Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Denbora aurrezteko

2016ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Adinean aurrera egin ahala, gero eta denbora gutxiago dut alferrik galtzeko. Esan dezagun gero eta arraroagoa naizela. Gero eta gauza gutxiago jasaten ditudala. Beraz, oharra zuentzat denontzat. Denbora aurreztu asmoz. Machu Pichu leku bati deitzeko baino pertsonei deitzeko erabiltzen duzuenoi edota errumaniarrak datozela otsoak datozela esango bazenute legez esaten duzuenoi. Ez ezazue bilatu niregan konplizitaterik. Zuengandik urrun nago. Nahikoa urrun, oso urrun. Urrun esplotatuak izan, pobreak izan eta zuen esplotatzaileen kontra egin beharrean, ahulagoen kontra, zuek legez esplotatuak, zuen legez pobreak direnen aurka egiten duzuenongandik. Eta are gehiago, kasu askotan zeuok etorkinak edo etorkinen seme-alabak zaretenean. Ez etorri nigana mesedez euren kontra berba egitera, bertokorik bertokoenak bazarete ere. Klasismoa ezin dut jasan. Ez benetakoa, ez ustezkoa. Bai, klasismoa esan dut, eta ez arrazismoa, biak ala biak eskutik datozelako gehienetan gurera.

Koloreen gainetik, jatorriaren gainetik gertukoago sentitzen baititut nik esplotatuak. Konplizeago baititut ihesi datozenak edota bizitza hobearen bila datozenak, beste mundu bat eraiki nahi dutenak, euren eskubideen alde borrokan ari direnak, gutxiengoa direnak.

Garai txarrak Europarentzat entzun dut batean eta bestean, babeslekurik gabeko errefuxiatuen eta azken atentatuen harira. Europarentzat garai txarrak diozue? Berriro ere, zelan ez «gu» edo «zuek» zentroa. Berriro ere klaseak agerian. Ez al da Europa garai txarrak mundura etenik barik zabaltzen dabilen hori? Eta Europaz ari garenean zertaz ari gara? Nork osatzen du Europa ditxoso hori? Denbora aurrezteko asmoz, ez etorri nigana konplizitate bila. Auzolotsak ito nau itsasoan. Babesgabeak babestu ezinaren inpotentziak, ezinegonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.