Noiz sortua: 2020-01-05 00:30:00

GEURE KONTU

Ghosnen pasaporte diplomatikoa

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Carlos Ghosn Nissan-Renaulteko buruzagi ohia.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Carlos Ghosn Nissan-Renaulteko buruzagi ohia. ETIENNE LAURENT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko urtarrilak 5

Nola da posible herrialde batean Poliziak gehien zaindutako pertsonak, bere etxeko sarrera-irteerak kameraz josia dituenak, mugimendu oro kontrolatuak eta pasaporteak konfiskatuta, ihes egitea ustez inork ezer jakin gabe? Bada, horixe egin du Carlos Ghosn Nissan-Renaulteko presidente ohiak. Datorren astean emango ditu xehetasunak, eta, denak kontatzen baditu, orduan jakingo da berea John Dillingerren eta gisakoen ihesaldien zerrendan sartzen den ala, horien aldean, berak bestelako babes eta erraztasunak izan dituen.

Hasierako kontakizunak ezeztatu ostean — zabaldu zuten etxera gonbidatutako musika talde baten bozgorailuetan ezkutatuta egin zuela ihes—, gobernu baten edo batzuen zuzeneko edo zeharkako babesa izan duen hipotesiak hartu du indarra. Horrela egin zuen Beiruterako bidaia, aurretik Istanbulen geldialdia eginda. Legezko hiru pasaporte ditu Ghosnek —Brasilgo, Libanoko eta Frantziako herritartasuna du—, baina konfiskatuta; horietako bat —Frantziakoa— bikoiztua izan zezakeen susmoa zabaldu dute, esanez «ohikoa» izaten dela hori enpresari handien kasuan; Ekialde Hurbilera bidaiatzeko, pasaporte diplomatiko moduko bat dutela.

Ghosn azken 20-30 urteetako enpresaburu handienetako bat izan da Frantzian eta munduan: autogintzaren ikur nagusia. Michelinen hasi zen, Renault berpiztu zuen —beharginen bizkar; oihartzun handia izan zuten langileei ezarritako lan baldintzengatik izandako suizidioek—, eta duela hogei urte gauzatutako Renault-Nissan aliantzaren egilea izan zen. Presidentea izan zen, harik eta 2018ko azaroan atxilotu zuten arte, finantza eskandalu batekin lotuta.

Japoniako auto konpainiaren salaketa bat dago oinarrian: Nissanek leporatu dio enpresaren dirua bere negozio partikularren galerak estaltzeko erabiltzea. Eta hango gobernuak ere bat egin du akusazioarekin: 39 milioi euro ezkutatzea egozten dio. Ihes egin aurretik, Ghosnek zortzi hilabete eman zituen etxean preso, hamabi milioi euroko bermea jarri ondoren —diru hori galdu du orain—. Fiskaltzak kartzelan preso nahi zuen, auziaren «berezitasunengatik», eta %100ean ziurtasunik ez zuelako leporatzen zizkiotenak frogatzeko. Aurten ziren hura epaitzekoak. Ihesaldia «umiliazio» bat izan da Japoniako agintarientzat: estatu auzi bat.

Interpolek jaso du hura bilatzeko eskaera. Baina Libanok ez du estradizio itunik Japoniarekin, eta enpresariak harreman sare handia du han. Frantziak, era berean, baztertu egin du aukera hori, hara joaten bada: «Frantziak ez ditu bere herritarrak estraditatzen», esan du Pannier-Runacher estatu idazkariak. Atzerri Harremanetarako Ministerioko kideek jakinarazi dute, halaber, harreman zuzena izan dutela Ghosnekin, atxilotuta egon den denboran, «Frantziako goi agintariek hala aginduta».

Renaulten eta Nissanen aliantza dela eta, Frantziak eta Japoniak mesfidantzaz begiratu izan diote elkarri. Anaia txikiak —Renaultek— salbatu zuen anaia handia, hura hilzorian zenean. Eta bien artean iritsi dira munduko lehen autogintza enpresa izatera. Japoniarrak kexu agertu dira, baina, frantziarren botereagatik: Frantziako Gobernua da Renaulten akziodun nagusia (%15), eta Renault, halaber, Nissanekoa (%43). Frantziarrek beto eskubidea dute Nissanen erabakiguneetan; alderantziz, ez.

Ghosnen arabera, bere aurkako konplot bat egin dute japoniarrek, bi enpresak gehiago batzeko asmoa zuelako. Uda honetan Renaulten eta Fiat Chryslerren arteko fusioa oztopatu zuen Nissanek —azkenean, konpainia italiar-estatubatuarrak Peugeot frantsesarekin bat egin zuen, abenduan—. Ondorioz, Renaultek blokeatu egin zuen aliantzako zuzendaritzaren egituraketa berria, japoniarren mesederako zena. Fusioan urratsak egiteko prest agertu dira Nissanekoak, baldin eta Renaultek nabarmen txikituko balu bere parte hartzea. Macronen gobernuak ez du aukera hori baztertzen, baina horretarako garairik aproposena bilatu nahi du.

Mugimendu horien erdian gertatu da Ghosnen ihesaldia.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Murgak egoera hauskorraz ohartarazi du, 15 kutsatu gehiagoren berri emanda

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna