egiten dituzte.

Eta, lehen ez bezala, jokalariek bota pare bat baino gehiago izango dute...

Bai, bai... Batzuengatik balitz, zortzi pare ere izango lituzkete, baina ez daukagu hainbesterentzako lekurik. Jokalari bakoitzeko hiru pare eramaten nituen partidatara. Hainbeste urteren ostean, banekien jokalari bakoitzak zein pare erabiliko zuen: Xabi Prietori, adibidez, entrenamenduetan erabiltzen zuen parearekin jokatzea gustatzen zitzaion. Beste pareak badaezpadakoak izaten ziren: puskatzen baziren, aldatu ahal izateko.

Asteburuetan beti egiten zenuen lan, Realak kanpoan jokatu behar bazuen ere?

Beti. Jokalariek bezala egiten nuen lan: partida etxean izan zein kanpoan izan. Tarteka egunen bat ematen ziguten jai, baina gainerakoan... Astegunetan aparteko partidak izanez gero, egon gintezkeen hiru aste jaiegunik gabe.

Batik bat aldagelan egin duzu lan azken urteetan: harreman estua duzu jokalariekin.

Egunero egoten ginen elkarrekin. Erretzen nuenean, jokalari erretzaile asko zeuden, eta askotan etortzen ziren nirekin erretzera edo kafe bat hartzera. Kanpotik etortzen zirenei laguntzen saiatzen nintzen; etxekoekin, berdin. Beti saiatzen nintzen aholkuak ematen: batzuek gustuko izango zuten esaten niena, eta beste batzuek, ez.

Ez omen zara inoren belarriak goxatu zalea.

Ez, ez. Batek galdetzen zidan: «Maite, atzo zer moduz jokatu nuen?». Gustatuz gero, halaxe esaten nion, baina kontrakoa bazen, esaten nion: «Zelaian egon zinen, baina ez zenuen jokatu».

Bazenuen maniarik lanean?

Asko. Etxean partida bat irabaziz gero, egun horretako arropa bera janzten nuen etxeko hurrengo partidan. Irabazten genuen aldiro, leku beretik ateratzen nintzen. Galduz gero, hamaika buelta ematen nituen herrian. Jokalarien arropa beti jartzen nuen ordena berean, baina, galduz gero, aldatu egiten nuen. Anoetan modu berean jartzen nituen beti botak: bizpahiru partida galtzen bagenituen jarraian, lekuz aldatzen nituen. Jokalariek bazituzten maniak, baina nik haiek baino dezente gehiago neuzkan.

Zein nabarmenduko zenuke?

[Sebastian] Abreuk egin zidan zirrara handiena. Aldare moduko bat zeukan Zubietan: irudiak, arrosarioak, seme-alaben argazki bat... Ikaragarria zen. Harrituta gelditzen nintzen harekin. Beste batzuek ere sartzen zituzten Ama Birjinen irudiak zango babesetan, musu eman ostean. Abreuk, berriz, erritu bat zeukan partidetarako: guztiz biluzten zen, eta bainujantzi bat janzten zuen; arrosario bat sartzen zuen bainujantziaren barruan, oin zola bakoitzean hamahiru gurutze marrazten zituen klarion batekin... Beroketak egin ostean aparte jartzen zen...

Zein jokalarirekin izan duzu harremanik estuena?

Agustin Aranzabal, Javier de Pedro, Nihat [Kahveci], [Darko] Kovacevic, [Valeri] Karpin, Alberto Lopez, Xabi Prieto... Pila batekin. Ezingo nuke bat nabarmendu: denekin moldatu naiz ondo. Erretiratzean, bideo bat egin zidaten; izugarri hunkitu nintzen.

Gol bat sartu bezain pronto zugana korrika joan zen Nihat behin, musu ematera: oso ezagun egin zen argazki hori.

Etorri berritan, oraindik ez zekien gaztelaniaz, eta Tayfunekin [Korkut] ibiltzen zen: elkarren artean hitz egiten ari zirela, galdetu nien ea zerbait behar ote zuten, eta kamisetak i-aren gainean puntua falta zuela esaten zuen Nihatek. Errotuladore bat hartu, eta karratu bat pintatu nion: besarkatu,eta esan zidan bere hemengo aita nintzela, gol bakoitza niri eskainiko zidala, eta halaxe egin zuen. Horrela egin nintzen ezagun.

Hainbeste urtean, Zubieta nola aldatu den ezagutu duzu.

Ni hasi nintzenean, Z1 deitzen diogun zelaia baino ez zegoen: gero, Landaberri ikastola ondoko biak egin zituzten... Asko aldatu da Zubieta, erabat. Hasieran, hara iristeko errepideak ere hala moduz zeuden. Reala bera ere asko aldatu da: lehen, sei langile baino ez zeuden bulegoetan, eta bazkide txartelak eskuz egiten zituzten; orain, berriz, jende askok egiten du lan bulegoetan, eta txartelak ordenagailuz egiten dituzte.

Zurea semeak hartuko du zure lana: aholkurik eman diozu?

Aurrez lan egin du han; beraz, badaki zer egin behar den. Txikitan,askotan etortzen zen beste zereginik ez bazuen; beti laguntzen zidan, eta beti aritzen zen jokalariekin jolasten. Botak jartzen laguntzeko esaten nionean, hark ezetz, usain txarra zeukatela [barreak]. Orain, tarteka deitzen dit galderaren bat egiteko, baina ez diot aparteko aholkurik eman.

Atotxa ezagutu zenuen, Anoeta pistaduna, eta, orain, pistarik gabekoa. Zer iruditzen estadio berria?

Oso ederra dago: aldaketa itzela da. Gustatuko litzaidake, dena den, jendeak animatzea partida guztietan Bartzelona, Madril edo Athletic etortzen denean bezala. Beti esaten dut taldea bolada txarrak pasatzen ari denean animatu egin behar dela, eta ez txistu egin. Beti esaten zuten Anoeta hotza zela pistengatik: ikusiko dugu zer pasatzen den orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.