Kattalin Miner.
LARREPETIT

Gogoratu apirilaren 9a

2016ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Gogoratu, gogoratu Gasteiz eta apirilaren 9a. Ez soilik Azaroaren 25a edo Martxoaren 8a. Egun hori izango baita hamaikagarren erakustaldia, hamabi erantzunez josia. Indarkeria, indarkeria, indarkeria; matxista, arrazista, fobiez josia. Batzuek badute odolaren egarria eta guk azkenik lehertu dugu eztarria, ahoa bete digu aldarriak, ez berriak, gure aurretik oihukatu zutelako amak, amamak eta tiak. Indarkeria, hori delako bizi dugun egia, eguneroko ogia, emakume izate hutsagatik egokitutako guztia.

Izan txikia, handia, langilea, prekarioa edo nagia; azala izanik iluna, beltza edo horia; indarkeria, eguneroko basakeria, eta prest dabiltza bazter guztiak, hamabi erantzunak emateko puztu bularra eta aurrera titiak.

Izan zaitezkeelako harakina, irakaslea, mekanikoa edo bertsolaria; garbitzailea, ikaslea, aktorea edo politikaria. Gogoratu hori izateko egin beharreko jauzia, zure soldataren dekadentzia.

Gogoratu gauez bakarrik etxera egindako lehen aldia, soinu txikia eta beldur izpia. Gogoratu gogoz kontra nola heldu zizuten gerria, gero ipurdia. Gogoratu behin espazio publikoa hartzeagatik deitu zizutela lodia, puta, lesbiana edo itsusia.

Gogoratu eraildako emakumeon zerrenda luzeegiaz, betea Josunez, Aminaz edo Luciaz. Gutaz eta niaz. Emakume gorpuez konta daitekeen biolentziaren neurriaz. Indarkeria musu truk erabil dezakeela badakien zerriaz. Maitasunabiolentziaz betetzen dutenen faltsukeriaz.

Baina gogoratu baita ere udako gauetan bete genuen kalearen aldarriaz, erantzuteko prest gaudela dioen eztarriaz, gure bizitzak maite ditugulako planto egiten dugula entzutera behartu dugun belarriaz.

Gogoratu apirilaren 9a, eta gogoratu Gasteiz hiria, bazterretatik sortzen dugulako borroka eta Euskal Herria. Feministok prest gaudelako, akabo indarkeria, gu gara herria, bakerik ez dagoen artean emango diogulako gau ilunari argia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.