Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Gazte

2014ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Noizbait idatzi nuen eta argitaratu berri dudan eleberri horren harira apur bat zurlurtuta etorri izan zaizkit zenbait eta batzuetan miretsita, esan ditudanak esan ditudalako hain gaztea izanda; kontrazaleko erretratua ikustean dagoeneko pentsatu zutela eta gero hezur-haragi ezagutu nautenean konfirmatu zaiela harridura. Ez da kasu isolatua, eta konparaziorik egiteko inolako asmorik gabe, esango nuke gogoan dudala IƱigo Astizen Baita hondakinak ere poema-bildumari egindako komentarioetan ere sarritan aipatu zutela adinaren eta heldutasunaren arteko talka.

Jendeak horrelakoak esan izan dizkidanean, bada, neure burua goxatu nahi izan dut topikotxo edo erdi-egia batzuekin, esaterako, iazko udara arte familiako gazteena nintzenez (hala zentzu hertsiko etxean, guraso eta ahizparekin, nola amona-lehengusuak ere batzen dituen zuhaitz mardulagoan), ohituta nagoela zaharragoekin ibiltzera eta helduagoen egoerak berdeagotan bizitzera. Edo zaharragoekin euren maila berean jarduteko presioak goiztiartu ninduela, bestela. Edo neskok ere arinago ikasten ditugula zenbait lezio (zer erremedio).

Hobeto pentsatuta iruditzen zait, baina, prismaren bestaldetik begiratu beharko geniokeela kontuari, ni nire adinerako oso heldua izan beharrean ez ote gabiltzan denok hogeitakadunen belaunaldia eternalki umetzen. Ama-izebek, kasurako, (hamar urterekin Cuencatik hona etorrita frankismo gorrian, hamalaurekin dendan lanean hasita, non stop atzo arte), bazekizkiten beren mende-laurdenean nik neurean usaindu ere egiten ez ditudan hainbat gauza, unibertsitate tituluen edo eleberri argitaratuen bitartez egiazta ez baditzakete ere.

Eta egunotan inebitableki bururatzen zaidanez, zer esanik ez, herenegun, Gazan, genozidioari mirariz itzuri eginda, lagunak hondartzan akabatuta ikusi zituzten haurrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.