Irune Lasa.
GEURE KONTU

Elurretako sugegorri habia

2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Sugegorri habia bat». Ez da lehen aldia izango, ezta azkena ere, Davosko foroaren inguruan halako epitetoak entzuten direla. Baina, oraingoan, izendatzeak badu bere interesa, eta, horregatik, foroko parte hartzaileez eta eztabaidagaiez aritu baino lehenago, hemen azken txutxu-mutxuak: elurra eginagatik ere, aurten gauzak bero daude Suitzako eski estazioan. Han bildu ohi dira urtarrilero munduko eliteak —zernahi direla elite delako horiek—, eta, pandemia osteko bilkura urardotuaren ostean foroak bere distira berreskuratu nahi izan duen honetan, WEF World Economic Forumen antolatzaileak elkar aizto jaurtiketan dabiltzala dirudi.

Sugegorri habia, jainko ustekoa...WEFko langile talde baten hitzak dira, foroaren presidenteari eta zuzendaritzari egotziak, modu anonimoan, Politico aldizkarian, The Guardian egunkarian, edota Linkedin sarean. Oinordetza prozesuak arantzatsuak izan daitezke, eta Davosko Foroko presidentetzarekin ere berdin gertatzen ari da. Foroaren sortzaileak, Klaus Schwabek, 52 urte egin ditu presidentetzan, jada 85 urte ditu, eta oraindik ez du urratsik egin jakinarazteko, ezta zantzurik eman ere, nork hartuko duen lekukoa bera ez dagoenean.

Foroko langile batzuek eta langile ohi zenbaitek osatutako taldearen ustez, laburbilduz, Schwabek «jainko konplexua» du; uste du bera dela onena, eta nahiago du leialtasuna aitortuko dioten hutsaren hurrengoez inguratu, hurrengo belaunaldia izango liratekeen goi kargudun berriei sarrera eman baino. Langileek uste dute, gainera, «sugegorri habia bat» den zuzendaritza horretako kideek elkar itotzeari ekingo diotela «zaharra joaten denean».

Bada, horietako batzuek Schwab abizena izango dute. Klausen seme Olivier zuzendaritzako kidea da; Nicole alaba WEFen administrazio kontseiluko kidea da; eta Hilde emaztea, foroari lotutako fundazio bateko presidentea. Haietako bat izan daiteke Schwaben oinordekoa 360 milioi inguru fakturatzen dituen foro horren presidentetzan.

Bitartean, aurtengo foroak pandemia aurrekoen jitea izan du. Aberatsago izan nahi duten aberatsak eta negozioburuak tratuetan jardun dira; funtsean, foroa horretarako izaten baita, negozioetarako. Horregatik, parte hartzaileen herenak inguru ugazabak eta buruzagi politikoak izaten dira. Davosen egotea, gainera, domina moduko bat da enpresaburuentzat eta konpainientzat. Horregatik ordaintzen dute dirutza foroko bazkide izateagatik.

Negozioetan baina batez ere adierazpenetan, Ukrainako gerrak izan du tarterik. Errazagoa da orain; izan ere, Suitzako eski estazioko bilkurak aurten ez du hartu errusiar oligarkarik —AEBen eta beste herrialdeen zigorrak tarteko—. Faltako dira, beraz, Oleg Deripaskaren festak, kabiarrez eta vodkaz, dantzari kosakoz eta modeloz hornituak.

Davosen gonbidatuek, aldiz, ez dute ordaintzen. Elite globalari hitz egiteko aukeraren truke, distira ematen diote foroari. WEFek horrela aurkeztu nahi izaten baitu bere burua, jende inportanteak kontu inportanteez eztabaidatzeko gune inportante gisa. Goiburu horrekin, oihartzun eta distira bila joaten dira hainbat gonbidatu. Zenbaitek aukera baliatu izan dute barrutik foroa bera kritikatzeko. Hala egin zuen, adibidez, Greta Thunbergek 2019an, «gure etxea sutan dago» ezaguna esan zuenean.

Ezkerrarentzat elite zapaltzaileen bilgune, eskuin muturrarentzat gizateria kontrolatu nahi duen erakunde, Davosko foroko kideen adierazpen batzuetan, berriz, ematen du uste dutela mundua salbatzen ari direla. Elite handiusteen ajeak.

Handiusteez ari garela, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohi mediatikoak honela erantzun die foroari egindako kritikei: «Davos Davos da. Aukera bat da jendearentzat, etorri eta elkarlanean aritzeko inportantziazko gaietan. Batzuk munduko hainbat tokitatik datozen aberatsak dira, baina beste batzuk, berriz, hemen eztabaidatzen diren gaiak inportanteak direlako etortzen dira». Kanpainan ari ote da? Hain zuzen, Blair da sugegorrien habian Schwaben lekukoa hartzeko aipatu direnetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.